Piano-jotzailea eta konpositorea

Iñaki Salvador: “Jazzaren bidez Laboaren musikari zor zaiona aitortu zaio”

Iñaki Salvador musikari eta konpositorea. (ANDER GARTZIANDIA)

Mikel Laboaren pieza ezagunak jazzera ekarriko ditu piano-jotzaile eta zuzendariak, ‘Mikel Laboaren oroimenez’ emanaldian. Laboaz bestelako Laboa bat eramango dute oholtzara hilaren 26an, 12:30ean, Victoria Eugenia Antzokian, Heineken Jazzaldiaren barruan

Kattalin Barber - Domingo, 22 de Julio de 2018 - Actualizado a las 11:15h.

Laboaren izena eta izana taula gainera eramango ditu Iñaki Salvador (Donostia, 1962) piano-jotzaile eta zuzendariak, jazz doinuekin. Abeslariaren piano-jotzailea izan zen Salvador 25 urtez, eta, Laboaren heriotzaren 10. urteurrena dela baliatuz, omenaldia egingo diote Heineken Jazzaldian hainbat musikarik. Besteak beste, Ainara Ortega abeslaria, Angel Unzu gitarra-jotzailea, Hasier Oleaga bateria-jotzailea eta Javier Mayor de la Iglesia kontrabaxu-jotzailea izango dira datorren ostegunean Victoria Eugenian egingo duten kontzertuan. Salvadorrek beti adierazi izan du hain maisu handiari dion miresmena eta, proiektu honetan, Laboaren errepertorioa dakarkigu, jazzaren bahetik iragazita, haren heriotzaren hamargarren urteurrena beteko den honetan.Nondik sortu da Mikel Laboaren omenezko jazz kontzertua emateko ideia?Heineken Jazzaldiaren gonbidapena izan da. Hain zuzen ere, urte honetan Mikel Laboaren heriotzaren 10. urteurrena bizitzen ari gara, eta Jazzaldiari aukera garrantzitsua iruditu zitzaion Laboaren abestiak eszenatokira eramatea, jazz doinuekin. Inoiz ez dute egin Laboa omentzeko ekitaldirik jaialdian, eta niri eskatu didate taldea zuzentzea;batik bat, Laboarekin 25 urtez jotzen aritu naizelako eta nire esparrua jazza delako. Hortaz, ostegunean ikusiko duguna da Laboaren musika jazz bihurtuta. Modu honetan, Laboa oroitzeko omenaldia izango da. Pertsona oso sentitua da Laboa, pertsona askok faltan daukagun artista, bai berarekin lan egin genuenok, bai eta Mikelen musika entzuten dutenek ere. Omenaldi bat egiteko bultzada izan da elkartu gaituena. Ez da lehen aldia Laboa oroitzen duzula. Zerikusirik du proiektu honek aurrekoekin?Emanaldi hau prestatzeko, aurretik egindako bi lan berritu ditut. Laboaren musikaren inguruan bi obra sortu nituen orain dela urte batzuk. Alde batetik, Laboak utzi gintuenean, Errenteriako Musikaste jaialdiak eskatu zidan kontzertu bat sortzeko Laboaren musika jazzeko hirukotean jotzeko. Hau da, kontrabaxua, pianoa eta bateria. Bestalde, Bilboko Loraldia jaialdiak musikariaren inguruko beste lan bat egiteko eskatu zidan, jazzaren ikuspuntutik hori ere, baina kasu honetan ahotsekin. Horretarako, Ainara Ortega eta Maria Berasarte izan genituen ahotsetan eta Angel Unzu gitarran. Bi proiektu desberdin horiek eszenatokian elkartu ditut orain. Uste dut ideia polita eta zintzoa izan dela. Jaialdiak zerbait presta-tzea eskatu zidanean, argi nuen ez nuela Laboaren inguruko hirugarren pieza bat sortuko;hori baino politagoa iruditzen zitzaidan taula gainean bi proiektuak fusionatzea. Eta horretan ari gara, banda osoa oholtza gainean eta seikotean. Niretzat oso lan polita izaten ari da egokitzea eta musikari hauekin lan egitea. Zurekin batera egonen dira oholtzan Ainara Ortega, Maria Berasarte, Angel Unzu, Hasier Oleaga eta Javier Mayor de la Iglesia. Zer moduzkoa izan da elkarlana?Askotan lan egin dugu elkarrekin eta elkar ezagutzen dugu, oso profesionalak dira, eta haiek guztiek modu batean edo bestean ezagutu zuten pertsonalki Mikel Laboa. Unzu ere izan zen behin oholtzan Laboarekin. Behin baino ez, baina, hain justu ere, hil aurretik eman zuen azken kontzertuan. Laboak Zurriolan egin zuen azken kontzertuan parte hartu zuen, Bob Dylanekin batera. Kontzertu hori bihotzean gelditu zaigu. Hasier Oleaga bateriak, adibidez, grabatu izan du Laboarekin. Modu batean edo bestean, lotura izan dute guztiek. Laboaren musikak bere belaunaldia gainditu du, garai oso baten eredua izateko. Zure ustez, zeintzuk izan dira hori lortzeko gakoak?Bai, Laboaren musika garai oso baten eredua izan da. Nire ustez, berak jorratutako lan ildoak izan dira horretarako gakoak. Hiru lan ildo izan zituen: abesti tradizionalak berreskuratzea, autore garaikideen poemak kantatzea eta