Gasteizko Jaiak

Jaien ezaugarriak dibertsioa eta errespetua izateko azken prestakuntza-lanak egiten ari da Gasteiz

Indarkeria matxistaren prebentziorako eta sentsibilizaziorako berariazko ekintza berriak bideratu dira aurten

Viernes, 3 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 13:38h.

GASTEIZ. Bihartik, abuztuak 4-9ra, osteguna, Gazteizko festetan dibertsioa eta errespetua egoteko azken prestakuntza-lanak egiten ari dira. Bi elementu horiek bikote perfektua osatzen dutela azpimarratu du Gorka Urtaran alkateak, hurrengo sei egunak ahalik eta gehien aprobetxatzeko.

Indarkeria matxistaren prebentziorako eta eraso matxisten kontra sentsibilizatzeko berariazko ekintza berriak gehitu dira aurten jai-egitarauan. Alde batetik, indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa eguneratu du Udalak, zeinen berritasun nagusia kontu-ematea izango baita. Bestetik, bihartik, Agirre Lehendakariaren kalean egongo da —Postetxearen ondoan— indarkeria matxistari buruzko informazio- eta arreta-zerbitzua.

Sentsibilizazioari dagokionez, “Jailarai, berdintasunaz blai” kanpaina jarri du martxan Udalak. Horren bitartez, hainbat ekintza zehatz bideratuko dira kaleko hezitzaileen, ostalarien, blusa eta neska taldeen eta hiriko hainbat eragileren bitartez. Txupinazoan Andre Maria Zuriaren plaza morez tindatzeaz gain, hiriko hainbat erakinek ere kolore hori erakutsiko dute, festak iraun bitartean. Guztira, 12 lekutan izango da argiztapen morea. Gainera, jarrera matxista ororen kontrako mezuak jarri dira Erdi Aroko hiriguneko arrapala mekanikoetako beirateetan.

Hiriko taxilariek ere bat egin dute ekintza horiekin, eta pegatina batzuk eramango dituzte beren autoetan, zeinen bitartez adieraziko baitute prest daudela erabiltzaileek atarira iritsi arte itxoiteko eskatzen badiete hala egiteko. Gainera, bihartik aurrera, geltokiz kanpoko geldialdiak eskatu ahal izango dituzte emakumeek eta 18 urtetik beherakoek TUVISAren Zabalganeko Gautxori 3 linean.

Hala azpimarratu du alkateak: “Ez da keinu kontu hutsa. Hor ditugu jaietako ekintzak eta lana ere, epe labur, ertain eta luzeko helburuak bildurik indarkeriaren prebentziorako urte osoan bideratzen den estrategiaren barruan sartzen baitira”. Horren ildotik, berdintasunari dagokionez eman diren pausuak gogora ekarri ditu Gorka Urtaranek, hala nola IV. Berdintasun Planaren onespena, Udaltzaingoko genero- eta familia-indarkeriaren zerbitzuan agente gehiago jartzea, indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko Onarpen zerbitzua martxan jartzea, Emakumeen Etxea bultzatzea —emakume-kolektiboekin hitz eginda eta haien partaidetzarekin—, Udaleko Berdintasunerako I. Barne Planaren onespena eta hiriko LGTBI kolektibokoen egoeraren lehen diagnostikoa, besteak beste.

Beste alde batetik, alkateak gogorarazi du ezen, tenperatura altuak egiten baditu, aurreikusita dagoen bezala, Udalak suhiltzaileen ibilgailu bat jarriko duela plazan, ura bota eta giroa freskatzeko. Horretaz gain, Andre Maria Zuriaren plazara joango direnei gomendatzen zaie ura eraman dezatela hidratatzeko.

Eta handik metro gutxira, Plaza Berrian, pantaila erraldoi bat izango da, aurreko urteetan bezala, eta Euskal Telebistak eskainiko duen txupinazoaren zuzeneko emanaldia ikusi ahal izango da bertan.

Berdintasunaren arloan aipatutako berritasunez gain, beste batzuk ere azaldu ditu alkateak, aurreko urteetan izan zirenak eta aurten ere izango direnak. San Migeleko balkoia herritarrei zabaltzea —txupinazoa bertatik ikus dezaten—, plazan beira sartzeko debekua —latak sartzekoa gehitu zaio aurten—, behin eta berriro erabiltzeko 17.000 edalontziren banaketa, objektu arriskutsuak sar daitezela galarazteko sarrera-kontrolak, Zeledonen kantaren euskarazko bertsioa, bizikletak aparteko aparkalekuak —garraio-modu hori bultzatzeko—, Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera Andre Maria Zuriaren plazara aldatzea, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazio-aginte aurreratua, Farolen prozesioaren ibilbidea Dato kalera itzultzea eta asto-lasterketa ordezkatu zuen upelen lasterketa.