zirrikituetakik begira

Garbiketa

Juanra Madariaga - Domingo, 22 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

EGUN hauetako sapak itsasoratu nau ezinbestez. Lanetik atera edota kirol pixka bat egin ostean, itsasoko ur freskoa izaten dut desira eta lasaigarri bakarra. Itsasoko ura, ostera, ez da nik nahiko nukeen bezain garbi eta garden egon. Korronteek eginiko lan apalari esker, beste inoiz garbiago topatu du ozeanoa. Halarik ere, hemendik aurrera askoz txukunago egongo da kostaldea eta bera bustitzen duen itsas zati hori. Joan den astean, hainbat boluntario bildu ziren auzolanean, Gaztelugatxeko kostaldea garbitzeko deialdiari erantzunez.

Berri pozgarria luzatu digute garbiketarako ahituriko energiak eta egindako lanak. Berrogeita hamahiru pertsonek, modu desinteresatuan, ia tona bat zabor (700 kilo) batu zuten azpiko zuloak dituen irlaren eta itsas hegaztiek bizitoki hartu duten harkaitz isolatuaren parajeetan, Akatz eta Gaztelugatxe bitarteko badia zabalean. Harri koskor higatu eta borobilduen artean arakatzen ibili dira garbiketa batailoiak, harik eta txoko horiek lohitzen zituen sastar guztia bildu duten arte.

Horixe da batzuetan dugun modu bakarra geure kostaldeko ekosistemaren biziraupena eta ingurune paradisiakoaren edertasuna bermatzeko eta kontserbatzeko, nork bere eskua erabili. Askotan egin dugu, seguruenik, modu apalagoan, mendiko larreetan plastikozko botilak edota lata koloretsu nazkagarriak bildu eta herrira jaitsi ditugunean. Keinu guztiek balio dute, eta Gaztelugatxerekin egindakoa handia eta ederra izan da.

Egun, plastikoaren kontrako bataila jokatzen ari da herrialde askotan, horrek sortzen duen kalte atzeraezinak naturaren hondamen totala ekar dezakeela jabetu baikara. Entitate askok gizakiaren axolagabetasunaren kontrako kanpainak bideratu dituzte, plastikoen erabilera gutxitzeko edota bereziki itsasoan dagoen plastiko masa globalaren kontra borroka-tzeko. Ez da txantxa, zenbat zetazeo eta bestelako espezie jarri dugun egoera larrian, edota akabatu ditugun plastikoaren gehiegizko intoxikazioagatik, edota erabat asfixiaturik. Geure natura eta osasuna daude jokoan. Hortaz, joka dezagun.