Zirrikituetatik begira

Bilusik

Karmele Jaio - Viernes, 20 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

DUELA egun batzuk Andoni Egañak artikulu batean ohartarazi gintuen: ahaztu zaigu jada duela hiru urte Turkiako hondartza batean itota agertu zen ume siriar haren izena, gure kon-tzientziak astindu zituena. Nola zen? Aylan, bai, kostatu zaigu gogoratzea. Hedabide guztietan agertu zen, sare sozialetan haren irudiaren hamaika moldaketa egin zituzten… Bat egin genuen haren familiaren minarekin, haren etorkizunaren erailketak eragindako haserrearekin, zeharo hunkitu gintuen. Ahoz behera zegoen etzanda, ur ertzean eta gure inguruko edozein umeren antzera zegoen jantzita. Zapatila haiek gogora-tzen ditut, eta praka bakeroak, motzak. Nikia.

Duela egun batzuk Mediterraneoan agertu dira itota beste gorpu batzuk, emakume bat eta ume txiki batena.Open Arms erakundeak salatu du abandonatu egin dituztela Libiako kostako zaindariek. Umea biluzik dago, uretan kulunka, ahoz gora. Eta kontzientziaren astindua gogorra izan arren, ez da Aylan hark eragindakoaren tamainakoa izan, ez du hainbesteko oihartzunik lortu. Zergatik? Ohitzen goazelako agian? Edo ume hori, beltza izateaz gain, ez dagoelako gure umeak bezala jantzita? Gogorra da bai, ikustea, baina ez da gurea. Mina sentitzen dugu, bai, baina ez da gure mina, besteena baizik. Ez da gure mundua itsaso horretan itotzen ari dena.

Askotan egin da esperimentua eta emaitzak berdintsuak izan dira han eta hemen: ez da berdin kalearen erdian zerraldo erortzea pertsona zuria eta ondo jantzitakoa bazara edo eskale itxurako pertsona beltza baldin bazara. Ondo jantzitakoari laster batean eskainiko dio jendeak laguntza, besteari seguru aski ere lagunduko diote, ez dezagun itxaropena galdu, baina beste modu batera. Eskale bati laguntzen zaion bezala. Besteari laguntzen zaion bezala. Ez da gure anaia, neba, lehengusua, txikitako laguna... Ez doa gu bezala jantzita. Biluzik dago.

Denak jaiotzen gara biluzik. Baina batzuk beste batzuk baino biluziago, zalantzarik gabe.