Global Teaching Excellence Award 2018 galan

Bikaintasuneko munduko sei unibertsitate onenen artean kokatzen da Deustukoa

Deustuko unibertsitatea. (DEIA)

José María Guibert errektoreak jaso du saria Edinburgon

Deustuko Unibertsitateak irakaskuntzaren bikaintasuneko nazioarteko lehenengo sei sarietako bat jaso du, bere hezkuntza ereduaren "izaera sendo eta berritzaileagatik", eta "ikasleen independentzia eta pentsamendu kritikoari egiten dion ekarpenagatik". Saria José María Guibert errektoreak jaso du Edinburgon, Global Teaching Excellence Award 2018 galan.

EUROPA PRESS - Jueves, 19 de Julio de 2018 - Actualizado a las 11:11h.

BILBO. Higher Education Academy / Advance HE eta Times Higher Education erakunde britainiar ospetsuek sustatzen dituzte sariak, eta 2018ko edizioan mundu osoko 41 herrialdetako 300 unibertsitatek baino gehiagok hartu dute parte.

José María Guibert errektorea Elena Auzmendi Ikasketen Antolamenduko errektoreordearekin eta Almudena Izaguirre Irakaskuntzaren Berrikuntzako Unitateko arduradunarekin izan da Edinburgon. "Ilusio berezia eta poza" adierazi ditu eta sariaren aparteko balioa azpimarratu du errektoreak. "Gure ikasleen eta euren familien, gizartearen eta estatu eta Europa mailako rankingetako aitorpenaz gain, orain nazioarteko eta maila globaleko gorengo mailako aitorpena dugu", adierazi du.

Bere hitzetan, irakaskuntza eta ikaskuntza eredu propioari egin zaion aitormena da saria, baita "irakaskuntzaren berrikuntzaren aldeko apustu irmo eta sendoa" ere. "Gure ikasleak bikaintasunean prestatzea da Deusturen izaeraren ezaugarririk nagusiena eta gaur nazioarte mailako saria jaso dugu horregatik. Horixe da, zalantzarik gabe, Deustuk ikasleei, familiei, herrialdeari eta gizarteari egin diezaiekeen ekarpenik onena", azaldu du.

Errektoreak unibertsitate elkarte osoari zabaldu nahi izan dio aintzatespena. "Egunean egunean pertsona bakoitzak egiten duen lan eta ahaleginagatik jaso dugun saria da, baita aspaldiko urteotan Ikasketen Antolamenduko Errektoreordetzatik eta Irakaskuntzaren Berrikuntzako Unitatetik eginkizun hori lideratu duten pertsonek egin dutenagatik, denek egin baitute posible sari hori jaso ahal izatea", esan du.

Guiberten iritziz, munduko unibertsitate onenen artean egoteak berretsi egiten du "uste sendo horri eusteko eta pizgarri da guretzat bide horretan aurrera egiteko". "Berritzea eta sortzaileak izatea da irakaskuntzaren bikaintasunerako bide bakarra. Aurrerantzean, 2018ko uztailaren 18a gorriz markatuko dugun eguna izango da, gure unibertsitatearen historia luzean", ziurtatu du.

Secciones