MUSIKA

Plazen gozamena helburu

1992an hasi ziren elkarrekin jotzen Asier Gozategi eta Iñigo Goikoetxea eta ordutik batera mantendu dira. JUANTXO EGAÑA

Umorea eta aldarrikapenak ardatz ditu Gozategik ‘G puntua’ diskoan. Besteak beste, plazaeta kalejiraren garrantzia aldarrikatu dute.

KATTALIN BARBER - Miércoles, 11 de Julio de 2018 - Actualizado a las 10:53h.

ZORTZI urte dira Gozategik kantu berriekin osatutako disko bat argitaratzen zuenetik. Hogei urteko ibilbidearen errepasoa egin zuen taldeak All Stars 1992-2012 diskoan eta joan den urtean, berriz, 25. urteurrena ospatu zuten lagunez inguratuta, zuzeneko disko eta dokumental bat tarteko. Sasoi onean dago taldea, eta azkenaldian buru-belarri ibili dira Iñigo Goikoetxea eta Asier Gozategi G puntua prestatzen.

1992. urtean hasi ziren elkarrekin jotzen Asier Gozategi eta Iñigo Goikoetxea, eta ez dira banandu ordutik. “Bageneramatzan lau bat urte melodia berriekin, baina bizitzako gorabeherak direla eta ezin izan gara horretara sakon jarri”, adierazi du Goikoetxeak. Disko bat ateratzeak denbora eskatzen du eta joan den negua probestu dute, 25 urteak handitasunez ospatu ondoren, grabaketa lanak egiteko. G puntua da emaitza: “G puntua, g hitzaz inguratuta gaudelako: gozamena, Gozategi, Goikoetxea... Asierrek dioen moduan, batzuetan gilipollas xamarrak ere bagara”, dio barrez taldeko kideak. Baxua, txarangoa eta ukelelea jotzeaz gain, abestu ere egiten du Goikoetxeak, aurreko lanetan bezala.

Lan berria “denentzako moduko” kantuek osatzen dute, “gozamen eta alaitasunez betetako abestiak dira, bizi-poza ematen duten horietakoak”. Hamahiru abestiz osatutako diskoa da G Puntua eta, lehenengotik azkenera arte, “oso Gozategi” da diskoa. Taldearen identitatea mantentzen da diskoan eta “bizitza ulertzeko modu baikorra” zabaldu nahi dute. Gozategi trikitia da;dantza, gozamena, baina baita kritika ere. “Letra, melodia eta kantuen tratamendua oso gureak dira;oso gure sentitzen dugu diskoa”, aitortu du Goikoetxeak. Izan ere, 26 urte ez dira alferrik pasatzen eta urte hauetan guztietan bizitakoa eta sentitutakoa bildu dute azken lanean. Umorea alde batera utzi gabe, Gozategiren zigilua baita, aldarrikapen soziala eta kritika nabari dira haien hitzetan, haien mundu ikuspegia delako, baita ere.

UNE BAKOITZERAKO ABESTIAK Euskarari buruz hitz egiten dute Chiquitaco Can Tac eta Arinaiztarrak abestietan;Jon Sarasua bertsolariak idatzi ditu Afrika Ungumama, Ungumama eta militarismoari buruzko Riki Raka abestiak. Hitzik gabeko bi kantu ere sartu dituzte diskoan, Aita fandangoa eta Haizea arin-arina. Julen Alonso trikitilariaren laguntza izan dute azken bi pieza horietan eta baita Triki-triki eta Kitaniebes abestietan ere. Hamahiru abesti, eta momentu bakoitzak abesti bat izan dezakeela uste du Goikoetxeak. Adibidez, momentu lasai batean Afrika Ungunama bezalako kantua gomendatzen du, eta momentu alaietarako, berriz, Gure txikitako kantak. Kanta berriekin “arnasa” hartu dute taldekideek, sortzerakoan “emozio puntua” eragiten dutelako, eta hasierako gogo eta ilusio bera dute oraindik ere taldekideek. Nabarmena da hori haien abestietan, batik bat, Zingel kantu itsaskor eta dantzagarrian. Erritmo eta tempoetan Gozategiren “betiko doinu eta generoak” landu dituzte: kunbia, texmex-a, arinarina, fandangoa, balsa eta taldearen oinarria biltzen duen kalejira.

