Prebentzioak

Osasun eta kontsumo sailak neurriak eta aholkuak gogoratzen ditu beroaren aurka

Eguzkitan egoteko denbora murriztea edo modu egokian hidratatzea aholku batzuk dira

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak gogoratu nahi du udan hidratazioaren garrantzia, bero handiaren aurkako neurririk egokiena baita. Likidoak eta zuku naturalak edatea ere gomendatzen du, egarririk ez izan arren eta, ahal dela, modu kontrolatuan umeen eta adinekoen artean;izan ere, arriskurik handiena dutenak dira tenperaturek oso gora egiten dutenean.

Deia - Viernes, 3 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 12:04h.

Bilbo. Beste alde batetik, beroarekin azkar galtzen diren elikagaiei dagokienez, garrantzi handikoa da hotz-kateari eustea eta prestatutako edo berotutako elikagaien tenperatura modu egokian kontrolatzea. Azkenik, berealdiko arreta jarri behar da umeengan eta adinekoengan. Esan nahi da, eguzkitatik babestuta egon behar dutela bero egiten duen lekuetan eta sarritan edan beharko dituztela likidoak eta edari freskoak. Animaliek ere sarriagotan edan behar dute eta eguerdi aldean eta bero gehien egiten duen orduetan espazio lehor eta freskoan atsedena hartzea komeni zaie.

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak uda modu osasungarrian emateko aholkuen dekalogoa gogorarazi nahi du:

1. Murriztu eguzkitan egoteko denbora Murriztu eguzkitan egongo zaren denbora, azalak jasotzen duen kaltea pilatu egiten baita. Izpi ultramoreen azpian gehiegi egoteak ekar ditzake ondorioak epe luzera, adibidez azala behar baino lehen zahartzea (orbanekin eta zimurrekin), bai eta larruazaleko minbizia ere. Ez da gomendagarria egunean ordubete baino gehiago eguzkitan egotea eta hondartzan egun osoan egongo bazara, kamisetak eta kapelak erabili babesteko.

2. Erabili eguzkitik babesteko kremak Beti erabili behar ditugu. Eguzkitik babesteko faktorea aukeratzeko, azal mota eta azal horrek eguzkitan egon ondoren daukan erantzuna aztertu behar dira. Eguzkitan jarri baino 30 minutu lehenago eman behar da krema, modu uniformean eta gorputz osoan. Aholku ona da etxean ematea, hondartzara edo igerilekura joan baino lehen.

Eguzkitik babesteko faktorea edo larruazal-mota gorabehera, krema ordu bitik behin eman behar da, bai eta luzaroan bainatu ondoren ere. Umeei dagokienez, fotobabesaz gain, kontuan izan behar da 6 hilabetetik beherako umetxoak ez direla eguzkitan jarri behar;urte bi eduki arte eguerdiko orduak saihestu behar dira. Beste alde batetik, ez ahaztu inoiz umeei ur asko ematea.

3. Begiak ere babestu behar dira Ikusmena asko kaltetu daiteke eguzkitan luzaroan egoteagatik, korneako lesioak eta beste lesio handiagoak sor ditzakeelako. UV iragazki homologatuak dituzten betaurrekoak erabiltzea gomendatzen da eta hegal zabaleko bisera duten txanoak.

4. Babestu tenperatura altuetatik Normalean, gorputzaren tenperatura azalak transpiratzeko dauzkan mekanismoei esker mantendu ohi da;hala ere, luzaroan tenperatura altuetan egonez gero, batez ere giro hezeetan eta haizerik ez dagoenean, kontrolerako mekanismo horiek huts egin dezakete eta intsolazioa gerta daiteke.

Intsolazioa gertatzen denean, azala beroa eta oso lehor egongo da, gorputzaren tenperatura igo egingo da, bihotzaren erritmoa azkartu egingo da, eta buruko mina agertuko da;baliteke kontzientzia-maila ere aldatzea. Sintoma horiek agertzen badira, ezinbestekoa da mediku baten laguntza eskatzea eta, bitartean, biktima gerizpetan jartzea, aireztapen onarekin, zapi bustiak jartzea bere gainean eta edaten ematea, konortea galdu ez badu.

5. Ariketa fisikoa neurrian egin Ariketa fisikoa beti da gomendagarria baina sasoi honetan ez da komenigarria oso ariketa indartsuak egitea, izerdi asko botatzen delako eta ura galtzen delako;horrek ahultasuna eta muskuluetako karranpak eragin ditzake (gatz mineralak galtzen direlako). Sintoma horiek agertzen badira, atsedena hartu eta ura edan behar da (urari koilaratxokada bat gatz botako zaio litro bakoitzeko).

60 minutu baino gehiago egon bagara ariketa egiten, 15 minutuan behin ur apur bat (150 zentimetro kubiko) edatea komeni da, deshidratazioa saihesteko. Urak glukosa badauka (25 gramo glukosa litro bakoitzean) glukogenoaren erreserbak ez dira hain arin gutxituko eta nekea ez da hain handia izango.

6. Aurrea hartu istripuei Ez da murgilketa zakarrik egin behar giroko tenperaturaren eta uraren tenperaturaren artean alde handia dagoenean, digestio-etendurarik ez izateko. Uraren tenperaturara apurka-apurka egokitu behar da. Oso goitik txonboa eginez gero, kontu handiz ibili behar dugu, traumatismo larriak eragin ditzakeelako. Azkenik, ezin da pertsona bat utzi (are gutxiago umea edo adinekoa bada), ezta animalia bat ere eguzkitan dagoen ibilgailu itxi baten barruan.

7. Bidaiak Gaixotasun kutsakorrak harrapatzeko arriskua dagoen herrialdeetara joango diren pertsonek informazio egokia bilatu behar dute neurri higienikoei eta txertoei buruz, bisitatuko duten lekuaren eta baldintza pertsonalen arabera.

8. Hidratazio egokia Udako hilabete beroetan, dietak eta jarduera fisikoak lagundu dezakete osasun-egoera hobetzen, baita aisialdia modu atseginagoan eta pozgarriagoan ematen ere. Dena dela, uda modu osasungarrian pasatzeko, Osasun eta Kontsumo Sailak gorputza behar bezala hidratatuta eduki behar dugula gogorarazi gura du.

9. Elikadura egokia Frutak oso egokiak dira hidratazioari begira eta bitamina, mineral eta substantzia antioxidatzaile askoren ekarpena egiten digute. Gainera, lagungarriak dira beltzaran jartzeko prozesuan eta erradikal askeei zein izpi ultramoreei aurre egiteko.

10. Hotz-kateari eustea elikagaietan Beste alde batetik, beroarekin azkar galtzen diren elikagaiei dagokienez, garrantzi handikoa da hotz kateari eustea eta prestatutako edo berotutako elikagaien tenperatura modu egokian kontrolatzea. Zalantzak edukiz gero, hobe da susmagarria den elikagairik ez jatea. Fruta eta barazkiak batetik, eta, bestetik, babesteko krema, eguzkitako betaurrekoak eta kapela dira udan nahitaez erabili beharrekoak.