astelehena, hilak 6

Lehendakariak AUO Txagorritxu bisitatu du sua eragindako kalteak ezagutzeko

Sutea joan den larunbateko 22.45ak inguruan piztu zen ospitaleko arropa zuriaren atalean

Iñigo Urkullu Lehendakariak eta Jon Darpón, Osasun Sailburuak AUO Txagorritxuko instalazioak bisitatu zituzten atzo goizean, astelehena abuztuaren 6a, joan den larunbateko suteak eragindako kalteak ezagutzeko.

E. P - Martes, 7 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 11:20h.

Gasteiz. Lehendakaria eta Osasun Sailburua Araba ESIko zuzendaritzarekin batzartu ziren, sutearen ondorioz sortutako egoerari buruz hitz egiteko.

Bisitan, Lehendakariak "Ospitaleko profesionalen laguntza eta lana" eskertu ditu, "izan ere euren etxeetatik etorri, eta pazienteek eta profesionalek inolako arriskurik ez jasatea eta zerbitzuak azkar eta eraginkortasunez berriz ere martxan jartzea lortu baitzuten". Suhiltzaileen, Gasteizko Udaleko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren lana ere eskertu du. Era berean, gertatutakoarengatik pena hartu duela, eta "ospitaleko langileek erakutsitako konpromisoaz, zerbitzu publikoaz eta Arabako gizarteaz" harro dagoela adierazi du Lehendakariak.

Joan den larunbateko gauean, abuztuak 4, AUO Txagorritxuko Arropa zuriaren atalean izandako suteak ez zuen zauriturik eragin eta ez zuen eraginik izan ospitaleko funtzionamenduan. 22.45ean hasi zen, eta 23.00etan itzali zuten Gasteizko Udaleko Suhiltzaileek. Behin egiaztatuta inolako arriskurik ez zegoela eta eraikina segurua zela, ospitaleak normaltasunez funtzionatzen jarraitu zuen.

Sutea oraindik zehaztu gabe dauden arrazoirengatik piztu zen Arropa zuriaren atalean, -1. solairuan. Ospitaleko sukaldera ere iritsi zen, Arropa zuriaren ondoan baitago. Sutea toki gehiagotara iritsi ez bazen ere, solairu berean dagoen Larrialdi Zerbitzua jendez hustu behar izan zen eragindako kearengatik. Hiru paziente AUO Santiagoko Larrialdi Zerbitzura eraman ziren anbulantziaz, eta gainerakoak AUO Txagorritxuko Larrialdi Zerbitzuko atarian bertan izan ziren artatuak. Behin kea desagertuta, 00.30ak inguru, zerbitzua berriz hasi zen funtzionatzen normaltasun osoz.