Zirrikituetatik begira

Jesuitak eta Setien

Josu. Torre - Jueves, 12 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

AGIRIKA ahozkatzen dugu gurean hiztegiari dagokion errespetuaz agiraka izan arren. Hori, errietan, egingo didalako Xabi nere lagun abadeak Eliza kontuetan jardutearren;hortaz ere ez dakidalako. Hark ondo dakien arren umetatik eskolan erligio bakarrean hezi nindutela, zazpi urtedun lehen Ostia bedeinkatua eman zidaten moduan eta 10ekin Gurpide gotzainak, parroko eta alkatearen lekukotasunez Berrizpen edo konfirmazioa ere bai. Gorderik dut oraindik jardun horien argazkia, zuetariko gehienak izango duzuten bezala. Ez nuen harrezkero harreman asko izan Elizarekin, etxekoen hiletaren baten izan ezik edo, gaur dagokidan gaiaz, Deustuko Unbertsitatera Gizarte Zientziak ikasten saiatu nintzenerarte. Saiatu diot, hirugarren ikasturtea egiteko matrikularako dirurik ez nuelako izan. Garai hartan irabazten nuen alokairuaren hilabete batzuk behar zirelako horretarako. Bertan behera utzi behar aita Arzallus, aita Belda eta beste irakasle ospetsu batzuen lezioak. Diru ezagaitik, alegia. Elkarrekin mundua eraldatu izenburuarekin, mundu guztiko 190 goi mailako unibertsitateko 300 erretore eta erretore-orde bildu dira egunotan Deustuan eta fin demonio jardun ei dira, gaur bukatzen den kongresu horretan, aita Sosa gorena eta itxuraz izen handia duten Versaldi eta Ravasi kardinalen aginduetara. Ondo idatzi dut goi mailako eskoletako ordezkariak direla baina tamalezko erailketa bati esker jakin genuen Ellakuria bezala milaka jesuita dabiltzala munduan zehar behartsuenen laguntzan edo babesa ematen. Hurbileko inork esango dit nondik nora natorren kontu hauekin baina erraza da justifikatzea, Loiolako Inazio euskaldun petoa izan zelako munduan dirauen konpainiarik indartsuenetarikoaren sortzailea. Ez da gauerdiko ahuntzaren eztula. Izanen du Guggenheim-ek Bilbo atlasean jartzeko meriturik baina bai egunotan Deustuan bildu diren jesuita famatuek ere. Elizarekin jardun naizenez, bihoa nire omenaldi eta mirespena 90 urte zituela Donostian zendu den Jose Maria Setien, Euskal Herriak izan duen intelektualik handi eta konprometituenari. Goian bego!