musika

Musikarien elkarlanerako topagune berria

Joseba B. Lenoir, Izaki Gardenak eta Montauk taldeek abiatutako zigilu musikal berria da Erraia.
Gasteizen sortua, lanen zabalkundean autoedizioa eta elkarlana izango ditu giltzarri

ETXAHUN GONZALEZ - Sábado, 28 de Julio de 2018 - Actualizado a las 13:11h.

GURE bizitzako egunerokoan bakarka edo taldeka aritu gaitezke, baina posible da askotan indibidualismoaren bidea zailagoa izatea, eta amaieran, laguntza eske jotzea besteengana. Izan ere, elkarlanean errazago egin ohi dira gauzak, nahiz eta askotan ahaztu egiten zaigun. Musikan ere gauza bera gertatzen da. Euskal Herrian geroz eta talde gehiagok jotzen dute autoekoizpenaren bidetik, baina horrek ez du esan nahi haientzako biderik errazena, duinena eta onena denik.

Hausnarketa prozesu horretan sartuta, Joseba B. Lenoir, Izaki Gardenak eta Montauk taldeek autoekoizpenaren bidea leuntzeko modurik badagoela ondorioztatu dute, eta behar komunei erantzuteko asmoz, Erraia zigilua sortu dute: “Hiru taldeek autoekoizpenaren bidez sortu nahi zituzten haien hurrengo lanak, baina horrek dakarren lan handia bakarka egiteari ez zioten zentzu handirik ikusten”, dio Jon Aranburuk, aipatutako taldeekin batera proiektuan lanean ari den musikariak (Bidelapurrak, Konpost).

“Autoekoizpenak prozesu guztian zehar taldea bakarrik aritu behar izatea suposatzen du askotan, baina bide horrek, berez, ez du inongo mugarik ezartzen lan hori bakarrik edo elkarlanean egin behar dela esateko”, azaldu du Aranburuk.

Hain zuzen ere, autoekoizpenarekin batera automatikoki ezartzen den bakarkako lanerako muga hori ezabatu nahi du Erraia-k: talde bakoitzak bakarka egingo du bere sormen lana, baina sormenetik haratago dauden lan horiek egiteko beste talde batzuen laguntza eskura edukiko du. Lan horien artean daude, besteak beste, argitaratzea, banaketa eta promozioa. “Sormenari denbora kentzen dioten lanak dira horiek eta ez dira taldeentzat oso atseginak eta erosoak izaten. Elkarlanaren bidez, lan hauek pixka bat arindu eta azken produktua biribilagoa izatea bilatzen dugu, gure lana ozenago entzunaraztea”, dio Konpost-eko gitarra-jotzaileak.

ETENGABEKO HARTU-EMANA

Eztabaidarako eta modu erregularrean harremanetan egoteko bilgunea da Erraia, Aranbururen hitzetan: “Autoekoizpenean murgilduta dauden taldeek euren estudioetan isolatzeko joera izaten dute maiz. Horrela ez da harremanik sortzen antzeko prozesuetan murgilduta dauden taldeekin eta aberastasun handia galtzen da bidean. Bilgune bat edukita, prozesuan zehar sor daitezkeen zalantzak errazago argituko dira eta banaketa edo promozio kontuak ez dira hain astunak izango. Batek lan egiteko ohitura batzuk ditu eta beste bati ondo etorri ahal zaizkio. Kritikarako gune irekia ere bihur daiteke”, azaldu du Aranburuk.

Momentuz hiru taldek osatzen dute Erraia, baina bultzatzaileek ez dute baztertzen aurrerago talde gehiago batu ahal izatea: “Hemen gaudenok harreman handia dugu gure artean eta musika estiloari dagokionez ere Ameriketako doinuekiko lotura handia dago. Hala ere, ez genuke nahi batasun estilistiko hori oso zurruna izatea, eta etorkizunean posible da Gasteizko edo Arabako taldeek gurekin bat egitea. Afinitatea egonez gero, ez dugu esklusibitaterik ezarriko”, argitu du Jon Aranburuk.

NORBERAK ERABAKI Neurririk gabe hasi baino, Erraia-ren sortzaileek nahiago dute gauzak haiek adostutako eran eta erritmoan egin. “Ekoiztetxe askoren filosofia izaten da: zenbat eta gehiago, geroz eta hobeto. Gure kudeaketa, ordea, ez da ohiko diskoetxe batena. Guk ez dugu inolako irabazi asmorik, ez dugu diskoak atera eta atera ibili gura. Disko asko sortzea posible bada, ongi, baina gure gustukoak direnak”, aitortu du Aranburuk.

Zigiluaren lehen argitalpena Joseba B. Lenoirren singlea izan da. Formatu digitalean plazaratu zuen udaberrian eta orain CDan eskura daiteke kontzertuetan. Udazkenerako biniloan ere argitaratu nahi dute, Josebak buruan duen singleelen bertsio-proiektua jasoz. Era berean, udazkenean ere Izaki Gardenak eta Mountauk taldeen lanak argitaratu nahi dituzte: “Izaki Gardenak- ek astebete eman du Sevillako La Mina estudioan grabatzen eta nahasketak irailean egingo dituzte.

Montauk Jimmy Jazz aretoan ari da grabatzen orain. Bi diskoak udazkenean izango ditugu kalean, baina kontzertuetan beranduago hasiko dira bi taldeak”, aurreratu du Aranburuk