sakelako telefonoetarako aplikazioa

"Zaindu": Gazteen alkohol kontsumoa saihesteko app berria

(PIXABAY)

Osasun Sailak martxan jarritako app-a, Google Play sareko dendan deskargatu daiteke

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak "Zaindu" sakelako telefonoetarako aplikazioa jarri du martxan, udara begira, gazteen eta nerabeen artean alkohol kontsumoak eragindako nahasmenduen agerraldia saihesteko. Aplikazio berria asteazken honetatik deskarga daiteke Google Play sareko denda, eta informazioa eskaintzen du kontsumoaren ondorioei buruz. Gainera, alkoholaren inguruko mito faltsuak apurtzen laguntzen du, eta aisia aukerak eskaintzen ditu.

EUROPA PRESS - Jueves, 19 de Julio de 2018 - Actualizado a las 12:09h.

BILBO. Osasun Sailak jakinarazi duenez, Zaindu programaren esparruan garatu da aplikazioa, eta profil desberdinetako pertsonei dago zuzendua: nerabeak, gazteak, gurasoak, emakume haurdunak eta hezkuntzako, ostalaritzako eta instituzioetako eragileak.

Aplikazioak ebidentziak eskaintzen ditu alkohol kontsumoaren ondorioei buruz, adingabe batek edo haurdun dagoen emakume batek edatea zergatik den txarra azaltzen duten arrazoiak ematen ditu, eta baztertu egiten ditu alkoholdun edarien kontsumoari buruzko mito faltsuak. Gainera, informazio erabilgarria eskaintzen die gazteei, besteak beste, garraio publikoen ordutegia edo laguntza behar izanez gero jo beharreko baliabideak.

Jon Darpón Osasun sailburuak adierazi duenez, gazteak eta nerabeak sentsibilizatzea da aplikazioaren asmoa, "alkoholak nola jarduten duen, eta zein ondorio eta arrisku dituen ezagutzeak duen garrantziari buruz". "Gazteenen artean zabaldua dagoen ideiari aurka egitea da xedea, pentsatuz arriskurik ez dakarren substantzia baten aurrean daudela, oso eskuragarri duguna eta oso normalizatua gure gizartean", gaineratu du.

Aplikazioa prebentzioaren eta osasuna sustatzearen ikuspegitik planteatu da, eta alkoholik gabeko aisialdiko planak egitera animatzen ditu gazteak eta nerabeak.

EDUKIA BEREIZITA

Edukia bereizita landu da nerabeentzat (18 urtetik beherakoak) eta gazteentzat (18-29 urte), eta, beraz, tresnarako sarbidea bera ere erabiltzailearen adin tartearen arabera egiten da. Gainera, aplikazioa "modu egoki bat da" aisialdiko aukera desberdinak ezagutzeko, alkohol kontsumoaren alternatibak, alegia.

Horrela, EAEko hiru lurraldeetan programatutako jardueren eta ekitaldi kulturalen bilatzaile bat du, baita atzerrirako bidaienak eta ariketa fisikoa praktikatzeko baliabideenak ere, eta jokoen atal bat ere jaso du. Partaidetzari, elkartegintzari eta boluntariotzari buruzko informazio interesgarria eskaintzen du. "Biltzen dituen baliabideen ugaritasunagatik eta aniztasunagatik, erreferentziazko aplikazio bat da Estatuan alkoholaren gaiari dagokionez", esan du.

Tresna berriak Adikzioen VII. Planaren ardatz estrategikoetako bati erantzuten dio. Ardatz estrategiko horren helburua da substantzia adiktiboen kontsumoa eta pertsonen osasunean dituen ondorioak murriztea, mota honetako ekintzen bitartez eta sare sozialen eta teknologia berrien bitartez prebentzio estrategiak azpimarratuz.

Secciones