Zirrikituetatik begira

Ni turista

Rikardo Arregi - Miércoles, 11 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

EKAINAREN azken egunetako batean lanera joateko praka motzak janztea erabaki nuen, nire ohituren kontra;bero egingo zuen, oporren usaina gertuago sentitu nahi nuen edo nire dohainak erakutsi (batek daki). Lankide erlaxatuek (oporren gertutasunak izaera zailenak ere baretzen ditu, eta biguntzen) oso txantxa leun eta jasangarriak egin zizkidaten goizean zehar, jakina. Etxera itzultzean ezagun batekin topo egin nuen kalean. “Hara, hori da turista itxura hori”, entzun nuen apur bat harriturik, apur bat haserre. Ezaguna ere praka motzetan zebilenez, nire piura aztertzeari ekin nion: zapatilla beltzak, galtzerdi motzak, praka motz bakeroak eta alkandora koadroduna (koloretsuegia ziur aski euskal gustu onerako, koadroduna bazen ere). Alkandorarena zen errua, zalan-tzarik ez;ezagunak, praka motzak eta udako jantziak eraman arren (zerbait aldarrikatzen zuen elastikoa), euskal diskrezioaren muga estuetan kokatzen baitzuen haren burua: turistak besteak dira beti.

Izan ere, gaur egun turista hitza irainetik oso gertu dago, irain hutsa ez denean. Ez dakit aurtengo udan nola joango den turismoaren gaineko eztabaida: suposatzen dut hamaika aldaera eta ñabardura ikusiko dugula gobernuetako erakundeetatik datorren gurtze lelotik turismoaren kontrako prediku astunera. Betiko moduan, jende askori ahantziko zaio guztiok garela turistak (turista izan nahi ez dutenak turistenak dira gehienetan), eta pribilegiatu batzuk ez dugula zertan atera behar gure herri eta hirietatik turista izateko. Beraz, gay mugimenduan ikasitakoa erabiltzea erabaki dut, hau da, iraina neure egin, irainaren jabe egin: bai, turista bat naiz nire hirian, Gasteizen, eta zer. Beraz, presak eta ordutegiak alde batera utzi eta, etxera baino lehen (helbidea galdetu beharko dut), indi-gaztainondo handi baten itzalpean eseri naiz aldaparen bukaeran ikusten diren leiho gotikoak hobeto begiratzeko. Argazki pare bat atera dut. Irribarre egin diet aurretik igaro direnei, turistok atsegin agertu nahi baitugu. Bihar praka motzak berriz jantziko ditudala pentsatu dut, baita kapela ere, turista itxura gehiago izateko.