Zirrikituetatik begira

Eguraldiaz

Juanjo Olasagarre - Sábado, 28 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

SENTITZEN dut baina uste dut nire kasuan Oscar Wildek arrazoi zuela: “Eguraldiari buruzko solasa irudimenik ez dutenen babeslekua da”. Irudimen gabeko tipotzat dut nire burua. Eguraldiak, kaxkarra turistondako, kaxkarra nekazariendako, eguraldiaz mintzatzera emana nauka. Eguraldiaz mintzatzen naiz igogailuan, eguraldiaz telefonoan eta, okerrena, eguraldiaz mintzatzen naiz adiskideekin beste gairik ez bagenu bezala. “Eguzkia gozoa da, euria freskagarria, haizeak besarkatu egiten gaitu, elurra pizgarria;eguraldi txarrik izan ez da, eguraldi on mota ezberdinak baizik”. John Ruskinen aforismo horrekin konforme nengoke ez balitz Bilbon azkeneko bi asteetan nagusiki izaten ari garen eguraldiak zeru berunkara eta, ondorioz, bero sargori umela baino ez izateak nazkaturik ez banindu. Berunkara hemen asmatu zen. Baina ez da Bilboko kontua bakarrik. Nafarroan, Arbizun larreek, zuhaitzek, landareek, soroek, alegia, paseatzera atera eta inguratzen zaituenak badu desorduetako zerbait, emanen bailuke ekainaren hasieran gaudela, naturak ez baitu galdu, euria eta hezetasunagatik, hazitzearen indarra. Dena dago berdeegi garai honetarako, eguzkiak berdea zimeltzen hasia behar bailuke, ia monstruoso emateraino. Egunkariak gainbegiratu eta telebista ikusten dugun guztiok dakigu Ruskinek dioena dioela azken urteetako eguraldia ez dela ezagutu genuen eguraldia, badela paseatzen goazela zerbait arraro, asaldatu beharko gintuzkeen zerbait, igogailuan eguraldiaz ari garenean esatera ausartzen ez garen zerbait, natura alien susmagarria bihurtzen ari dela iradokitzen duen zerbait. Lau zorok baino ez dute ukatzen zerbait hori. Eta besteok izan badela badakigun arren, ez gaude prest edo ez dakigu nola murriztu gure jarduera karbono isurketa gutxitzeko. Gauden sisteman, kapitalismo salbaia honetan, ezinezkoa da garapen sostengarria deritzon horretan sinestea, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuaren propagandak dioena dioela. Eta, beste aldekoa, alegia, ekologia hippy new ageak ez du lurreko populazioaren beharrak asetzeko eta espezien arteko elkarbizitza antolatzeko balio. Zer egin? Bitartean, mintza gaitezen eguraldiaz.