Pasaiako portuko sutea itzaltzeko 21.000 litro ur erabili ziren

Tapiaren ustez, esfortzu handiagoa egin beharra dago, baina "aldi berean pentsatuz txatarrak ere aktibitatea ematen diola portuari"

EP - Viernes, 3 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 18:28h.

BILBO. Pasaiako portuko sutea itzaltzeko 21.000 litro ur behar izan dituzte Orotara, 21.000 litro ur inguru behar izan dituzte Pasaiako (Gipuzkoa) portuan atzo izandako sutea itzaltzeko. Ez da kalte pertsonalik izan, ezta kea arnasteagatik artatutako herritarrik ere. Oraindik ez da ezagutzen zein arrazoigatik piztu zen sua ostegun eguerdian Christine ontzian, Pasaiako Portuko Agintaritzak (PPA)ohar bidez adierazi duenez.

Ontziak 2.000 tona txatarra garraiatzen zituen, eta haren ardura duen enpresak berehala hasi zituen sutea itzaltzeko lanak. Larrialdi plana martxan jarri zen 12:14 aldera, eta lanean hasi ziren suhiltzaileak, Ertzaintza, SOS Deiak, eta portuko beste hainbat langile. PPAk nabarmendu du itzaltze-lanak berehala hasi izana funtsezkoa izan dela sutea kontrolatu ahal izateko.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia "ados" dago erakundeek "zerbait gehiago" egin behar dutela, "baina oso ondo neurtuta, aldi berean pentsatuz txatarra horrek ere aktibitatea ematen diola portuari, eta ahalik eta ondoen kudeatu egin behar dela". Hala adierazi du Euskadi Irratian goizean egin dioten elkarrizketan.

Tapia sailburuaren esanetan, "kontua ez da jarri edo ez jarri, baizik eta ondo kudeatu behar dela eta horretan esfortzu bat egin beharra daukagu. Betiere argi edukita gaur egun egiten den kudeaketak badauzkala ingurumenarekiko babes eta neurri guztiak jarrita".