Bakearen aldeko aztergaia

Gernika gogoratuz elkarteko bost gazte Kroaziara joango dira Erasmus+ programaren bitartez

“Venues of Victims / Venues of Perpetrators” proiektua lantzera doaz Europako 12 herrialdetako beste kide batzuekin batera

Beste behin, Gernika Gogoratuz Elkarteak Europa mailako Erasmus+ programa batean parte hartuko du. Oraingo honetan, elkarteak aukeratutako bost gazte eta haien “youth leader” edo taldeko burua Kroaziara joango dira “Venues of Victims / Venues of Perpetrators” proiektua lantzera, Europako 12 herrialdetako beste kide batzuekin batera.

deia.eus - Viernes, 10 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 12:52h.

Abuztuaren 18tik 31ra bitartean, Jugoslavia zaharreko triskantzak bizi izandako herrialde honetan zehar ibiliko da gazte taldea: Zagreb, Jasenovac, Pula, Vukovar, Opatija... Hala, gatazka desberdinak bizi izandako tokiak bisitatuko dituzte eta lehen eskutik ezagutuko dituzte gerra pasatu zutenen testigantzak. Kroaziako narratibetatik hasi eta Europa osoko narratiben heterogeneotasunera jauzia egitea da kontua, historia bera egungo gazteentzako erakargarri eginez. Izan ere, historia beste begi batzuekin aztertzen ikastea da populismoa indargabetu eta balio europarrak partekatzeko bidea. Jarduera desberdinen bidez landuko dute hori guztia. Bidaia honetan, iraganak Kroazian utzitako leinua giza eskubideen eta memoria historikoaren ikuspegitik aztertzeko eta hausnarketarako espazioak sortzeko aukera izango dute gazteek, ondoren norberaren herrialdera bueltatu eta hausnarketa lanarekin jarraitzeko, Kroazian ikusi eta ikasitakoa aplikatuz.

Ostean, azaroaren 5etik 9ra bitartean, Gernika Gogoratuz erakundea arduratuko da proiektu honetako azkeneko topaketa antolatzeaz, Gernikan bertan. Nazioartean gerraren eta bakearen sinbolo bilakatutako toki historikoa delako aukeratu dute Gernika eta hain zuzen ere, bertan bilduko eta partekatuko dituzte proiektuan parte hartu duten gazteen esperientziak eta ikasitako guztia. Era berean, proiektu osoaren ebaluazioa eta balantzea egingo dituzte eta etorkizunean lankidetzan aritzeko aukerak aztertuko dituzte erakunde parte-hartzaileek.