zahartze aktibo eta osasungarria

Gasteizko adinekoentzako zentro soziokulturalek 218 jarduera antolatuko dituzte hurrengo ikasturtean

Izena emateko epea ostegunean hasiko da, uztailaren 19an, eta irailaren 4an bukatzen da

Gasteizko adinekoentzako zentro soziokulturalek 218 ikastaro eta lantegi eskainiko dituzte 2018-2019 ikasturtean. Zentroetako 33.000tik gora bazkideei zuzendutako 3.500 plaza eskeiniko dira guztira. Izena emateko epea ostegunean hasiko da, uztailaren 19an, eta irailaren 4an bukatu egingo da.

EP - Martes, 17 de Julio de 2018 - Actualizado a las 13:37h.

GASTEIZ. Besteak beste, Peio Lopez de Munain, Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotziak aurkeztu du eskaintza. "Datorren ikasturteko programazioak filosofia honi erantzuten dio: zahartze aktibo eta osasungarria lantzea, gizarte harremanak indartzea laguntasuna sustatuta, eta partaidetza aktiboaren bitartez norbera aberastea", azaldu du. 

Horrela, jarduera anitzak antolatu dira, bost multzo handitan banatuta. Norberaren burua zaintzeko jardueren artean, aerobic, gorputz jarrera egokiak, makillajea eta estilismoa edo erorketen prebentzioa izango dira, eta antzezpen jarduerak arte diziplina bat ikastera bideratuta egongo dira (dantza, antzerkia, poesia eta abar).

Halaber, suspertzeko eta harremanak lantzeko jarduerak batez ere 75 urtetik gorakoei zuzenduta egongo dira, gaitasunak erabili ditzaten, eta ikasteko jardueren artean, ikaskuntza prozesua behar duten prestakuntza ikastaro eta lantegiak eskainiko dira (informatika, pintura, zura lantzea, ingelesa, euskara). Gainera, belaunaldien arteko jardueretan adinekoek hartuko dute protagonismoa, eta erreferente bihurtuko dira beste adin batzuetakoentzat.

Lopez de Munainen hitzetan, "gustu guztietarako jarduerak dira, eta hiriko adinekoentzako 15 zentro soziokulturaletako 33.000 bazkideei irekita. 60 urtetik gorakoez ari gara, nahiz eta 75 urtetik gorakoentzat gordetako lantegiak ere badiren", esaterako, belaunaldien arteko hiri baratzeak, psikomotrizitatea, suspertze psikosoziala, gorputz lanketa arina eta gimnasia leuna.

IZEN-EMATEA Ikastaro gehienetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da, eta lekuak esleitzeko zozketara arte itxaron. Izena emateko epea ostegunean hasiko da, uztailaren 19an, eta irailaren 4an bukatu. Bide hauetatik eman daiteke izena aldez aurretik: Internet bidez udalaren web orrian, 010 edo 945 16 11 00 telefonoetara deituz, edo aurrez aurre adinekoentzako 15 zentro soziokulturaletako batean, gizarte etxeetan eta herritarrei laguntzeko bulegoetan.

Irailaren 5ean izango da lekuak esleitzeko zozketa, goizeko 11.00etan. Zozketarik gabeko lantegi eta ikastaroetan izen-ematearen hurrenkerari jarraituko zaio, eta irailaren 3an hasiko da epea.

"Jarduera hauetan parte hartzera animatzen ditugu adinekoak, izena ematera, ziur nago askoz hobeto sentituko direlako. Gauza berriak ikasiko dituzte, gizarte harremanen sareak egingo dute, eta oso aktiboak direla erakutsiko diote gizarteari",adierazi du Lopez de Munainek.