Abuztuaren 18an ETA 19AN

San Petersburgoko Capella Koruak eta Kosmos Ensemblek irekiko dute musika klasikoaren programazioa Aste Nagusian

Elisso Bolkvadze pianista ospetsuak ere kontzertua emango du Aste Nagusian

Aste Nagusian, musika klasikoaren zaleek hitzordu bat daukate gauero Gizakunde Elizan, 20:30ean arlo klasikoaren orkestra eta erritmorik onenekin. Abuztuaren 18tik 25era, Bilboko Udalak zortzi kontzertu antolatu ditu, mundu osotik etorritako koru eta orkestrekin.

DEIA - Martes, 7 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 12:02h.

BILBO. Abuztuaren 18an, zapatua, Gizakunde Elizara doazenek San Petersburgoko Capella Korua, Vladislav Chernoushenko zuzenduta, entzun ahal izango dituzte. Koru mistoa da eta 40 pertsonek osatzen dute, eta bakarlari ospetsu ugari daude bere errepertorioan. San Petersburgoko Koruak erlijio-musikaren eta musika profanoaren lanik garrantzitsuenak interpretatzen ditu.

Hurrengo egunean, abuztuaren 19an, domeka, Kosmos Ensemble hirukote britainiarrak joko du. Hiru musikarik osatutako taldea da: biolina, biola eta akordeoia. Kosmos taldeko kideek mundu osotik bidaiatu eta aritu dira eta mundu osoko musikariekin jo dute, bai eta Londreseko eszena musikaleko multikulturalismoaren interpreteekin ere. Modu kolektiboan aztertu dute Afrika iparreko musika, Ekialde Ertaineko musika, musika judua, Balkanetakoa eta ijitoen musika, bai eta Argentinako tangoa, flamenkoa, tradizio zeltikoak eta jazza ere, gaur egungo musika klasikoaz gainera.

Euskal Herriko Musbika hari-orkestrak abuztuaren 20an, astelehena, joko du. Hamabi musikari daude taldean eta estilo desberdinetako ganbera-musika egiten dute hainbat instrumentu erabilita.

Abuztuaren 21ean, martitzena, Olatz Saitua sopranoak eta Beñat Egiarte tenorrak osatutako taldearen txanda izango da, Itziar Barredo Cavero piano-jotzailearekin batera. Beren errepertorioan Verdi, Donizetti eta Mozarten lanak dira nabarmenenak.

Georgiako Elisso Bolkvadze piano-jotzailearen musikak abuztuaren 22an, eguaztena, beteko du Gizakunde Eliza. Elisso Bolkvadze UNESCOren Bakerako Artista bihurtu zen 2015ean. Gainera, kulturaren garapenean eman duen laguntzagatik eta Frantzia eta Georgiaren arteko truke kulturalen alde erakutsitako konpromiso pertsonalagatik, Elisso Bolkvadzek Frantziako Errepublikako Chevalier des Arts et Lettres saria jaso zuen.

Daniel del Pinok, Fumika Yamamurak, Gabriel Bussik eta Elena Escalza bilbotarrak osatzen dute Cuarteto del Pino eta abuztuaren 23an, eguena, izango dira kontzertuan. Musika klasikoko laukote hau Musikene, Euskal Herriko Goi-mailako Musika Ikastegiko irakasleen bileraren emaitzetako bat da, kideak bertan elkar ezagutu eta elkarrekin hasi baitzuten bidea.

Abuztuaren 24an, barikua, BE Brass Quintet taldearen txanda etorriko da. Bost metal dira: Gonzalo Sánchez (tronpeta), Raquel Ruiz (tronpeta), Pablo Bajo (tronpa), Vicent Lloret (tronboia) eta Beñat Etxabe (tuba), denak Musikeneko ikasleak.

Aste Nagusiak Gizakunde Elizan programatzen duen Musika Klasikoko zikloa abuztuaren 25ean, zapatua, bukatuko da Tylman Susato Ensemble taldearekin. Iruñako boskote honetako bost kideek esperientzia zabala daukate antzinako musikan eta zenbait talderekin jo izan dute, adibidez Iruñako Ganbara Abesbatzarekin eta Salamancako Orkestra Barrokoarekin. 2018ko Aste Nagusiko musika klasikoaren amaiera bikaina izango dira flautak, klabezina, organoa, viola da gamba, perkusioa eta ahotsak.

EHUN KONTZERTU BAINO GEHIAGO

2018ko Aste Nagusi osoan, Udalak ehun jarduera musikal baino gehiago programatu ditu Bilboko hainbat lekutan. Jarduera horiek doakoak eta gustu guztiak asetzekoak dira, gaur egungo taldeetatik hasi eta bilbainada klasikoetara. Hauek dira kontzertuetako zortzi espazioak:

Abandoibarra: Kontzertuak eta herri-ikuskizunak.

Europa parkea: Kontzertuak, DJak eta ikuskizunak.

Plaza Barria: Munduko musikak.

Gizakunde eliza: Musika klasikoa.

Bilborock: Bertoko metala eta pop-rocka.

Casilda Iturrizar parkeko Pergola: Bilbainadak eta goatekeak.

Areatzako kioskoa: Bilboko Udal Banda.

Areatza: Berbenak, bandak eta fanfarreak.

Gustu musikal guztiak sartzen dira Aste Nagusian. Eszenatoki gehienetako espazioak bete egiten dira ia gauero, batez ere Gizakunde Eliza, Plaza Barria eta Bilborock aretoa. Leku guztietan dantza, erritmoa eta giro ona dira nagusi.

Aste nagusiak doako 400 jardueratik gora eskaintzen ditu bederatzi egunotan eta denen ezaugarriak dira kalitatea, aukera ugaria, berdintasuna, partaidetza eta doakotasuna. Jaietako eredu honek funtzionatzen du eta bisitari guztien mirespena pizten du.

MUSIKA KLASIKOAREN PROGRAMA GIZAKUNDE ELIZAN

Abuztuaren 18a, zapatua: San Petersburgoko Korua.

Abuztuaren 19a, domeka: Kosmos Ensemble.

Abuztuaren 20a, astelehena: Musbika.

Abuztuaren 21a, martitzena: Olatz Saitua sopranoa eta Beñat Egiarte tenorra, Itziar Barredo Cavero piano jotzailearekin.

Abuztuaren 22a, eguaztena: Elisso Bolkvadze.

Abuztuaren 23a, eguena: Cuarteto del Pino.

Abuztuaren 24a, barikua: BE Brass Quintet.

Abuztuaren 25a, zapatua: Tylman Susato Ensemble.