Gaztelugatxeko kostaldea garbituko dute auzokideek larunbatean

Hondakien garbiketa larunbatean egingo da, uztailaren 14an

Gaztelugatxeko kostaldea hondakinez garbitzeko auzolana egingo da datorren larunbatean, uztailaren 14an eta Bermeoko Udalak eta Lurgaia Fundazioak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren laguntzarekin antolatu da. Jardueraren helburua, itsasoak kalara eramandako hondakin guztiak kentzea da;botilak, kutxak, plastikoak, sareak eta sokak bezalako zarama.  

EUROPA PRESS - Lunes, 9 de Julio de 2018 - Actualizado a las 19:13h.

BILBO. Irune Ormaetxea, Bermeoko Udaleko Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, ekimen honekin "kostaldean hain berezia den Bermeoko Gaztelugatxeren ingurumen eta bere paisaiaren balioa zaintzen eta mantentzen lagundu nahi dugu".

Ormaetxeak gogoratu duenez, 2016ko azaroan antzeko jardunaldi bat antolatu zen, eta arrakasta handia izan zuen, 20tik gora lagunek parte hartu baitzuten. Adin guztietako boluntarioak izan ziren, gizon zein emakume. Larunbateko jardunaldiarekin dagoeneko bost auzolan antolatu dira azken sei urteetan Gaztelugatxeko kala garbitzeko.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, pertsona guztiek parte har dezakete jardueran, baina kontuan izan behar da kala harritsua dela. Geralekua Gaztelugatxe ondoan dagoen Eneperi jatetxeko aparkalekua izango da, goizeko 09.30ean. Horrela, itsasbehera aprobetxatuko da garbiketa lanak egiteko.

Hasteko, antolatzaileek itsasoaren kutsadurari buruz hitz egingo dute eta garbiketa lanak zelan egin azalduko dute. Ondoren, lekura oinez jaitsi, eskularruak eta poltsak banatu, eta boluntarioak taldetan antolatuko dira.

Kalaren zailtasuna kontuan izanda, zakuetan jasotako hondakinak haitzetatik errepideraino ateratzeko giza kate bat osatuko da, eta, ondoren, hondakinen edukiontzi batera eramango dira. Hemendik, Bermeoko Udalak hondakin geldoen zabortegi batera eramango ditu. Garbiketa lanetan parte hartzen duten pertsona guztiei ura eta jana banatuko zaie. Jardunaldia 14.00etan amaituko da.

Auzolanaren antolatzaileek gomendatu dute arropa eta oinetako erosoak (labaintzen ez dutenak eta busti daitezkeenak), ordezko arropa eta edateko likidoa eramatea. Materiala eta garraioa antolatzeko eta derrigorrezko asegurua egiteko, ezinbestekoa da parte hartu nahi dutenek izena ematea ostegun arratsaldeko 18.30 baino lehen, info@lurgaia.org posta elektronikora idatzita edo 606 141 831 telefonora whatsapp bat bidalita. Izena ematerakoan izen-abizenak, adina eta harremanetarako telefono bat eman behar dira.