abangoardia. Hortaz, tradizioari begiratzea, bere belaunaldiko poeten poemak hartzea eta ikertzea eta sortzea izan dira bere ardatzak. Modu honetan sonoritate modu desberdinak sortzen zituen, hizkun-tza desberdinak arakatu, eta ohikoa zuen begirada urratzailea, muga formalak gainditzeko helburuarekin. Horregatik, uste dut gure bizitzan dagoela oraindik, bai musikalki eta baita pertsonalki ere. Nire ustez oso nabarmena da koherentzia handiz egin zuelako lan eta bere hiru lan ildoak konbinatu zituelako. Esan daiteke Laboaren musikak kolore berezi eta zehatz bat duela, baina bere aniztasunean. Bere ahotsa izan da gakoa, oso berezia delako. Laboak The Beatles taldearen Yesterday abestitik Atahualpa Yupanquiren Piedra y Camino abestiraino kanta-tzen zuen. Bere horretan oso berezia izan da, oso sortzailea, eta horregatik izan da garai baten adibidea. Nolakoa izan da Laboaren abestiak zure eremura eramatea? Ongi funtzionatzen dute jazzak eta Laboak?Niretzat oso esperientzia organikoa izan da, oso naturala. Esfortzu handirik gabe sortu da. Hain zuzen ere, Mikel Laboa jotzen nuenean, batzuetan jazz musikako kolorea ematen nien abestiei, kutsu bat. Oraingoan, jazz musikariekin joko dugu eta ez da izango jazz ñabardura bat, baizik eta bete-betean sartuko gara. Esan beharra dut niretzat Laboaren musika ez dagoela jazzetik oso urrun. Modu sotilean nik nire jazz pertsonalitatea ateratzen nuen Laboarekin, baina gainezka egin gabe. Kasu honetan, gainezka egingo dugu. Hortaz, Laboa nire eremura ekartzea oso polita izan da eta uste dut oso ongi fun-tzionatzen duela. Armonia berriak sortu ditut, erritmo berriak, eta musika irekia da inprobisatzeko. Gainera, Laboari jazza asko gustatzen zitzaion. Flamenko zalea zen, bai eta Bachen musikaren maitalea ere. Jazza gustukoen zuen musika estiloen artean zegoen;hortaz, orain jazzak Mikeli maitasun hori itzultzen dio. Jazzaren bidez Laboaren musikari zor zaiona aitortu zaio.Zein izanen da kontzertuaren ibilbidea?Kanta mitikoak eskainiko ditugu;izan ere, batetik, jendeak, haren kantak entzutera doanean, entzun nahi ditu ezagunenak. Baina, bestetik, izango dira hain laboatar ez direnentzat ezezagunagoak diren beste pieza batzuk ere. Laboaren abesti ezagunenak kantatuko ditugu, mundu guztiak ezagutzen dituenak. Txoriak txori, adibidez, ia ereserki bihurtu da. Izarren hautsa ere izanen dugu eta Kantuz abestia. Baina abesti ezagunez gain, hain ezagunak ez direnek tokia izango dute kontzertuan. Esate baterako, Lizardiren tangoa. Abesti honekin Mikel Laboak dantzatzen zuen, eta aldi bakarra bere ahotsa mikrofonotik desitsasten zuela. Oso abesti fantasiatsua da hau. Antzinako bihotz eta Sorterriko Koplak ere joko ditugu, bai eta Ez nau izutzen negu hurbilak. Izan daiteke ez oso ezagunak izatea, baina oso bereziak dira. Azken honek bolero doinuak izango ditu. Publikoak igarriko ditu Laboaren kantuak edo bidaia sakon bat izango dira? Zure ikuspegi pertsonalak eta bat-batekotasunak zer paper jokatzen dute?Publikoak ezagutuko ditu abestiak, batik bat, ahotsak daudelako eta testuak originalak direlako. Nire helburua ez da izan jatorriko melodia ezkutatzea;hain zuzen, melodiak argi daude, baina esan beharra dut bidaia sakon bat direla eta jatorritik garapen handia dutela. Oso jazzistikoa da, eta gitarra, kontrabaxua, pianoa eta ahotsak entzungo ditugu momentu batzuetan bakarrik. Baga Biga Higa ere joko dugu eta izan daiteke ezkutuena dagoena izatea. Hasiera batean, ez da batere argi gelditzen zer den gertatzen dena, eta gutxika-gutxika abestia loratzen da, hostoak erakusten ditu, koloreak, eta azkenean jakingo da zein abesti den. Bide horretan, inprobisazioa eta nire ikuspegi pertsonala oso garrantzitsuak dira sortzerako orduan, aipaturiko abesti honetan asko, adibidez. Baina momentu guztietan inprobisazioa eta konponketa oso pertsonalak daude. Mikel Laboaren musikan arakatu ostean, zer azpimarratuko zenuke?Mikelen maisutasuna azpimarratuko nuke, aldi berean tradizioarekiko errespetua eta sormena eta estetika berriekin zuen konpromisoa. Uste dut hori dela Mikel Laboaren sormen proposamenaren balioa. Oso pertsona konprometitua zen eta euskara, tradizioa, jatorria... lantzen zituen, etorkizuna alde batera utzi gabe. Are gehiago, etorkizunari begiratzea baldintza zen berarentzat.

Secciones