Zirrikituetatik begira

Umekeria erraldoia

Ana Urkiza - Lunes, 13 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

UME baten portaera deskribatzeko eskatuko baligute, bi ezaugarri bederen, hauek liratekeela esango genuke: batetik, berearekin atera beharra eta aterabiderik ikusten ez duenean, mendekua hartzeko joera. Atzetik edo ezkututan bada ere. Nahi duena bere neurrira lortzeko abilezia. Bestetik, beldurrari aurre egin beharra eta horretarako lasaigarriak zaizkion trikimailuak erabiltzea.

Gogoratzen dut, etxekoak txikiak zirenean, gauerdian beldurrez esnatzen zirenean, fisikoki uxatu behar izaten genituela ustez etxeko korridorean ezkutatutako sorgin eta munstro tzarrak. Papera hartu, paperean munstroa pintatu, papera txiki-txiki egin, komunetik behera bota eta bonbari tira egin behar izaten genion. Erritual osoa lasaituko baziren.

Lasaitzeko edo mendeku hartzeko modu eta premia hartaz gogoratu naiz, aurten, Getxokophotok irailaren 6tik 9ra bitartean bere erakusketan jasoko duen argazki baten berri izan dudanean. Estatu Batuetako presidente ahalguztidunaren, Donald Trump-en, aurpegia inprimaturik daukan koltxoneta erraldoi bat jarriko du lurrean. Koltxonetaren aldamenean, Tranpolina: burdinazko egitura bat, bi metro inguruko garaierakoa, bertatik koltxonetara, hau da, Tranpolinetik Trump-en aurpegira, jauzi egin ahal izateko.

Asmo lotsagabea du, ezbairik gabe, instalazioak. Baina, ezbairik gabe, barruan daramagun umea lasaitzeko edota mendeku hartzeko bide katartikoa luzatzen du Kessels eta Thomas Mailaender-ek sortutako argazki euskarri xelebreak. Erritual osoarekin bete beharko da.

Umekeria dela? Errespetu falta erakusten eta sustatzen duela? Mendeku nanoa dela?

Baliteke. Baina iritzia eta sentitzeko modu bat azaltzeko bidea ere ba da. Bakarkakoa eta kolektiboa, batera. Bozka bezala. Inpotentziaren aurrean barrua lasaitzeko bidea. Ahalguztidunaren bidegabekerien aurrean, entzuten ez duenaren aurrean, nahi duena egiten duen ume erraldoiaren aurrean, mendeku hartzeko era intimo, asebetegarri eta, akaso, demokratikoena.