azaroaren 4ra arte

Eloy de la Iglesiaren lan guztiak lehen aldiz ikusgai Donostian

"Eloy de la Iglesia. Desira objektu iluna"erakusketa (EFE)

Bere filmografia osoaren ibilbidea egin daiteke 150 bat argazkiren bidez, film bakoitzaren sinopsiaz lagunduta

Eloy de la Iglesia zinemagile zarauztarraren film guztiak eta telebista nahiz antzerkirako egin zituen kolaborazio guztiak bildu dituzte lehen aldiz Artegunea aretoan, Donostian, "Eloy de la Iglesia. Desira objektu iluna" izenburupean. Erakusketa ostiralean zabalduko da, uztailaren 20an, eta azaroaren 4ra arte ikusgai egongo da, aurkezpenean azaldu dutenez.

EFE - Jueves, 19 de Julio de 2018 - Actualizado a las 13:54h.

DONOSTIA. Eloy German de la Iglesia Zarautzen jaio zen, 1994an. Zinemagile gisa, 1966an hasi zuen ibilbidea, diktadura frankista bete-betean, eta hasieratik eman zuen garai hartako gizartearen ikuspegi ausarta. Zentsuraren aurka borrokatu zen, diktadura desagertu arte. "Zinemaren eta bizitzaren militantea izan zen, amildegira eta haratago iristeraino", adierazi dute.

Bere argumentu ausartetan arazo asko agertzen ziren, hala nola drogak, sexu jazarpenak diktadurapean zegoen herrialde batean, politika ustelkeria, talde paramilitarren ekintzak, gazteen delinkuentzia edota homosexualitatea. Gai horiek guztiak tabu ziren garai hartan, baina De la Iglesiak "dinamitatu zituen".

"Garai ilun eta erreprimitu baten erretratua egin zuen De la Iglesiak, bere militantzia politikotik eta konpromiso sakonetik, baina umorea ahaztu gabe eta publikoaren konplizitatea lortuta", nabarmendu dute.

Bere obra "bakana, probokatzailea eta apurtzailea" da. "Azpiko munduen kronikagilea" izan zen, eta, urteak igaro arren, bere horretan dirauen estetika pertsonala zeukan. Horrela, gaur egun, 2006ko martxoan hil zenetik 12 urte igaro direnean, bere obrak "erreferente eta eredu" jarraitzen du izaten zinemagile gazteentzat.

"Eloy de la Iglesia. Desira objektu iluna" erakusketak zinemagile zarauztarraren film guztiak eta telebista nahiz antzerkirako egindako kolaborazio guztiak biltzen ditu lehenengoz, Artegunea aretoan. Modu kronologikoan kontatuta, erakusketak azken lau hamarkada baino gehiagoren "erradiografia zehatza" egiten du.

150 ARGAZKI

Erakusketan bere filmografia osoaren ibilbidea egin daiteke 150 bat argazkiren bidez, film bakoitzaren sinopsiaz lagunduta. Film horien artean daude, besteak beste, "Fantasía... 3" lehen filma (1966), "La semana del asesino" (1972), "Los placeres ocultos" (1976), "El diputado" (1978), "Navajeros" (1980), "Colegas" (1982), "El pico" (1983), "El pico 2" (1984), "La estanquera de Vallecas" (1986) edota "Los novios búlgaros" bere azken lana (2003).

"Zinema gutxik bezala bizi, maitatu eta egin zuela esan genezake: sentsualki, egiaz eta eromenera iritsi arte. Maitatua eta gorrotatua, haren planteamenduak ez ziren inoiz oharkabean pasatu. Hamarkada bat ahaztuta igaro ondoren, Eloyk harrotasunez zioen zineman jarraitzea zela berarentzat bizitzeko arrazoi bakarra", adierazi du aurkezpenean Pedro Usabiaga erakusketaren komisarioak.

Pedro Usabiaga argazkilari donostiarra da erakusketaren komisarioa. Bere ibilbidea bereziki ezaguna da zinemarako argazkilaritzan, hala prentsako kanpainetan, nola film askotako saio berezietan nahiz zinemarako liburuen argitalpenetan.

Secciones