Zirrikituetatik begira

“Ongi etorri” kanpaina

Columnista Ana Urkiza

Ana Urkiza - Lunes, 23 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

Markesinetan “Ongi etorri” kanpaina ikusi dudanean (“Aqui “ongi etorri” significa “bienvenido” mezua bospasei hizkuntzatan), bi irudi berreskuratu ditut. Bata, gaztetxoak ginenean, gure herri txikira uda pasatzera etortzen ziren Donostiako eta Bilboko lagunen zain egoten ginenekoa. Ongi etorria egiten genien (etxe aurrean zain egoten gintzaizkien);guk seme-alabei eta gure gurasoek gure lagunen gurasoei. Kanpotarrak etortzea herriarentzat ona zela esaten gogoratzen ditut gurasoak. Guretzat, arnasa freskoa suposatzen zuten. Beste mundu batekoak balira lez entzuten genituen haien kontakizunak, urtean zehar Donostian edo Bilbon beraiek bizitakoak. Eta gaztelaniaz egiten genuen, ahal genuen moduan, horrela, balizko beste mundu haietarako sarbidea irabazten ari ginela konbentzituta. Amari, etorkizunerako erdara ikastea garrantzitsua zela esaten genion. Eta guztiz konbentzitzen ez bazen ere, utzi egiten zigun, “bakearen alde” edo, oporretan ere bai eta…

Beste irudia, ostera, atzerrira oporretan joaten hasi ginenekoa izan da. Ez euskaraz, baina gaztelaniaz idatzitako merkataritza testuekin bat egiten genuenean, ziria sartu nahi zigutela sentitzen genuen. “Horiek badakite zer nahi duten” marmarikatzen zuen aitak. Eta berehala ikasi genuen, zerbait nahi duenak, saltzea kasu, eroslearen edo atzerritarraren bihotza irabazi beharra duela. Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak kaleratutako “Ongi etorri” kanpainarekin topo egin dudanean, gogora ekarritako bi irudiak gainditutzat jo ditut. Batetik, euren hizkuntza erabilita, bihotzera helduko gatzaizkien irudipena dut, gure herriarentzako garrantzitsuak izaten jarraitzen dutela eta esku zabalik hartzen ditugula esanez;bestetik, hemengo hizkuntza euskara dela ohartaraziz. Nahi gabe bezala. Kanpainaren mezua irakurri trukean ez daukate ezer ordaindu beharrik, ez daukate deus erosi beharrik. Ez dago iruzurrik. Ongi etorriak direla jaso besterik. Sinplea bezain eraginkorra da kanpaina. Gure txikitako lagun haiek, orain, beraien seme-alabak ekartzen dituzte herri txikietara, gure seme-alabekin euskaraz aritu daitezen. Amona, horrela, konbentzituago, “bakearen alde“ egin beharrik gabe.

Secciones