Zirrikituetatik begira

Ché-ren argazki bat

Josu. Torre - Martes, 10 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

IRRATIZ ikusteko abagunea izan dut juxtu lerro hauek idazteko pantailaren aurrean eseri naizenean eta pertsonaia horri diodan mirespenak, nire gaurko lana hareri eskaintzera eraman nau. Gaurko gazte futbol zaleentzat agian ezaguna den Bielsa entrena-tzailea jaio zen herri berean, Argentinako Rosarion, 1928.ean jaio eta gero mediku ikasi arren, 1955.ean, oraintsu Cubako boterea laga duten Castrotarrak -Fidel eta Raul- ezagutu zituen Mexicon eta hauekin batera lehenik Santa Clara (1958) eta gero La Habana (1959) hartu zuten erreboluzioaren armekin, Fulgencio Batistaren urteetako diktadura akabatuz. Fidelekin konpondu ezak beste bide batzuetara eraman Zuen Ché, Pragan hilabete batzuk egin eta gero Africako herrialde batzuetan iraultza martxan ipini ondoren, Boliviako gerrillara abiatu zen, haiek eta hango Ejerzituak atxilotu eta 1967.ean exekutatu zuen arte. Etzen hori, dena den, irratiz entzun dudana. Ezen Mario Terán sargentuak Ché akatu zuen La Higuera herri txikiaz baizik, euskal argazkilari andre batek kontatu duelako egun 100 bizilagun duen herrixkan errepotaia bat egiten egon dela. Ché erail zuten egunetan hango enfermera izanez gerrilleroaren gorpua garbitzea, aratzea tokatu zitzaion neskarekin, hain zuzen. Oraindik bizi den Susana Osinaga emakumeak etzekien inondik inora -komeni ere ez- norena zen esku tartean zeukan hilotza, gerora bai hilotza eta bai erizaina famatuak egin ziren arren. Bai Andeen magaleko Villagrande herritik 60 km-ra, astean behin edo kamioi txiki batez soilik komunikatuta dagoen La Higuera herrixka ere. Egun, gorpu hura egon zen eskolan museo txiki bat dago eta hainbat iraultzaile eta nostalgikoren bisita jasotzen du, bertara iristea erraza ez omen den arren. Argazkiarekin hasi naiz eta argazkira noa. Ez nioen erabat influencer bilakatu zen lau puntako izarra duen txapelez, ile tximu bezain bizar handiekin agertzen den erretratu famatu hura. Nonbait eskola hartan hilotz zela atera zioten beste batez jardun naiz eta, batez ere, Susana andreak elkar hizketan zehar poltsikoan gordeta izan ondoren euskal argazkilariari “plegatutako folio kutre baten” erakutsi zionaz.