azaroaren 5ean eta 6an

Berrikuntza eta transformazio digitalari buruzko topaketa antolatuko du Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak

Estatuan hiriko ura kudeatzen arduratzen diren enpresa eta erakunde publikoetako ehun bat profesional biltzea espero da

Berrikuntzari eta transformazio digitalari buruzko topaketa bat izango da azaroaren 5ean eta 6an Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan, Beteluriko edateko uren araztegian, Arrigorriagan. Estatuan hiriko ura kudeatzen arduratzen diren enpresa eta erakunde publikoetako ehun bat profesional biltzea espero da.

EUROPA PRESS - Domingo, 29 de Julio de 2018 - Actualizado a las 17:41h.

BILBO. Ur horniduren eta Saneamenduaren Espainiako Elkartearekin (AEAS, gaztelaniazko sigletan) batera antolatu den jardunaldi teknikoan, arrakasta kasuak, jarduketa egokiak eta esperientzia berritzaileak aurkeztuko dira, uraren kudeaketa bikaina erdiesteko urratsak egite aldera, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak jakinarazi duenez. AEASeko I+G+B taldeak eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak antolatuko dute uraren kudeaketaren berrikuntza xede duen topaketa. Ardatz nagusia izango da sektorean gertatzen ari den eraldaketa digitalari dagokion prozesua eta etorkizunerako erronkak aztertzea. Horrela, uraren kudeaketan zerikusia duten esparru guztietan aztertuko da berrikuntzari doakion arlo hori, zenbait ikuspegitik: estrategia orokorraren ikuspegitik, kontratazio publikoetatik, proiektuen kudeaketa integraletik edota ustiapenaren kudeaketatik, bai saneamendu eta arazketa arloetan eta bai hornidura arloan ere. Hori guztia zenbait tresna erabiliz gauzatuko da: Big Data Analytics bezalako tresnak, sare neuronalak, droneak, fluidoen bizi-zikloaren edo dinamikaren kudeaketa konputazionala (CFD). Horiez gainera, komunikaziorako transformazio digitalari dagozkion gai zehatzak, datu bilketa eta errealitate areagotua jorratuko dira, besteak beste. Jardunaldian arreta berezia emango zaio BIM alorrari (Building Information Modelling), etorkizunerako apustu izatetik errealitate izatera iragan baita hiriko uren kudeaketa prozesuetan. Topaketa Xavier Marcet berrikuntza teknologikoaren arloko aholkulariak hasiko du, eta transformazio digitalak pertsonak eraldatzeko tresna gisa duen indarraz hitz egingo du. Gainera, zenbait esparrutan aditu diren 50 bat pertsonak esku hartuko dute topaketan, Estatuan hiriko ura kudeatzeko ardura duten enpresa publiko eta pribatu nagusien ordezkari bezala. Adituok esperientzia berritzaileak eta kudeaketa bikaina erdiesteko urratsak egiten jarraitzeko eginera egokiak aurkeztuko dituzte. Foroan parte hartzeko inskripzioa irailaren hasieran irekiko da. Izen-ematea Ur Horniduren eta Saneamenduaren Espainiako Elkartearen (AEAS) web orrialdearen bidez egin ahal izango da: www.aeas.es

Secciones