Zirrikituetatik begira

Jara

Juanra Madariaga - Domingo, 8 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

gaztetasunean laborrizko gertaerak sentitu genituen, urrunetik jakinarazi zizkiguten. Beste herrialde batzuetan diktadura suntsitzaileek eragindako atxilotuak eta desagertuak izaten ziren arginabar bakoitzarekin batera. Garai haietan, hango musika ere heldu zitzaigun, Latinoamerikako aire ederrak, eta Victor Jararen aldarrikapenezko kanta biziak entzuten eta kantatzen hasi ginen. Inti Illimani, Quilapayun, Mercedes Sosa, eta geroago, Silvio eta Pablo Milasenen abesti iraultzaileak barneratu zitzaizkigun.

Nola bizi den gure denbora historian zehar! Nola kateatzen diren behinolako errealitateak eta presente ezinezkoak. Ezustekoek biziarazten gaituzte lantzean behin.

Aste honetan irakurri dut -urte zahar haietara salto eginda-, Victor Jara kantariaren hilketa bortitzarengatik, Txileko garai ilunetako militar hiltzaileei hainbat urtetako kartzela zigorra ezarri zaiela. Jara gure gitarraren lehen noten bultzatzailea izan zen, eta horregatik, izu-ikaraz entzun genituen 1973ko irailean Txileko estadiora eraman eta erail zutenekoa.

Guztiok irudikatu ahal izan genituen gitarraren sokak maisuki astintzen zituen hatzak, otso beldurgarrien eskopetek guztiz kraskaturik, instrumentu hura berriro jo ez zezan. Odoletan pasatu zituen azken orduak, tirokaturik izan baino lehen. Augusto Pinochet piztiaren diktaduraren hasiera izan zen hura. Tortura eta sarraskiaren garai makur eta penagarria.

Beste askotan agitu den bezala, gorpuak desagerrarazi nahi izan zituzten (hiru mila pertsona baino gehiago hil zituzten), baina herriak bere egin zituen, benetako historiarekin egin zuen bezala.

Eta zer diren gauzak! Ekainean, Pablo Milanes kantariak kontzertua eman zuen, Bilbon. Burura etorri zitzaidan bere kanta bat: Yo pisare las calles nuevamente. Kanta horretan, ahots ederrez, hauxe dio: retornarán los libros, las canciones que quemaron las manos asesinas, renacerá mi pueblo de su ruina y pagarán su culpa los traidores. Traidore haiek egindako ekintza deitoragarriak ordaintzen hasi dira. Etorriko ahal dira besteak!