lehen bilera

Eusko Jaurlaritzak Nekazaritza, Arrantza eta Elikaduraren inguruko gaiak landu ditu ministerio berriarekin

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministro Luis Planas. (Irekia)

Lan saioan euskal ordezkariek Euskadi GAOrik gabeko lurralde deklaratzeko eskatu dute

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Oroz gaur goizean elkartu dira Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministro Luis Planasekin, ministerioak Euskadiko lehen sektorearentzat eta landa ingurunearentzat interesgarriak diren hainbat gairi buruz duen jarrera aztertzeko.

deia.eus - Jueves, 2 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 17:07h.

Horrenbestez, ministro berriak kargua hartu duenetik bi aldeek egindako lehen bileran aztertu dira transferitu gabe dauden eskumenak, ministerioaren jarrera Nekazaritza Politika Bateratua erreformatzeko proposamenen aurrean, FEADER funtsak Erkidego Autonomoen artean lekualdatzeko mekanismoak eta MAE-en garapena (Merkatu Antolakunde Erkidea), batez ere ardoari dagokionez.  Halaber, Eusko Jaurlaritzak Elikagaien Kalitatearen Legea berrikusteko eskatu du, baita ardoak bereizteko aukera ere (zona, udalerriak eta mahasti berezia).

Lan saioan, besteak beste, euskal ordezkariek eskatu dute Euskadi GAOrik gabeko lurralde deklaratzeko, aurreko estatu gobernuak ez baitzuen eskaera hori onartu.

Halaber, arrantzaren esparruan ere hainbat gai landu dira, hala nola: Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsaren eta hori erregionalizatzeko proposamenaren azterketa, Euskal Autonomia Erkidegoko arrantzaren erakunde ordaintzailearen eraketa, Ministerioaren jarrera Kantauri itsasoa kudeatzeko aginduaren aurrean, antxoa eta hegaluzearen kuoten banaketa, atungorriaren kuoten egoera, atunketari izoztaileen plan estrategikoaren jarraipena, Bermeoko lurralde inbertsio integratuaren proposamena, eta arrantza sektoreko emakume langileen kotizazio oinarriak parekatzea.

Landu diren gaiak

Ministerioaren jarreraren azterketa Gernikako Estatutuan nekazaritza eta arrantza gaietan aitortuta dauden eskumenei buruz. Eusko Jaurlaritzak eskumen osoak eskatu ditu nekazaritza eta landa garapeneko gaietan, eta zalantzan jarri ditu Ministerioak eskumenak erosionatzeko erabiltzen dituen bideak, bereziki Nekazaritza Politika Bateratuari dagokionez. Transferitu gabe dauden eskumenak dira Nekazaritzako Aseguruak, Arrantzaren Ikuskaritza eta Arrantza eta Akuikulturako Produktuen Merkatuaren Antolaketa.

2021-2027 Nekazaritza Politika Bateratua erreformatzeko erregelamendu proposamenei buruzko jarrera. Eusko Jaurlaritzak bere jarrera argia erakutsi du bere ahalmen konpetentzial erabatekoa defendatzeko, eta NPB subsidiaritate erregionaleko mailarik handienarekin garatzeko;horrek ekarri behar luke Euskadirentzat Plan Estrategiko propio bat lantzeko eta gauzatzeko aukera. Eusko Jaurlaritzak, 2021-2027 epealdira begira, eskatzen du NPBra zuzendutako funtsak epealdi honetan bezala mantentzea, eta baztertu egiten du agintari komunitarioek proposatutako Urte Anitzeko Finantza Esparruaren proposamena. Erkidego autonomoentzako protagonismo handiagoa eskatzen du Erreforma negoziatzeko prozesuan, eta erkidego autonomoen aldeko erabateko subsidiaritatea galdegiten du NPBren Plan Estrategikoen interbentzio guztiak defendatu eta inplementatzeko. Finean, interbentzioak eskualde mailako Plan Estrategikoetan antolatzea nahi du.

FEADER funtsak. Funtsak erkidego autonomoen artean lekualdatzeko mekanismoa. Programa Nazionaleko FEADER funtsak Euskadiko Landa Garapeneko Planera aldatzeko eskatu da, 100 milioi euroko zenbatekoarekin, eta halaber eskatu da 1080/2014 Errege Dekretuaren 6. artikulua aldatzeko, zeinak funtsak transferitzeko gaur egungo mekanismoa arautzen duen, ez duelako betetzen Programetara zuzendutako funtsak ez galtzeko eta estatuan FEADERen ekarpen finantzarioaren %100 exekutatzeko helburua.

MAE-en garapena, bereziki ardoaren MAEarena. Eusko Jaurlaritzaren iritziz, eta horrela jakinarazi du, Ministerioak ildo generikoak ezarri beharko lituzke, 1308/2013 Erregelamendua betez, erkidego autonomo bakoitzak aipatu Erregelamendua arautzeko, Eskualde bakoitzean sektoreak duen errealitatearen arabera. Gainera, txeke autonomiko bat erregionalizatzeko eskatu du, irizpide historikoetan oinarrituta. Hainbat tasa ezabatzeko eskatu du, foru eskumeneko zerga gaietan interferitzen dutelako, eta, gainera, Euskadik eskumen esklusiboak dituelako nekazaritza gaietan, baita I+G+B gaietan ere.

