Tribuna abierta

Nazio bat gara

Por Jokin Bildarratz - Martes, 31 de Julio de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

SaNTIYO eguna! Soineko zuria jantzi eta Villabonako amonaren etxera txipiroiak eta Tuteratik ekarritako meloia jatera joaten zirela gogorarazten dit emazteak, urtero, festa honen ospakizunetara Galiziara noala diodanean;Fogar de Breogán lurraldeetara, hango ereserkiak dion bezala.

Behar bada, denek ez dute herriko elizan Santiago beldurgarria ezagutu, bere kapa eta guzti, mairuen aurka borrokatzeko prest, baina seguru sasoi honetako gau luze eta epelek sortzen duten parranda amaigaberako gogoa askok eta askok ezagutu izan dugula. Dena dela, meiga eta Castelaoren lurraldera bisita egitea gustatzen zait egun honetan eta horrela egiten dut gure alderdiaren senatari bezala.

Aurtengoan, bezperatik, Ourensen dagoen Allariz herrian izan naiz. Bertako lagunekin afari herrikoira joan, norberak etxean egindakoa partekatuz, eta altxafueroak tarteko, gauaz disfrutatu dut. Giro ezin hobean eta sentsazio positiboekin, denok sentimendu berbera partekatu dugu: Herri bateko kideak sentitzen ginen, bakoitzak bere nortasun eta sentimenduaren jabe. Gehienak galiziarrak, jakina, baina beste batzuk, nire kasua tarteko, euskaldunak. Ilargipean, errekaren aldamenean, nazio zentzua dastatu dugu bertako ereserkia kantatuz.

Galiziako alkate asko ezagutzen ditut eta egun hauek animoak emateko aprobetxatu dut;datorren urtean hauteskundeak izango dituzte eta euren bizilagunen azterketa zuzena izango dute. Udal asko eta asko egoera latzak bizitzen ari dira: finantziazio eskasa, lur eremu oso zabalak eta gestiona-tzeko eskuduntzarik gabe. Madrilgo Gorteetan onartu zen azkeneko Udal Erreformak ere kalte handia egin die. Azken batean, Alderdi Popularreko Gobernuarekin kexu dira.

Aspaldiko garaietatik gaur egundaino jende askoren helmuga izan da Galizia: Izarren bidea eginez,Esnearen bidea jarraituz, Finisterre edo munduaren amaiera ikusteko eta, nola ez, azken mendeetan Santiago, hamabi apostoluetako bat, lurperatuta dagoen izen bereko hiria bisitatzera. Baina, nola aldatu diren kontuak, orain ez dugu ezta jai hartzen ere egun honetan, urte ba-tzuetan behintzat. Gure herritarren gehiengoaren oporraldia San Inazioetan hasten da.

Gure lurraldean edozein bazterrak Santiyo izena eraman, eta gure artean hainbat Xanti, Jakoba edo Yago izateaz gain, Euskal Herriak beti izan du lotura munduaren amaiera tokia omen zen eremu horrekin. Galiziar jatorriko zenbat familia ezagutu ote dugun gure herrietan, euren etxea utzi eta gure fabrika edo itsas portuetara lanera etorritakoak. Bertan izan naizela, tolosarrak eta beste hainbat herrietakoak etorri zaizkit agurtzera, euren ikurriña erakutsiz, Euskal Herria eta Galiziaren eskuak lotuta doazela adierazi nahian.

Horietako asko hara eta hona ibiltzen ziren udaro: Allariztik Eibarrera, edo Oiartzunetik Pontevedrara;lepo zihoan trena hartuta, ordu amaigabeak irauten zituen bidaia luzean -hori katenaria askatzen ez zenetan-, baina oporraldian beraien herrietara itzultzen ziren, egun batzuetan behintzat, enpanadaz, pulpeiraz, olagarroaz eta queimadaz gozatzeko, baita bere adiskide eta familiartekoez eta bertako hizkuntzaz ere, noski.

Egunotan, gure hizkuntza zaharren mantentze lanetan aritzen direnekin bat egiteko aukera ere izan dugu. Xarmangarria da hizkuntzak eta hiztun kopurua haziz doazela ikustea, zailtasun eta arrisku handiak gaindituz Kantauri itsasoaren bi aldeetan. Santiago eguneko ospakizunetan galegoa izan da erabili den hizkuntza bakarra, normaltasun osoz;ereserkiak dioen moduan: Os bos e xenerosos a nosa voz entenden e con arroubo atenden.

Hizkuntza propioez gain, biok ere itsasaldeak eta landa guneak ditugu, baita herri eta hiriak;bi naziook, Galizia eta Euskadi, Atlantikoaren ertzetatik mundura begira gaude. Jose Antonio Agirrek Europako herrien batasuna zuen amets, ideia hau asmo hutsa besterik ez zenean, eta saiatu zen kontinenteko beste politikariekin batera gure Europa askatasunaren herrialdea izan zedin. Orain gure garaia da, elkarrekin joan gintezke estaturik ez dugun nazioak Europan gure burua erakustera, partaide izatera. Gutxiengoa gara, baina gizarte anitz eta inklusiboa lortzea dugu helburu. Egun hauetan asko entzun dut Galeuzka izena;hain zaila ote da bai Madrilen, zein Bruselan edo Estrasburgon, gure burua naziotzat hartzen dugunok hainbat lan elkarrekin jorratzea? Ez ote daude lotzen gaituzten ildoak eta korapiloak, elkarrekin askatzeko modukoak? Nazio anitzez osatutako Estatu espainiarrak oraindik ez du onartu askotariko errealitateak daudela bere barnean, onartu gabeko errealitate juridiko politikoak, eta ez du barneratu kultura eta gizarte ezberdinez osaturiko kolektiboak daudela.

Europa homogeneizazio eta globalizazio garaiotan osatzen ari da;eta horrek ezberdintasunak azpimarratzera eta zaintzera behartzen gaitu;diferentziak balore positiboa dakarrelako. Gurea, Herri ezberdinez osaturiko Europa da;eta kultur eta hizkuntz ezberdinak errespetatuz osatuko da etorkizuneko eta elkarturiko Europa. Herrialde txikiak gara baina beti izan dugu adorea arazoei aurre egiteko. Aurre egiteko, besteak beste, Madrilen deuseztatu nahi gaituzten alderdi politiko handi horiei. Arrain txikiek egiten duten antzera, banakako asko elkartu eta handi baten itzala egin, sendo eta trinko azaltzeko guztien aurrean.

Errekaren edo itsasoaren aldamenean, eta aukera izan baduzue, ilargi gorriari begira, ospatu itzazue egun hauek: Ribeiro zein txakolinarekin topa eginez;Rosalia de Castro edo Bizenta Mogelen bertsoak irakurriz;pazo edo baserri bateko lorategiko itzalpean;gaita zein trikitixa soinuak en-tzunez.

Secciones