Zirrikituetatik begira

Da Vinci kodea

Josu Torre - Jueves, 26 de Julio de 2018 - Actualizado a las 07:25h.

NESKUTZ edo birjina zen andre bategandik jaio zela esan ziguten umetan, ulertzen ez genuenean. Sinesmena behar zen eta bai erabili ere. Misterioa zela erakutsi ziguten eta honen esangura ere jakin ez arren ikasi genuen eta hemen dirau bi mila urte pasa. Jaungoikoa izatea ere ez da erronka makala baina titulo hori ere, mirari izeneko master batzuekin gorenera eraman zuela jakin arazi digute. Oso gutxi dakigu, ordea, zorioneko Jaiotzatik 30 urte egin arte, zer izan zen Jesukristoren bizitza. Egungo gurasoei neska mutil gazteak etxetik botatzea kostatzen zaiela eta Nazaret-ko arotzak eta emazteak ere ez zuten erraz eduki antza.

Misterioan oinarrituak izan arren, ondorio bezala sekulako inperioak eraiki ditu gerora hemen -gizakion lurrean- giristinotasunak. Bi mila urte luzez, hiru aipatzearren, Vatikano-k, Jesuitak eta Opus Dei-k kristoren dirutzak eta ondasunak bildu dituztela edozeinen jakinean dago. Erligio ez ezik euskararen lehen urratsak vatikanotar apaiz batzuengandik jaso ditudan bezala, Deustuko Unibertsitaean Jesusen semeak ezagutzeko aukera izan nuen eta Escrivá-ren ondorengoekin harreman handirik izan ez dudan arren, egunotan hoietako komunikazio arduradun batekin izan nuen solasaldian irakatsi ez ezik iratzarri ere egin ninduen zentzu batzuetan.

Lastoan oinarrituko gaztelua behar du izan, bi mila urte luzez tinko mantendu diran egi nagusiak, nobela batek, liburu batek hankaz gora jartzeko. Hori pentsatu nuen solasalditik etxera bidean. Batez ere, Dan Brown-ek 2003.ean Da Vinci kodea argitara zuenean, Opus Dei-k bere historiako zartadarik handiena jaso zuela esan zidalako. Gutxi esango balu ere, Kodearen 80 milioi ale saldu ziran 44 hizkuntza ezberdinetan eta esan ere zerbait dio. Zeinen gezurra edo noren egia ote da, 2000 urtez entzun dugun Maria Magdalena-ren istorio klasikoa edo hark Jesukristorekin izandako seme baten ondorengo eta oinordeak direla, oraindik Frantzian bizi diren, Merovingiotarrak? Hori eta gehixeago dio, dena den, Da Vinci kodeak.