35.600 plaza

Gasteizko gizarte etxeek 351 jarduera eskainiko dituzte datorren ikasturtean

Haurrei zuzendutako ikastaroen %70 euskaraz izango dira

Gasteizko gizarte etxeek 351 jarduera eskainiko ditu 2018-2019 ikasturtean, eta lehen hiruhilekoan 35.644 plaza izango dira. Ikastaroen %29 euskaraz izango dira, eta haurrei zuzenduriko ikastaroetan, aldiz, %70 euskaraz izango dira.

EP - Jueves, 19 de Julio de 2018 - Actualizado a las 12:34h.

GASTEIZ. Adin guztietako pertsonengana iristeko diseinatu da egitaraua, ordutegi zabala du, bakoitzak ondo datorkiona aurki dezan, jarduerak auzo guztietara helduko dira, eta ohitura osasungarriak sustatzeko xedea dute, herritarren bizitza kalitatea hobetzeko, Isabel Martínez Gasteizko Udaleko Partaidetza eta Gizarte Etxeen zinegotziak jakinarazi duenez.

Martínez eta Estibaliz Canto Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzia izan dira datorren ikasturtean Arabako hiriburuko gizarte etxeek eskainiko duten jardueren programa aurkezteko arduradunak.

Cantok nabarmendu du Gasteizko Udalak ahalegina egiten duela askotariko eskaintza hiri osora heltzeko, "baita nekazaritza eremura ere". Kirol jarduerei dagokienez, 13 ikastaro eta 292 leku gehiago sortu direla azpimarratu du.

Berritasun gisa, "Familiarteko jarduera fisikoak nahasian" izeneko jarduera aurkeztuko du Gasteizko Udalak. "Gurasotasun positiboaren ikuspegitik" planteatu da, familiek elkarrekin kirolean jardun dezaten. Salburuko eta Ibaiondoko gizarte etxeetan eta Arriagako kiroldegian egingo da.

Bestetik, iaz lehenengoz eskainitako jardueretako batzuk sendotu dira, harrera ona izan baitzuten. Zehazki, "Gazteentzako triatloia", "Esgrima historikoa" eta "Ur zirkuituak" dira indartuko diren jarduerak.

Kultur ikastaroen artean daude jarduera artistikorako hastapen ikastaroak, kultur ikastaro teorikoagoak, gela irekiak edota irakurle klubak, besteak beste.

Gainera, kultur eskaintzaz aparte, beste jarduera ugari antolatu dira. Haur eta familientzako jardueren artean daude "Senidegune" programa, jardunbide egokien lantegiak eta emozioei buruzko lantegiak, haur eta gazteentzako espazioak, helduentzako jarduerak, adinekoentzako jarduerak edota 0-11 urteko haurrentzako ludotekak eta ludoklubak.

Halaber, bestelako jardueren artean daude euskara sustatzeko ikastaroak, elikadura eta osasunari buruzko 30 ikastaro, zazpi hiri baratze eta Ingurmen Gaietarako Ikastegiak antolatutako jarduerak, Xtraklubaren jarduerak 12-18 urtekoentzat edota adinekoentzako zentro soziokulturaletako jarduerak. PROGRAMAZIO "ZABALA"

Isabel Martínez-ek azpimarratu duenez, "programazio zabala, askotarikoa eta orekatua da. Aukera emango du aktibo egoteko, egunerokotasunetik ihes egiteko, gauza berriak ikasteko, gure sasoia eta osasuna hobetzeko eta, oso garrantzitsua den zerbait, gure gizarte ingurunea zabaltzeko eta lagun berriak egiteko".

Jarduera gehienetan parte hartzeko aldez aurretik izena eman beharko da, eta lekuak esleitzeko zozketara arte itxaron (irailaren 5ean, 11.00etan). Izena emateko epea ostegun honetan hasi eta irailaren 4ra arte iraungo du. Izen-ematea egiteko bide hauek erabil daitezke: udalaren web orria, 010 telefono zenbakia edo zuzenean udalaren kirol instalazioetan, gizarte etxeetan eta herritarrei laguntzeko bulegoetan.

Euskara eta Berdintasun zerbitzuek eta Ingurumen Gaietarako Ikastegiak antolatutako jardueretan, kirol eta kultur arloetako zenbait eskaintzetan eta gizarte sustapeneko jarduera batzuetan izen-ematearen hurrenkeraren arabera esleituko dira lekuak.