ekintzen balantzea

Gazteen Gurutze Gorriaren jardueretan 21.500 haur eta gaztek baino gehiagok parte hartu dute

Haur eta gazteekiko duen konpromisoa baieztu du

EUROPA PRESS - Jueves, 9 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 09:57h.

DONOSTIA. Gazteen Gurutze Gorriak 2017an egindako ekintzen balantzea egin du eta haur eta gazteekiko duen konpromisoa baieztu du. Horrela, datorren igandean (hilak 12) izango den Gazteriaren Nazioarteko Egunean ospatuko dute. Hala, Euskadin gazte-atalaren boluntariotzan parte hartzen duten 398 gazteren "lan solidario eta eskuzabala" azpimarratu nahi izan du.

Era berean, jakitera eman dute Gazteen Gurutze Gorriak 2017. urtean gizarteratze- eta heziketa-lan handia egin duela, eta Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) bere programa eta proiektu sozioedukatiboen bitartez 21.581 haur, nerabe eta gazteri lagundu ahal izan diela.

Beren esanetan, parte-hartzaile gehien izan dituen programa Sentsibilizazio eta Prebentzio Programa izan da (10.775 parte-hartzaile);programa horrek Ingurumen Hezkuntza, Osasun Hezkuntza, Genero Ikuspegia, Indarkeriazko Jokabideen Prebentzioa eta Garapenerako Hezkuntzaren alorrean jarrera-aldaketak sortu nahi dituzten proiektu guztiak biltzen ditu.

Bigarren tokian, Gizarteko Esku-hartzearen eta Gizarteratzearen Programak 5.167 parte-hartzaile izan zituen 2017an. Bertan haur eta gazteen gizarteratzea lortu nahi duten ekimen guztiak bildu zituzten, baita hainbat proiektu lurralde osoan garatu ere, adibidez Eskola Arrakastaren Sustapena eta Ospitaleratutako Haurrak izeneko proiektuak. Bestalde, Parte-hartzearen Programak 452 parte-hartzaile izan ditu 2017an, haur eta gazteen parte-hartzerako proiektuekin, eta aisia eta astialdirako jarduerekin.

Gazteen Gurutze Gorriak aditzera eman duenez, azken urtean Sentsibilizazio eta Prebentziorako ekintzak areagotu egin dira, adibidez honako hauekin: "Hezkuntza-jostailua" proiektua, edo eskola-jazarpenaren prebentziorako kanpainak. EAE osoan 3.109 gaztek parte hartu dute horietan. Bestalde, Gizarteko Esku-hartzerako eta Gizarteratzeko jarduerak ere egin dituzte, Eskola Arrakastaren Sustapena proiektua eta haur eta nerabeentzako aisia eta astialdirako jarduerak, hiri-udalekuak eta udako beste hainbat jarduera.

Programa eta proiektu horiek gazte-ataleko boluntarioek diseinatzen dituzte, Gurutze Gorriak dioenez, "haur, nerabe eta gazteen beharrizanei modu integralean erantzuteko, haur, nerabe eta gazte horiek euren garapenaren protagonista gisa parte hartuz".