LITERATURA

Kultura, klik batera

Joxean Muñoz Jaurlaritzako Kultura sailburuordea eta Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendaria. IREKIA

Liburubila bilatzailea martxan da jada. Aurrerantzean,herritarrek hainbat liburu digital eta fisiko edotaikus-entzunezkoen inguruko informazioa webgunebakarrean doan eta modu errazean izango dute eskura

AINHOA LORES - Domingo, 29 de Julio de 2018 - Actualizado a las 13:23h.

LIBURUBILA “erakunde publikoek herritarren eskura jartzen duten edukien eskaintzaren ataria” izateko jaio dela uste du Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak. Bera izan da Mikel Aizpuru Kultura Ondarearen zuzendariarekin batera bilatzaile berria aurkezteko ardura izan duena. Muñozen arabera, webgune berritzaile honen bitartez, “erabiltzaileek milaka liburu, liburu digital, formatu digitaleko film, irakurtzeko arazoak dituzten pertsonentzat egokitutako audioliburuak, diskoak, dokumentu historikoak, dokumentu grafikoak edo ordenagailuko artxiboak aurkitu ahal izango dituzte”.

Liburubilak, orotara, 845.000 liburu, 16.250 liburu digital, 67.267 ikusentzunezko artxibo (bai film fisikoak eta bai film digitalak), 70.671 audio (gehienak liburutegien sarean eskuragarri dauden diskoak), 11.000 dokumentu digitalizatu, 4.500 irudi eta ordenagailuko 8.646 artxiboren gaineko informazioa eskaintzen du. Zerbitzu berriak zuzenean kontsultak egiteko, mailegu bat ordenagailu bidez eskatzeko eta eduki horien kokalekua ezagutzeko aukera ematen du. Gainera, “erabiltzailearen baldintzetara egokitua” dagoela nabarmendu du Aizpuruk: “Bilaketa zehatzak egiteko aukera ematen du, kultura kontsumoa erraztuz”.

SAREARI LOTUTA Atari digital berria, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Irakurketa Publikoaren Sarera eta haren katalogora lotuta dago. Sare hau 205 liburutegik eta 304 sukurtsalek osatzen dute, kontuan hartuz, betiere, udalerri batek udal-liburutegi bakarra duela, baina hainbat sukurtsal izan ditzakeela;gehienak udal-titulartasunekoak dira, baina badaude beste mota batzuetakoak ere: Eusko Jaurlaritza, EAEko Artxibo Historikoa, HABE, Lazkaoko Beneditarren Artxibo eta Zarauzko Photomuseum- ekoak, hain zuzen ere. Liburubilak zuzenean konektatzen du liburutegi horien guztien datubasearekin, baita Estatu osoko liburutegi digital handiena den eLiburutegi eta Liburuklik bidez kontsulta daitekeen eskaintza jasotzen duen katalogoekin.

Kultura baliabideen biltegi honek, bestalde, hainbat bilaketa-aukera eskaintzen ditu: denak egilearen, obraren edota hitzen araberakoak. Informazio zabala ere eskuragarri dago bertan: funtsak kontsultatzeko aukera ematen du, euren kokalekua, tituluak une horretan maileguan dauden jakin, informazioa esteken bidez topatu, katalogoan sartu berri diren titulu berriak egiaztatu, maileguak erreserbatu… Eduki digitalizatuen kasuan, gainera, Liburubilak sarbide zuzena eskaintzen du horietara, eta arduradunek azaldu dutenez, modu erraz batean lotzen du bilaketa kontsumo digitalarekin.

Proiektu honen bidez, leihatila bakarra kontzeptua –kasu honetan digitala–, liburutegien eta mediateken mundura eraman nahi izan dute. Muñozek adierazi duenez, “proiektu aitzindaria da Estatuan, eta haren jatorria Finlandian sustatutako antzeko ekimena da”. Orain dela urtebete ekin zion Eusko Jaurlaritzak proiektua garatzeari eta EAEko Irakurketa Publikoaren Sareko liburutegietan erabiltzen ari da jada, baina herritar orok erabil dezake bere ordenagailu, tablet edo telefono mugikorretik.

KULTURA KONTSUMOA Sailburuordearen arabera, helburua da dauden eduki eta dokumentu kopuru handia antolatzea eta herritarrek horietara errazago jo ahal izatea. “Liburubilaren bidez, modu antolatuan aurkeztu ahal izan dugu EAEko Irakurketa Publikoaren Sarea eta beste atari batzuetan –besteak beste eLiburutegian– dugun kultura-eduki eta dokumentu-material kopuru handia”.

Zerbitzua atari bakarraren bidez eskainiko dutela azpimarratu nahi izan du. “Material guzti hori, orain, eskuragarriago dago herritarrentzat, eta, horrela, kultura-kontsumoa erraztu eta hari bide eman ahal izango zaio”, azaldu du Muñozek.

Kulturaren kontsumo digital “ordenatuaren” inguruan egiten ari den sustapena ere aipatu du sailburuordeak. Zerbitzua doakoa da, baina horretaz gain, “eduki digitalen kasuan ere egile-eskubideak kontuan hartzen dituen eta dagozkion lizentziak ordaintzen dituen kultura- kontsumoaren aldeko apustua egiten dugu. Horrelako kontsumoa eskaintzen du eLiburutegiak eta, Liburubilari esker, herritarrengandik hurbilago dago gaurtik aurrera”. Digitalizazioak kultura sustatzeko aukera berriak eskaini ditzakeela uste du Muñozek eta “biltzaile hau horren adibide” dela argitu du.

Secciones