6.320 kilometroko bidaia

20.000 pertsonek bisitatu dute Bizkaia Goazen autobusa

Bost hilabeteko ibilbidea egin du lurraldeko 65 udalerritatik

Autobusak, 6.320 kilometroko ibilbidean bisitatu dituen ehun bat kokalekutan, 805 kolektibo eta elkarte jaso ditu. Mapa interaktiboek eta ukimen-pantailek 30.000 kontsulta eta 2.300 ekarpen jaso dituzte. Bisitariek eskaini diren edukien eta esperientzia orokorraren inguruan egin duten batez besteko balorazioa 8,07koa izan da 10etik. Autobusaren estaldura Bizkaiko biztanleriaren % 96ra iritsi da.

Deia.eus - Martes, 14 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 12:50h.

Bilbo. Guztira, 19.556 pertsonek bisitatu dute Bizkaia Goazen autobusa urtarrilaren 30ean Bilbon aurkeztu zenetik pasa den uztailaren 6an Sondikan egin zuen azkenengo bisitara bitartean, eta lurraldeko eskualde guztietara iritsi da. Bizkaiko Foru Aldundiak bere kudeaketa, eskaintzen dituen zerbitzuak eta egiten dituen programa eta proiektuak ezagutarazteko martxan jarri duen autobus ibiltariak 6.320 kilometro egin ditu eta 65 udalerritako 98 kokalekutan egon da. Bizkaiko Batzar Nagusiaren eskaeraren ondorioz sortu zen ekimenaren bidez, Aldundiak bere lana eta eskaintzen dituen zerbitzuak gerturatu nahi izan die herritarrei, eta lurraldeko biztanleriaren % 96ra iristea lortu du.

Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera, autobusak, bisitari kopuruaren arrakastari eta bisitarien parte-hartze aktiboari dagokienez, legegintzaldi honetarako ezarrita zituen helburuak bete ditu. Halaxe irizten du Maitane Leizaola Bizkaiko Behatokiko zuzendariak: Foru Aldundia Bizkaiko txoko guztietara eta lurraldeko pertsona guztietara hurbiltzea zen gure helburua, eta lortu dugu. Bost hilabetetan zehar, Bizkaia Goazen autobusak 65 udalerri eta ia ehun kokaleku desberdin zeharkatu ditu, betiere, Bizkaiko jendea zegoen tokian. 20.000 pertsona inguruk hartu dute parte modu aktiboan ekimen honetan eta beraien iradokizunak, iritziak, kexak eta kezkak helarazi dizkigute. Arreta handiz, entzun, aztertu eta kontuan hartuko ditugu.

Herritarren elkarreragin handia era partaidetza-postontzia beteta

Bizkaia Goazen autobusera hurbildu diren milaka pertsonek elkar eragiteko, ikus-entzunezko eta multimediazko espazio batekin egin dute topo;ikuspegi desberdinetatik, Bizkaiko Foru Aldundiak eskaintzen dituen zerbitzuak eta zerbitzu horiek pertsonen egunerokoan duten eragina azaldu dizkien espazio bat. Azalpenetarako, informazio-panelen, bideoen eta ukimen-pantailen bidez, adibide zehatzak erakutsi dituzte.

Herritar orok izan du Bizkaia Goazen autobusean sartzeko aukera;eta, gainera, hitzartutako zenbait bisita antolatu dira hezkuntza-zentroekin eta udalerri bakoitzeko elkartegintza-sarearekin. Zentzu horretan, era guztietako 805 kolektibo edo elkartek bisitatu dute foru autobusa: auzo-elkarteak, kultura- eta kirol-elkarteak, merkatarienak, adinekoenak, ETEak, bai eta bigarren hezkuntzako, lanbide-heziketako eta unibertsitateetako ikasleak ere.

Autobusa, bisitatu duten pertsonentzako, multimedia euskarrietan azaldu diren proiektu bakoitzaren galdetegi, partaidetza-dinamika eta ebaluazioen bidez, iradokizunak ekartzeko eta Bizkaiko Foru Aldundiak eskaintzen dituen informazio eta zerbitzuak baloratzeko tokia ere izan da.

Mapa interaktiboek eta ukimen-pantailek arretaz hartu eta gogoan hartuko ditugun 30.000 informazio-kontsulta baino gehiago eta 2.387 iradokizun jaso dituztela azpimarratu du Leizaolak. Horrela, iruzkin, ebaluazio eta ekarpen guztiak aztertuko dira;hala behar denean, sail egokietara bideratuko dira, eta foru proiektu ezberdinen ebaluazioan jasoko dira.

Era berean, Bizkaia Goazen autobusaren bidez, 550 pertsona foru erakundeak herritarrekin harreman aktiboa sustatzeko sortu duen Bizkaitarren Sarera gehitu dira, Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri dituen herritarren partaidetza-ekimenen berri izateko xedearekin.

Bizkaiko Behatokiko zuzendariak herritarren parte-hartze aktiboa eskertu du bereziki, bai eta bisitaren gainean egin duten balorazio altua ere: Bisitariek 10etik 8,07 puntu eman dizkiote esperientzia berritzaile honi. Baloratu diren euskarri eta espazio guztiek 7 puntuko balorazioa (10etik) gainditzen dute. Gerturatu izana, aktiboki parte hartu izana eta jarri diguten nota eskertu nahi diet pertsona horiei guztiei. Ezinbesteko laguntza izan da hobetzeko eta gobernu aktiboa, gertukoa eta arduratsua izaten jarraitzeko, esan du amaitzeko Maitane Leizaolak.

Bi bidaia-lagun

Autobus ibiltariak egin duen ibilbidean, eskaini dituen edukiak osatu dituzten eta BBKren lankidetza izan duten bi elementu izan ditu: Bilboko Arte Ederren Museoko 40 artelanen kopien erakusketa bat eta food truck-a, Bizkaiko produktuak dastatzeko. Bilboko pinakotekaren erakusketa ibiltariak 7.696 bisitari jaso ditu eta laginaren 380 aurkezpen eskaini dizkiete talde eta kolektibo bisitariei.