Zirrikituetatik begira

Helikopteroa

Josu Torre - Martes, 24 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

UNTXILLATX mendian paseoan -horrela zabaldu da berria- zebiltzela bi mendizale galdu direla eta, handik ateratzeko, Ertzaintzak helikopteroa erabiltzea hainbat kritikarako bide edo aitxaki bilakatu da. Askoren ustez, ibiltari horiek zeuden tokira, mendi autoz hurbildu eta gero oinez ordu erdi inguruan iristeko modua dago. Beti ere erreskate hau mendian adituak egiten dutelarik;bai er-tzain artean eta haietatik landa egon daudelako. Inork galdetu orduko, paseante bi horiek ez zuten inolako lesio edo gaitzik, galduta zeuden, beste barik.

Urkiolara bidean autoz joatean ez dakit inoiz isildu naizen nirekin zihoazenei, hain harro eta hazkor, ezkerretera dagoen harrigorri eta punta askodun mendia Untxillatx deitzen dela. Ordurako esan diezue ezkerretako horma hori Mugarra dela edo paseotxo bat eginez zein erraza den, Gerra Zibilaren garaietan garrantzia izan zuen Saibigainera joatea. Untzillatx horri bizkarra bilatu ezkero, Pol-pol aldera, Alluitz ganetik edo aldamenetik mendikatea osatzen duen Anboto, Mari jainkosaren bizitokira edota, behin hara ezkero, nolako paseo gozo, erraza eta ikusgarria, lehenik soil eta gero begetazioaren itzalean Orisolera ostera bat egitea. Edo, zeresanik ez, Besaide mitikora, ezagutzen ez duenik balego, haren historiari glosa labur bat eginez.

Kritika moduko batetik hasi eta munduan atseginen ditudan, ta ehun bat aldiz zapalduko ditudan, Durangaldeko mendietatik osteratxoa egitera eraman zaituztet. Gustora ekingo nioke baina, arestian aipatu dudan, zirrikitu honetara ekarri nauen arrazoira noa. Irakurri ditudan iruzkin guztietan gogor jo dute tramankulu hori halako txikikeria baterako erabiltzearen kontra, ematen duenez soluzio errazagoa nabarmena izaki. Beste kasu bat etxe aldamenean ezagutu nuen, emakume eri baten berri eman baserri batetik 112ra eta 10 minututan bertan zegoen Osakidetzako helikopteroa, ordurako andrea anbulantzia medikalizatu baten barruan arreta hartzen egon zen arren. Komunikazioa hain erraza den garaiotan, erakustaldi eta harrokeri hutsa deritzat.

Secciones