Alaitasunarekin batera, sakontasuna sumatzen da abestietan, “gozamenak ez duelako aldarrikapen eza adierazten”. Aldarrikapena eta gozamena bide beretik doaz, beraz. Bide horretan, plazak eta kalejirak dira taldearentzat erreferenteak. Horrela azaldu du Goikoetxeak: “Gaur egun gizartean erabiltzen diren diskurtsoen egituretan askotan errua norbaiti bota behar diogu, kulpa norbaitena izan behar da;guk pentsatzen dugu herri honek aurrera egiteko egitura horiek aldatu behar dituela eta modu bakarra, edo garrantzitsuena, behintzat, kulturaren bidez da. Kulturak hartu behar du hitz egiteko modu bat, sentitzeko modu bat”, uste du taldeko baxujotzaile eta abeslariak.

Euskal kultura plaza eta kalejiretan oinarritzen da, Goikoetxearen esanetan: “Adin, kolore eta pentsatzeko modu desberdinetako pertsonak eskutik hartuta kalejira batean elkartzen dira plazetan;benetako kultura eta herria hor sortzen dira”. Horregatik, Gozategi taldeak gizartean harremanak jorratzeko modu desberdinen alde egiten du, eta plazaren esentzia berreskuratzea da haien asmoa, besteak beste, musikaren bidez. Hala ere, aldaketa nabaritu duela dio, azken urteetan plazen “berpiztea” ematen ari delako Euskal Herrian. “Ikaragarria da ikustea gazteak eta helduak, hemengoak eta hangoak... kate batean eskutik hartuta eta dantzan, gozatzen”.

MUSIKA, HARREMANAREN ARDATZ Gozategiren aurpegi ezagunak Asier eta Iñigo diren arren, hamaika lagun dituzte bidelagun eta horietako batzuen laguntzarekin kaleratu dute diskoa. Diskoaren alaitasun hori taldetasunean ere igartzen da: Ainhoa Gozategi (panderoa), David Gorospe (bateria eta perkusioak), Asier Sarasola (tronboia, tronpeta, moldaketak), Imanol Goikoetxea (gitarra elektrikoa eta akustikoa) eta Iñigo Perona (tronpeta, adarra eta irrintziak) izan dituzte bidaide. Xabi Zabala eta Angel Unzu arduratu dira haize instrumentuen moldaketaz, Asier Ercilla izan da soinu teknikaria eta Aitor Alzibar, berriz, ekoizpenaz arduratu da. Asier Gozategik egin ditu azken diskoaren melodia eta letra gehienak eta Goikoetxearekin batera egin ditu konponketak. “Oso barrutik ateratako zerbait da eta oso gure sentitzen dugu”. Bizitasuna nabaritzen da diskoan, eta kontent gelditu dira emaitzarekin.

ASKO ESATEKO 26 urte daramatzate plazan Gozategik eta Goikoetxeak. Gustura ari dira eta horregatik jarraitzen dute. Gozategik asko duelako esateko. Ibilbide luzea egina badute ere, hasierako ilusioarekin eta plazaz plaza euren identitatea markatzen jarraitzen dutelako. “Hasieratik dagoen zerbaitek bizirik jarraitzen du, partaideok musika sentitu eta bizitzeko moduak”, dio Goikoetxeak. Preseski, haien arteko harremanaren ardatz nagusia musika bera eta partaideek musikarekin duten harremana dela dio. “Guretzat aukera bat da gustatzen zaiguna egitea eta hori mantentzea;guk musikarekin gozatzen badugu, gainerako gauzak geroago iritsiko dira”.

Jakitun da Goikoetxea ez dela batere erraza 26 urtez talde bat mantentzea, bakoitzak bere bizitza duelako, baina orain arte lortu dute: “Errespetatu ditugu bakoitzaren bizi erritmoak eta gai izan gara oholtzara igotzeko hainbat urtetan”. Uda hau ez da salbuespena izango eta herriz herri arituko dira disko berria eta betiko abestiak kantatzen. “Plazak gustatzen zaizkigu, bertan ikusten dugulako jendeak nola gozatzen duen egiten duzunarekin;horrek zentzua ematen dio gure musikari”.

Secciones