Zirrikituetatik begira

Oposizioak

Juanjo Olasagarre - Sábado, 14 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

HEZKUNTZAKO bi oposizio aldi aprobatua naiz. Ez dut harrokeriagatik esaten, izan ere, lehengokoak han laurogeita hamar inguruan, sindikatuek geundenon lanpostuak ziurtatzeko lorturiko oposizio “erraztuak” izan ziren. Gerora, beste batzuk gainditu ditut eta ez dut inoiz pentsatu ez Nafarroan ez EAEn azterketak manea zitezkeenik, beharbada, epaimahaietan irakasleak beraiek izaten direlako, eta zer esango dizuet, irakasleok akats ugari izanen ditugu, baina uste dut askok etikaren zentzua barneratua dugula horrelako gauzen aurrean. Beste kontu bat litzateke epaimahai horiek lan baldintzengatik lehengo azterketan sega pasatu izana, gero, ahozko defentsentsetarako, denbora gehiago izan zezaten, izan ere, administrazioak oso epe zorrotzak paratzen ditu prozesu guztia aurrera eraman ahal izateko.

Aurtengo hezkuntzako oposizioetan EAEn lanpostuen %25 betegabe geratuko dira;antzeko gertatuko da Extremaduran eta Madrileko Komunitatean aurkezturiko salaketei kasu eginez gero. Hala bada, zergatik? Hasierako frogan zorrotzegi aritu direlako geroko lankarga arintzearren? Hala balitz, gaizki;hala ere, horrek ez luke ezer ikustekorik, dirudienez, osakidetzako oposizioetan medikuntza espezialitate batzuetan ezarrita dagoen bezerokeria sistemarekin.

Benetan ematen dizkiete buruek haien morroiei azterketen galderak aurreko egunetan? Eta hala bada, gauza jakina da? “Zu ere deituko zaituzte noizbait bulegora” da komentatzen dena?

Darpon jaunak hasierako ukoa baiezko bihurtu eta zorionez hainbat froga errepikaraziko ditu. Bejondeiola! Baina, hala ere, sala-tzaileek diotenaren arabera jokatzeko modu hori urteetan eraman bada aurrera, oso larria litzateke. Ustelkeria ez da bakarrik Gurtel trama eta PPkoena. Instituzioen garbitasuna zalantzan paratzen duen edozein prozesu ere ustelkeria da. Ustelkeria da “zureak” jar-tzea designazio askeko ez diren lanpostuetan, direla Guggemheimeko atezainak, direla irakasle arruntak, direla kardiologoak. Eta Osasun Sailak gertatzen zelako susmorik txikiena ere izan eta ez ikertu izana, ustelkeria litzateke. Dinamarka aipatuko beharko da, berriz ere?