Zirrikituetatik begira

Gomina

Karmele Jaio - Viernes, 13 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

ESPAINIAKO Defentsa Ministerioak lanera itzultzeko baimena eman omen dio La Manadako militarrari. Momentuz inolako lantokirik eskainiko ez badiote ere, hor dago erabakia: baimena, txartela berdea. Baimena dauka, ofizialki. Berri hau irakurri bitartean, noizbehinka begiradak ihes egin dit albistearekin batera datorren argazkira. Bertan Alfonso Jesus Cabezuelo delakoa agertzen da epaitegitik irteten, ispilu efektua duten eguzkitako betaurrekoak jantzita, urrezkoa ematen duen kate lodi bat lepoan eta ilea gominarekin atzeruntz orraztuta. Abeslari bat ematen du edo futbolaria, edo Mujeres y Hombres y viceversa telebista saioko protagonistaren bat, kazetariak atzean segika dituela. Burua tente doa, arrakastaren aparrean irrist egiten ibiliko balitz bezala.

Gomina ilean jartzean eskuetan geratzen zaizun sentsazio likatsua gogorarazi dit argazkiak, hain likatsua eta nazkagarria iruditu zait gizon militar horrek ordezka-tzen duen guztia. Zein zaila den ordezkatzen duen guzti hori gainetik kentzen: atzamar artean geratutako gomina bezala, edo buruan siku geratzen diren gomina arrato zuri horiek bezala, hor dago gure gizartearen zirrikituetatik zabalduta.

Gomina horrek dena zipristintzen du. Gure esku, oin eta begiradan inkatzen da eta zaila da gainetik kentzen. Militarrak eta bere lagunek neska bortxatu zuten eszenatoki berean, San Ferminetan, Zupatu eta ixo leloa duten txapak aurkitu ditzakezula irakurri dut beste albiste batean. Zupatu eta ixo, Tonta izateko ez zara horren polita, Nire zakilak zaporea dauka, Zure ipurdia nirea izango da… eta abar eta abar likatsu bat.

Merkatuan baldin badago, eskaria dagoenaren seinale. Ez dakit zenbatekoa, baina. San Ferminetan salgai jartzen badute, egun horietan batzuek dituzten helburuak bide horretatik doazelaren seinale.

Berriro begiratu diot militarrari. Zer gordeko da haren buruko gominaren azpian, ez dakit, baina zerbait likatsua irudikatzen dut. Gizarte honek egunen batean gainetik kenduko duen, hala espero dut, galipot orban handi hori.