elkartasuna

Senegal, Afrikarako begirada berri baten adibidea Bizkaiko Garapenerako Lankidetzan

Laespada: “Garapenerako Lankidetzarentzat iristen den diruari txispak ateratzen dizkiote”

Teresa Laespada diputatua buru duen ordezkaritza batek foru-finantzaketa duten eta Senegalgo gizartearekin berarekin lankidetzan garatutako zenbait proiektu bisitatu ditu. Garapenerako Lankidetzako giltzarriak emakumea eta berdintasua, osasun-eskubideak, gazteak eta LGTBI+ taldea dira.

DEIA - Martes, 17 de Julio de 2018 - Actualizado a las 10:53h.

BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaritza batek duela gutxi Senegalera egin duen bidaiak gure lurraldeko Garapenerako Lankidetzan Afrikarako begirada berri bat erakusteko balio izan du.

Afrikar herrialdera egindako bisita honetan, Teresa Laespada buru duen ordezkaritzak hainbat proiektu bisitatu ditu, hauen artean, Munduko Medikuen proiektu bat eta Hahatay son risas de Gandiol elkartearen beste bat, foru-finantzaketarekin baina Senegalgo gizarteak berak bultzatutako garapena, lankidetza eta estrategia dituztenak.

Munduko Medikuen proiektuak sexu eta ugalketa-osasunean sostengua eta aipaturiko Pikine barrutiko talde ahuletan (VIH/Hiesa duten pertsonak, prostitutak eta LGTBI+ kolektiboa) izaten diren kalteak gutxitzea du helburu. Bestalde, Ha Ha Tay erabilera anitzeko zentroa da. Bertan Gandiolgo gazteen hezkuntza ez formala bultzatzen da komunitatearen garapenerako eta ahalduntzeko tresna gisa.

Bidaian beste erakunde batzuen proiektuak ere bisitatu dira, esaterako, Nazioarteko Elkartasuna edo Etorkizuna Eraikiz eta baita Senegalgo kapitaleko emakumeen elkarte bat ere.

Afrikar herrialdeetako biztanle kalteberenen bizitza-kalitatea hobetzera zuzendutako esku-hartze guzti hauen giltzarriak emakumea eta berdintasuna, osasun-eskubideak, gazteeak eta LGTBI+ kolektiboa dira.

Laespada diputatuak legegintzaldi honetan Garapenerako Lankidetzaren III. Plan Zuzentzailea (2017-2020) onartu dela gogorarazi du. Plan honek eskubide unibertsalak, emakumeak ahalduntzea, gobernantza demokratikoa eta tokiko garapen ekonomikoa lehenesten ditu, eta gainera garrantzi berezia ematen dio Afrikarekiko lankidetzari.

"Bizkaiko Lankidetza Plana Afrikara begira jarri dugu apur bat;beste kontinente asko hartzen genituen kontuan eta Afrika ahaztuta geneukan Bizkaiko lankidetzan. Zer egin jakiteko hausnarketa politikoa egin genuenean, Lankidetzako Plan horri bira bat ematea eta gutxienez Bizkaian lankidetzara bideratzen den diruaren %20a Afrikara zuzentzea erabaki genuen. Lortu dugu, aurten diru-laguntzak erabakita daude eta %20 baino gehiago Afrikara etorriko da. Beharrezkoa dela uste dut. Afrika eta Espainia oso gertu gaude, lotura handia daukagu eta ezin dugu beste aldera begiratu", azaldu zuen diputatuak Aldundiak finantzatutako Munduko Medikuaken proiektua den Pikineko Osasun Zentrotik.

Laespadaren iritziz agerikoa da honakoa: "itsasontzi berean gaude eta iparraldearen garapena hegoaldearen laguntzaz ematen da", "uneoro" gogoan izan behar den hausnarketa Garapenerako Lankidetzari dagokionez.

Ildo horretan, esan du ezinbestekoa dela "begirada orokor bat ulertzeko" gure lurraldera iristen diren migratzaileez gain badagoela pertsona horien bizitzan aurretiazko beste errealitate bat: "zikinkeriaz jositako kaleak, haurrak hezteko zailtasunak, bizitzak garatzeko proiekturik eza…".

Halaber, larrialdiko giza-ekintzak "oso beharrezkoak direla lehen momentuan" gehitu du, baina "denboran zehar mantendu behar den" Garapenerako Lankidetza baten bitartez eman behar zaiela jarraipena.

"Iparreko herrialdeok Hegoan egin beharrean gauden injekzioan jarri behar da begirada". Zalantzarik gabe, haien aurrerapena sostengatu behar da, bertako jendearen bizilekua izan dadila lortu, beraien bizitzako proiektuak bertan garatu ahal izan ditzaten. Horrek esan nahi du hasi behar dugula pentsatzen nola ekar ditzakegun teknologia edo osasuna, edota mendebaldeko gizarteetako ongizatea eratu duten gainerako oinarrizko elementuak. Benetan uste dut beharrezkoa dela eta baliabide ekonomiko hau ez doala ezerezera;hemen txispak ateratzen dituzte bidalitako dirutik", azpimarratu du.