Zirrikituetatik begira

Estrategiaz

Juanjo Olasagarre - Sábado, 21 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

Badira literaturak beste edozein tresnek baino indartsuago izendatzen dituen gauzak. Jordi Grauperaren artikulu batek gogorarazi dit ez artikulu horretan aipatzen dituenak literatura direlako baizik eta Grauperak xalo-xalo dioena erakutsi zidalako Jokin Muñozek bere Joan Zaretenean nobelan. Goazen pausuz pausu. Joan zaretenean nobelan behin baino gehiagotan ageri dira denok milaka aldiz ikusi ditugun ETAko presoen argazkiak urruntzearen sinbolo gisa. Ez dut nobela eskura baina Muñozen narratzaileak erretratu horiek ETA, eta ondorioz Ezker Abertzalea, erakundearen errealitatearen eta praktika eta analisien arteko lotura ezaren ikur modura deskribatzen ditu eta, ondorioz, errealitate fantasmal bilakaturik agerrarazi, izenondo horrek adierazi nahi duen ñabardura guztiekin. Irudia eta narratzailearen gogoetek ikaragarrizko indar iragartzailea dute, nobela 1997 argitaratu baitzen. Bada, esan bezala, Jordi Grauperak El choque emocional El Nacionalen argitaraturiko artikuluak Jokin Muñozek iragarritakoa gogoeta erara xehatzen du Kataluniako autoderteminaziorako bidean presoek izan beharko luketen papera aztertzen dituenean. Hitzez hitz: “Estatuek ederki dakite, denok dakigun moduan, mugimendu politiko bat presoak dituelako protesta mugimendu, errepresioa jasaten duelako protesta mugimendu bilakatzen den unean, politikoa izateari utzi eta folkloriko bilakatzen da. Ezker Aber-tzalearekin eta ETAko presoekin, eta asko esatea da, gertatu zen;nola ez du funtzionatuko baketsua eta morala izateaz harro dagoen mugimendu batekin?”. Morala eta bake-tsua ez izateak presoak presoagoak egin dituelako ñabardura alde batera utzita, estrategia presoengan eta errepresioan, alegia, biktima izatean oinarritzen duen mugimendu bat folkloriko bihurtzen da. Erreparatu izenondoari, folklorikoa, mingarria bezain argia da eta. Zergatik ez genuen izan han 1997 urtean Jokin Muñozen intuizio literarioari metaforaren lausoa kendu eta artikulu batean borroka hura folkloriko bihurtzen ari zitzaigula abisatuko zigun Jordi Graupera bat? Kontuz, Graupera ez da presoei buruz ari. Eta neu ezta ere. Graupera katalanek autodeterminazio bidean dituzten kinkez ari da. Neu, iragandako minak konpontzeko ezintasunez.