Zirrikituetatik begira

Biktimei galdera

Josu Torre - Martes, 17 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

ZUTABEA galdera batez amaituko dudanaren susmo nabarmena dut, lehen lerroa hasi aurretik zalan-tzak direlako nagusi nire gogoan. Ia beti legez eta ez naiz damutzen, edozein filosoforen aburuz zalan-tza delako azterketarako zioa eta azterketa zientziaren oinarria. Dudatik jakintzara beraz. Ez zait erraza iruditzen, dena den, aukeratu dudan gaia likits samar honetan ondorio zientifikorik aterako dudanik. Biktimaz jardutean, alde bat baino gehiagotara begiratu beharrak paratzen ditu lehen ezbaiak. Nahitaez, bakoitzak bere lapikora hurbiltzen duelako txingarra, alboko tximiniako laratzetik dindilizka dagoena begiratu gabe. Ekidistantziaren aipamenak sarri egin arren, praktikara etorriz inork gutxik erabiltzen du zorioneko neutraltasuna.

Politikoki zuzen jardutea ere zaila egiten da gai honetan. Mundu abertzaleari keinu bat egin orduko ETAren jarduerako biktimatzak daudenak behatz puntetan tinko zutik jartzen direlako eta, hauen alde imintziorik egin ezkero españolista etiketa esekiko dutelako esparru handi baten. Garai berri honetan ezkutuagotik baina hor diraute sentipen edo iritzi modu horiek.

Gaurkoa, ETAren biktimatzat diren elkarteei zuzentzen dut. Etsai erreferentzi bakarra izan arren, badira dozenerdi bat talde, denak ere, Gobernutik subentzio ederrak jaso ez ezik honen garrantzizko influencer bilakatu direnak. Ez dakit bitxia, arrunta edo kasualitatea den baina etsai erreferentzia bakarra duten bezala ideologian ere ez dute alde nabarmenik, eskumako muturrera begira daudelako gehienak. Hauen jarduera baino larriago iruditzen zaidana, alderdi politiko batzuek -izenik ere badute, PP eta C’s- talde horien aldarriaz bat egitetik harago, hauez egiten duten erabilera. Aipatu elkarte eta alderdien enpeinua, 30 urte baino gehiago dirauen presoen sakabanatzea mantentzea da, eta hortik arestian hitzeman dizuedan galdera: Zein onura edo probetxu ateratzen diote biktimek presoen senide eta lagunei astero edo hilabetero hainbeste mila kilometro eragiteari?