deialdi berria zabalik

Gauzatu programak 28 milioi euro banatuko ditu industria ETEen artean

Itzulgarriak diren kredituak emango ditu inbertsio pribatu berriak sustatzeko asmoz

Gauzatu industriarentzako laguntzen programaren deialdi berria zabalik da. Programak 28 milioi euro banatuko ditu euskal industria ETEen artean, inbertsio pribatu berriak sustatzeko itzulgarriak diren kredituak emanez, eta horrela, berrikuntza teknologikoa eta ez teknologikoa eta enplegu berria sorraraziz.

EP - Sábado, 14 de Julio de 2018 - Actualizado a las 19:19h.

BILBO. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapena eta Azpiegiturak Sailak jakinarazi duenez, Gauzatu programa aitzindaria izan zen 2000. urtean. baina, gaur egun, Europako herrialde eta eskualdeetara zabalduta dago;2018an ikuspegi eguneratua du, ETEen premia teknologikoekin bat datorrena, euskal industriak azken ia 18 urteotan izan duen bilakaera aintzat hartuta.

Horrela, azken 17 urteotan, Eusko Jaurlaritzak 490 milioi euro baino gehiago bideratu ditu itzulgarriak diren kredituetara. Zenbateko horrek nagusiki pribatua den 2.090 milioi euroko inbertsioa eta 13.861 enplegu berri sortzea ekarri ditu.

Gauzatu programaren helburu nagusiak dira industria balio gehien duten baina garatzeko zailtasunak dituzten enpresen diskriminazio positiboa;kalitatezko inbertsio pribatuak eta balio erantsia sustatzea, itzulgarriak diren kredituen bidez;enplegu berria sortzea eta dagoenari eustea;berrikuntza teknologikoa eta ez teknologikoa sustatzea eta, horretarako, teknologiak azken urteotan izan duen bilakaera kontuan hartzea;eta enpresei laguntza emateko finantzaketa tresnen eta ereduen eskaintza sendotzea eta, aldi berean, administrazioak baliabide berreskuragarriak eta birziklagarriak eduki ahal izatea.

NOBEDADEAK

Aurtengo Gauzatu programak iazko deialdian jasotako balorazio irizpideari eutsi. Irizpide horrek 4.0 industriari lotuta egin ziren inbertsioak kontuan hartzen zituen. Helburua da 2018ko deialdira aurkezten diren proiektuen oinarriak bereziki teknologia eta berrikuntza izatea.

"Hori guztia, etorkizuneko hazkuntza sektore tradizionalek balio erantsi gehiagoko produktu eta zerbitzuetara egokitzeko duten gaitasunarekin eta enpresa berritzaileak garatzeko gaitasunarekin lotuta dagoela aintzat hartuta", azaldu dute Eusko Jaurlaritzatik.

Gainera, berrikuntzak handiaren eta txikiaren arteko aukera berdintasuna ahalbidetzen du, bai eta zona garatuagoen eta ez hain garatuen artekoa. Horrela, parametro horiek sendotu eta ahalegina oinarri teknologikotzat edo berritzailetzat hartzen diren proiektuetara bideratu nahi da, eta, betiere, programa batzuek laguntzak eduki edo filosofia desberdineko proiektuetara bideratzen dituztela kontuan hartuta.

Laguntza jaso dezaketen proiektuek gutxienez 120.000 euroko inbertsioa izan behar dute, eta, aldi berean, gehienez 24 hileko epean enpleguari eusteko edota hura sortzeko eskakizuna bete behar dute. Eusko Jaurlaritzak enpresa berri horiei ematen dien laguntzaren gehieneko muga inbertsioaren %35 da, eta, gehienez, proiektuko, 1,5 milioi euro.