zirrikituetatik begira

Belako

Juanra Madariaga - Domingo, 5 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

NAFARROAKO basoak ikaragarriak dira. Eta zuhaitz metaketa horren gainetik altxatzen diren muinoak eta mendiak are ederragoak. Orhi mendian izan nintzen joan den astean. Goiko gailurretik Euskal Herriko zati handi bat ikusten zen, batez ere Nafarroako lurraldeen aldetik, zeren eta Zuberoako Basabürüa hodei trinkoek estaltzen baitzuten. Mendizale orok ikusi dugu panoramika eder hori, tontor baten alturatik azpiko hodeizko itsasoa atzematen denean. Bestelako dimentsio batean bazaudela ematen du. Zuberoako bortuak laino grisak jatekotan zeudenean, gailurraren lasaitasuna abandonatu genuen herrialde horretako maldetan behera, Larraine bisitatzera, joateko. Handik bide pikoak Atarratzeraino eroan gintuen, eta betiko ohiturari jarraikiz, Pielleniean ostatüa hartu genuen pausaleku, kafe tipia hartzeko. Bidean aurrera eginez, eta hainbat herri eder zeharkatu ostean, Maulera heldu ginen, hain juxtu, Belako Zaldüna Pastorala oholtzaratzen zuten egunean. Maule herriarentzat jai handia zen, izan ere, hamalau urte iragan dira pastoralik gabe, eta euskal kultura eta hizkuntza agerraraztea zinez kontu garrantzitsua da bertan. Jean Bordaxarek idatzitako pastorala da Belako Zaldüna. Ohi den bezala, Euskal Herriko pertsonaia baten bizipenak kontatzen dira antzerki mota horren bidez, eta pastoralgileek akordura ekarri nahi izan dute Jean-Philippe de Bela mauletarraren figura. Dirudienez, Frantziako armadaburu gisa aritu zen jaun hori, eta gerran zegoela euskaldunez osaturiko talde baten buru izan zen. Euskaldunei buruzko lanen bat edo beste ere idatzi zuen, bai eta hiztegi txikiak ere euskara endelegatu ahal izateko. Hil-urran zegoenean, bere ondasun guztiak Maule herriari eman zizkion. Maule-Lextarrek biziki eijer jokatu zuten pastorala, peredikuak, jelkaldiak, kanta zoragarriak eta dantza ikusgarriak tartekatuz. Sujetaren lana ederra izan zen, baina beti harritzen nautenak dantzarien artazi ezinekoak dira. Duten trebezia bestelakoa da, hegan baleude legez aritzen baitira beti txirularen agindutara.

Zuberoaren hatsa berriz baitaratu zitzaigun, beti gure barnean ondo atxikirik eraman dugun arren.

Secciones