udazkenean hasiko dira erabiltzen

Aldundiak garbigune mugikorrak jarriko ditu udalerrietan zerbitzua eraberritzeko asmoz

Garbiguneak informatizatzeko proba pilotu bat abiatu du Bizkaiko Aldundiak.

9 garbigune nagusien ordutegia luzatuko da aste osoan zehar eta hondakin mota gehiago onartuko dituzte

Garbikerrek metalezko edukiontzi garraiagarri horiek ipiniko ditu, udazkenean hasiko dira erabiltzen, eta aldi baterako kokatuko dira proiektuan parte hartzeko interesa duten herrietan.

deia.eus - Lunes, 13 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 11:28h.

Foru erakundeak hobekuntzarako egingo dituen jarduketetako bat da ekimen hori;gainera, lehendik dagoen sarearen barruan 9 garbigune nagusi ezarriko dira, eta horiek aste osoan egongo dira zabalik, jendearentzako ordutegi luzeagoa izango dute eta gainerakoek baino hondakin gehiago onartuko dituzte. Sare osora zabalduko da zerbitzuaren digitalizazioa, aurten proba pilotu moduan hasitakoa ekipamendu horietariko bostetan, eta horrela lortuko diren datuek aukera emango dute zerbitzua erabiltzaileen benetako eskariei egokitzen joateko. Bestalde, aurten eta datorren urtean inbertsioak egingo dira garraiorako bi kamioi berri erosteko, ekipamendu horietako edukiontzien % 25 berrituko dira eta mantentze plan bat garatuko da.

Bizkaiko Foru Aldundiak, udazkenetik hasita, garbigune mugikorrak jarriko ditu ekimen horretan parte hartzeko prest agertu diren Bizkaiko udalerrietan, ekipamendu horietan ematen den zerbitzua eraberritu eta eguneratzea xede duen jarduketa-plan baten barruan. Gainera, garbiguneen ordutegia luzatu egingo da eta hondakin mota gehiago eraman ahal izango zaizkie. Garbikerrek metalezko edukiontzi garraiagarriak ipiniko ditu eta horietara eramaten diren hondakinak biltzeaz arduratuko da.

Garbigune mugikorrak herrien erdialdean kokatuko dira, nola erabili behar diren azaltzen duen informazio panel banaren ondoan, eta instalatu baino astebete lehenago abisua emango zaie herritarrei, horrela, erabili nahi dutenek euren hondakinak batzeko denbora izan dezaten. Edukiontzi mota hori aldi baterako jarriko da, udalerri bakoitzeko biztanle kopuruaren arabera zehaztuko da zenbat egunetarako, baina gehienez ere astebeterako. Epea amaitutakoan edukiontzia kendu, hustu, eta beste leku batera eramango da. Edukiontziek zenbait hondakin mota biltzeko konpartimentuak izango dituzte. Metalezkoak izango dira eta bandalismoaren aurka babestuta egongo dira.

Hori ez da izango udazkenetik aurrera garatu beharreko ekimen bakarra. Aurreikusita dago, gainera, zonakako estrategia bat ezartzea, lehendik badagoen sarearen barruan bederatzi garbigune nagusi ezartzeko. Gainerakoen aldean berezitasun hauek izango dituzte:

Egunero zabalduko dira, igande eta jaiegunetan izan ezik. Gainerako garbiguneetan arau orokor gisa onartzen diren hondakinak ez ezik, bestelakoak ere uzteko instalazioak izango dituzte: etxeko hondakin arriskutsuak (metalezko hondakin txikiak, esaterako zartaginak edo eltzeak;olio-iragazkiak;produktu fotokimikoak, esaterako erradiografiak, filmak eta argazki-papera;desugertzaileak, agoarras sintetikoa, tinduak, zuraren babesgarriak, aerosolak...) eta berriz erabiltzeko moduko kontserbazio-egoeran egon daitezkeen objektuak eta tresnak (altzariak, etxetresna elektrikoak, aparatu elektriko eta elektroniko txikiak, bazar-gaiak, liburuak...).

Garbigune nagusi horiek Barakaldokoa, Basaurikoa, Durangokoa, Erandiokoa, Gernika-Lumokoa, Getxokoa, Gueñeskoa, Igorrekoa eta Markinakoa dira, eta hiru irizpide erabili dira horiek aukeratzeko: euren ingurunean biztanle gehien edo biztanle-dentsitate handiena duten herrietan daude;euren azpiegiturak daude ondoen prestatuta, a priori, hondakin mota berriak onartzeko, eta leku zabalagoa dute;jarduera eta erabilera handieneko garbiguneak izan dira, bakoitza bere zonan.

Kontuan izanik garbigune horietan orain arte baino hondakin mota gehiago bilduko direla, Garbikerrek zerrenda berria eman dio bere prebentzio-zerbitzuari, azter dezan eta erabaki dezan ea beharrezkoa ote den segurtasun neurri gehiago ezartzea, garbiguneetako langileek horrelako hondakinak manipulatzean arriskurik ez izateko.

Secciones