Gorka Urtarane

Gasteizko udalak Andre Maria Zuriaren jaietako parte-hartze handia eta giro ona nabarmendu ditu

Alkateak herritarrek indarkeria matxisten kontra irmo erreakzionatu izana goraipatu du

Gasteizko Udalak 2018ko Andre Maria Zuriaren jaien balantzea egin du. Alkate Gorka Urtaranek eta Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok egin dute balorazio ofiziala, gaur goizean. Alkateak hirian azken egunetan izandako “parte-hartze handia eta giro ona” nabarmendu ditu;hala ere, "ezin da esan jaiak bikainak" izan direla, indarkeria matxistaren kasuek “ilundu” baitituzte.

deia - Lunes, 13 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 11:56h.

Gasteizko alkateak irmo gaitzetsi ditu gertatu diren hiru abusu-kasuak eta sexu-erasoa;orobat, sostengua adierazi die erasoa jasan duten emakumeei, eta “herritarrek egoera horien kontra irmo erreakzionatu izana" goraipatu du. "Gasteiztarrak zoriontzen ditut izan duten jarreragatik, berriro erakutsi baitugu ez dugula etsiko jarrera eta eraso matxistak desagerrarazi arte, jaietan eta urte osoan”. 

Gertaera arbuiagarri horiek kenduta, Gorka Urtaran oso pozik agertu da jaiekin, eta pregoitik Zeledonen igoerara arte izandako “parte-hartze handia” eta “giro ona” azpimarratu ditu. 2018ko Andre Maria Zuriaren jaietan sartutako berrikuntzen “arrakasta” ere aipatu du. "Zeledonen jaitsieran, bigarren urtez, ez da beirarik sartu plazara. Eta aurten, ezta latarik ere. Horren ondorioz, ez da ebaketa bakar bat ere gertatu, ezta etilismo kasurik ere”, gogoratu du alkateak. Gainera, suziriaren jaurtiketara joan zirenetako askok jantzi moreak eraman zituzten, eta “herritarrek indarkeria matxistaren kontrako sentiberatasuna erakutsi zuten berriro”. 

Gorka Urtaranek, halaber, Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera nabarmendu du. "Oso erabaki egokia izan da, bai Edurne izena bai ekitaldia Andre Maria Zuriaren plazara aldatzea. Bertaratuek izugarri disfrutatu zuten”, azaldu du. Aurtengo Andre Maria Zuriaren jaietako beste berrikuntza bat TUVISAren eskaeraren araberako geldialdiak izan dira. “Oso ondo funtzionatu du, eta garraio publikoan bidaiari-kopuruak beste errekor bat lortzea ekarri du”, esan du alkateak. Alkateak esker ona adierazi die "udal langile guztiei, baita dena ondo joan zedin Udalak kontratatutako enpresetakoei ere”. 

Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok, berriz, berrikuntzak arrakastatsuak izan direla nabarmendu du: “jai modernoagoak, parte-hartzailegoak eta gardenagoak eta XXI. mendekoak egingo genituela esan genuen, eta halaxe izan da”. Era berean, zorionak eman dizkie blusa eta neskei, teknikariei eta artistei,“kultur kalitate handiko jarduerak eskaini dituztelako”;zoritxarrez, “guztiok jaietan erabateko askatasunez ibiltzeko erronka ez lortzea” deitoratu du.