ikerketa eta transferentzia hobetzeko

UPV/EHUk eta TECNALIAk lankidetza zabaldu dute

Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak eta Iñaki San Sebastián TECNALIAko CEOak. (Mikel Mtz de Trespuentes)

Horrela, lankidetza tresna berriak sustatuko dira, besteak beste, Baterako Laborategien Ikasgela Teknologikoak edo EUSKAMPUS JRU, nazioarteko programetan alde biek erakunde bakar gisa jardun ahal izateko egitura

Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta TECNALIA ikerketako eta garapen teknologikoko zentroak lankidetzarako esparru hitzarmen berria sinatu dute, bi erakundeen artean harremanak sendotzeko eta dagoeneko prestakuntzan, ikerketan, transferentzian, berrikuntzan eta ezagutzaren zabalkundean dauden lankidetza jarduerak areagotzeko. Hitzarmena gaur sinatu dute Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak eta Iñaki San Sebastián TECNALIAko CEOak.

DEIA - Miércoles, 25 de Julio de 2018 - Actualizado a las 12:30h.

BILBO. Akordioak, besteak beste, hezkuntza eremuan, TECNALIA ikasgelak, UPV/EHUn gradu amaierako lanak, master amaierako lanak eta TECNALIAko langileen zuzendaritza ere baduten doktoregoko tesiak egiteko UPV/EHUn dauden espazioak erabiltzea aurreikusten du. Halaber, TECNALIAren bulegoetan hezkuntza praktikak egitea ere jaso du, UPV/EHUko ikasleentzat, proiektuak edo bestelako I+G+b jarduerak egiteko. Gainera, zentro teknologikoko langileek irakaskuntzan lankidetzan jardutea aurreikusten du, bai eta graduondoko ikasleek prestakuntza jarduerak garatzea ere.

Ikerketako, transferentziako eta berrikuntzako eremuak direla eta, sinatutako hitzarmenak Joint Research Laboratory-ren (Baterako Ikerketa Laborategiak) inguruan antolatutako talde mistoak sortzea sustatzen du. Era berean, xede du UPV/EHUko eta TECNALIAko ikertzaile taldeen arteko lankidetza sendotzea eta, horretarako, EUSKAMPUS Joint Research Unit (JRU) aitortu eta eratzea;egitura hori Europar Batasuneko ikerketa programetan aitortuta dago, eta kideei aukera ematen die erakunde bakar gisa jarduteko.

Esparru hitzarmen horren bidez, baterako ikerketa taldeen arteko hitzarmen bereziak garatzea sustatuko da, gai zehatzen inguruan, eta, horretarako, bi erakundeen arteko langile tekniko eta ikertzaileen trukea sustatuko da. Gainera, akordioak ezartzen du zein den kultura ekintzailea sustatzeko programak egiteko esparrua eta, zabalkundearen eremuan, batera jardunaldi, mintegi eta biltzarrak antolatzeko aukera.

Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak zorionak eman ditu hitzarmen honengatik. “Euskal Herriko Unibertsitatearentzat, gizarteari, enpresen edo gizarte erakundeen bidez, ezagutza transferitzea funtsezko helburua da, baina gaur sinatu dugun esparru hitzarmenak beste lan alderdi batzuk ere hartzen ditu: lankidetza irakaskuntza eremuan (praktikak, gradu amaierako lanak, master amaierako lanak…) eta ikerketa eremuan (doktorego tesiak edo lankidetzako talde mistoak sortzea). Urte hauetan izan den harreman estuaren ondorioz, hitzarmen honek atea irekitzen du aukera berriak edukitzeko, eta TECNALIA, Europako zentro teknologiko garrantzitsuenetako bat, gure unibertsitatearentzako aliatu estrategiko gisa egiaztatzen du”.

Iñaki San Sebastián TECNALIAko CEOak, bestalde, oso positibotzat jo du akordio hau;izan ere, “akordio hau estrategikoa da, eta aukera ematen digu inguruneko garapen ekonomikoari, sozialari eta kulturalari bide emango dioten ezagutzako –hezkuntza, ikerketa eta berrikuntza– ekosistemak, nazioarteko proiekzioa dutenak, sortzen aurrera egiteko. Aukera emango du inpaktu eta iraunkortasun gehieneko I+G+b jarduerako balio kateak sortzeko, posizionamendu osagarrietatik, eta, horrela, UPV/EHUren eta TECNALIAren arteko sinergiak sendotzeko”.

Secciones