Elikagaien kalitatearen legea. Legea berrikusteko eskaera. Elikadura Katearen 12/2013 Legeak, abuztuaren 2koak, AICAren eginkizunak ezartzen ditu (Elikadura Informazio eta Kontrolerako Agentzia). 2017ko uztailean, Auzitegi Konstituzionalak erabaki zuen AICAri egozten zitzaizkion kontrol eta ikuskaritzako zenbait funtzio ez zirela konstituzionalak, eskumenak inbaditzen zituztelako. Eusko Jaurlaritzako ordezkariek adierazi dute Euskadik ez duela onartuko AICAren prozedura zigortzaileak hastea, eta esparru horretan eskumenak errespetatzeko eskatu du.

Arabako Errioxa. Kontseilu arautzailearen abuztuko erabakien egoeraren azterketa. Zona, udalerri eta mahasti berezien arabera bereiztea. 2017ko abuztua, Rioja Kontseilu Arautzaileak hainbat konpromiso ekonomiko hartu zituen, ardoak zona, udalerri eta mahasti berezien arabera bereizteko, baina ez ditu konpromiso horiek bete. Eusko Jaurlaritzak urraketa hori salatu du.

Euskadi GAOrik gabeko lurralde izendatzea Bruselaren aurrean. Eusko Jaurlaritzak Ministerioari eskatu dio Euskadi Genetikoki Aldaturiko Organismorik gabeko lurralde moduan deklaratzeko. 2015ko urriaren 2an jada eskatu zen “EAEko esparru geografikoa, oso-osorik, aldaera transgenikoak lantzetik kanpo geratzeko”, Europar Parlamentuaren eta martxoaren 11ko Kontseiluaren 2015/412 Direktibak xedatutakoaren arabera, zeinak 2001/18/EB Direktiba aldatzen duen.

ARRANTZA GAIAK

Arrantza sektoreko emakume langileen kotizazio oinarriak parekatzea. Saregileek, gipuzkoarrek zein bizkaitarrek, Itsasoaren Araubide berezian kotizatzen dute, 3. multzoan, eta kotizazio oinarri bera dute. Aitzitik, Itsasoaren Araubide Berezian jasotzen denaren arabera, Bizkaian baino existitzen ez diren neskatilek eta paketatzaileek 3. multzo horretan bertan kotizatzen dute, baina kotizazio oinarri txikiagoarekin. Oharturik ere gaia gehiago dagokiola ISMri Arrantza Idazkaritzari baino, Eusko Jaurlaritzak eskatu du Idazkaritza horretatik egin beharreko gestioak egin daitezela kotizazio oinarriak parekatzeko.

FEMPren azterketa eta erregionalizatzeko proposamena. FEMP erregionalizatzeko eskatu da. Horrenbestez, laguntza lerro erakargarriak ezarri daitezke, lurralde esparru bakoitzera egokituta, eta arintasun handiagoa lortu etorkizuneko FEMP martxan jartzeko.

Ministerioaren jarrera Kantauri itsasoa kudeatzeko aginduari eta Antxoa eta hegaluzearen kuoten banaketari buruz. Eusko Jaurlaritza malgutasun neurriak ezartzearen alde dago banaketak kudeatzeari dagokionez, baina jada ezarrita dauden banaketa ildoak aldatu gabe. Euskadi ez dago aldi baterako transmisioak egitearen aurka, baina behin betiko transmisioei buruz uste du “zuzenketa faktore” edo muga bat egon behar litzatekeela, kuotak behin betiko transferitu ahal izateko, baina bakarrik portua erkidego autonomo berean daukaten ontzien artean. Eusko Jaurlaritzak argi utzi du erabat kontra dagoela Espainiak espezie batzuen kuotak lortzeko, Ministerioaren iritziz “sobera” dauden beste espezie batzuekin trukatuta. Arrantzaleku horien datuak eskatu dira berriro ere.

Irlandako eta Frantziako ontzi pelagikoen kontrola.  Hegaluzearen oraingo kostera nola ari den garatzen aztertu da, baita Ministerioak aurreikusi dituen neurriak ere, Frantziako eta Irlandako arrastatze pelagikoko ontziek araudia betetzeari buruz. Beharrezkoa da jakitea Ministerioak nola egin behar dituen ontzi horien kontrolak, Arrantza Idazkaritza Nagusiko aurreko taldeak aurreratu zuenaren arabera.

Atungorriaren kuoten egoera.  Ministerioari informazioa eskatu zaio. Eskatu da jakinarazi dadila Ministerioak zer aurreikusi duen Kanarietako flotatik gainerakoetara pasatuko ziren 500 tonei dagokienez.

Atunketari izoztaileen plan estrategikoaren jarraipena. PESACen (Atunketari Izoztaileen Plan Estrategikoa) jasotako neurriak eta ekintzak aztertu dira Ministerioarekin.

Secciones