Zirrikituetatik begira

X izpiak

Karmele Jaio - Viernes, 10 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

TTXAGORRITXUKO ospitalean nago. Erradiografia bat egin behar didate eta itxarongelan nago, zain. Abuztua da, Gasteizko jaiak dira, eta ez ohiko giroa nabaritzen da. Jende gutxiago, erritmo geldoagoa... Lepoan jaietako zapia daraman langilea pasatu da. Halako batean, bi ertzain agertu dira. Lehenengo bat agertu da, itxarongela miatu du eta gero agertu da bestea, eskumuturrak jarrita daramatzan gizon gazte batekin batera. Kartzelatik ekarri duten presoa da. Nire aurrean eseri dute, eta une batean gure begiradak gurutzatu egin dira. Egunon esan diogu elkarri, itxarongelan beste inor egongo ez balitz bezala.

Ertzainak zutik gelditu dira, ate alboan, eta bertan beste inor egongo ez balitz bezala hitz egin dute haien artean. Batek bere semeaz hitz egin dio besteari, eta halako batean mugikorra atera eta argazki batzuk erakutsi dizkio, harro.

Abuztua da. Jende gehienarentzat oporren sinonimo den hilabetean gaude. Batzuk jaietan daude, beste batzuk hondartzan, edo atzerrian... Baina abuztua ez da guztientzat berdina, bizitza bera berdina ez den bezala. Nire aurreko mutilak (hogei urte izango ditu?) eskuak lotuta daramatza. Ez dakit zer egin duen, zer gertatu zaion horrela bukatzeko, baina gauza bat argi daukat: pobrea da. Gauza bat argi daukat: kartzelak jende pobrez beteta daudela.

Telefonoa atera dut. Sareetan batzuen eta besteen oporretako argazkiak baino ez ditut aurkitzen. Bai, abuztua da, eta itxuraz mundu guztia dago oporretan, nonbaiten, gozatzen. Begiak pantailatik altxatzean baina, preso dagoen mutila berriz ikustean, errealitatea beste bat dela gogoratu dut. Bai, batzuetan beharrezkoa da begirada pantailatik altxatzea errealitatea ikusteko. Gure gizartea X izpien bitartez ikusteko.

Erizaina atera da. Gaztearen txanda da. Ertzain batekin batera sartu da barrura. Sartu baino lehen, baina, atzeruntz begiratu du, ni nagoen lekurantz, eta “egun ona izan dezazula”, esan dit. “Berdin”, erantzun diot, baina gero nire hitzak irensteko gogoa izan dut. Ez garelako denak mundu berdinean bizi. Inoiz ez delako berdin.