Zirrikituetatik begira

Birziklatzea

Karmele Jaio - Viernes, 27 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

GAUZEI izena jarri arte zaila izaten da haien kontzientzia hartzea. Idazle batzuek gure barnean oraindik izendaturik gabe geneukan zerbaiti izena jartzen diotenean, emozio sakona sentitzen dugu askotan. Bai, guk barruan geneukan hori errebelatu egiten du idazleak, hitzekin, likido bat botaz garai batean argazkiak poliki-poliki errebelatzen ziren bezala. Hor zeuden irudiak, baina likido magikoa bota arte ez ziren ikusten. Berdin izenekin. Gauzak izendatzeak haiek ikusten lagun-tzen digu, haiek antzematen.

Aspaldi daukagu zabor ezberdinen izenen berri: badakigu zer den zabor organikoa, zer den plastikoa, zer kartoia, errefuxa… Bakoitza nora bota behar dugun ere badakigu. Hitzetan doan zaborra, baina, ez dugu oraindik behar bezala identifikatu, sailkatu, ordenatu, izendatu. Edo gutxi. Eta ez daukat zalantzarik: zenbaitzuk botatzen dituzten hitzak ondo ikertu eta zer motatako zaborra diren zehazterik bagenu, argiago ikusiko genuke zenbat zabor eta hitz merke eta hutsez inguratuta bizi garen.

Donald Trump eta Pablo Casado. Bi izen. Gehiago izan zitezkeen. Hartu haien hitzak, zabaldu okela mozteko egur baten gainean, eta begiratu ondo zer dagoen han barruan. Zer dago? Zabor asko, bai, baina mota askotakoa. Ondo dago etxean sortzen dugun zabor guztia sailkatzeko jasotzen dugun informazio guzti hori, baina ez legoke gaizki zabor-hitzekin halako ikastaro bat egitea. Horrela kapaz izango ginatekeen esateko hitz horiek eragiten diguten mina zein koloretakoa den: horia, plastikoentzako edukiontziena bezalakoa;edo urdina, edo marroia…

Gauzei izena jarri arte zaila izaten da haien kontzientzia har-tzea. Pauso handia litzateke Donald, Pablo eta egunero telebistan, irratietan eta egunkarietan entzun eta irakurtzen ditugun beste askoren hitzak kolore ezberdinekin sailkatu ahal izatea. Behintzat zabor guzti hori zein edukiontzitan bota behar dugun jakingo genuke. Eta zalantzarik gabe mesede handia egingo geniokeen planetaren jasangarritasunari. Eta bide batez planeta honetan bizi garenen bizi kalitateari.

Secciones