400 jarduera baino gehiago antolatu ditu Udalak

Bilbok programazio berezia izango du partaidetzara eta herritarrei irekia, Aste Nagusiaren 40. urteurrenean

Bilbok programazio berezia, partaidetzara eta herritarrei irekia, izango du nazioartean erreferente den aste Nagusiaren 40. urteurrenean

Aste Nagusia hilaren 18an, zapatua, 19:00etan, Arriaga Antzokiko balkoitik pregoia irakurri eta txupinazoa jaurtitzen denean hasiko da

Aste Nagusia jai-eredu honen erreferentzia bihurtu da atzerrian, gai delako bederatzi egunetan Europako hegoaldeko aisialdi eta kulturaren arloko doako eskaintzarik handienetako bat antolatzeko. Egin eginean ere, iaz milioi bat lagun baino gehiago izan ziren Bilboko Udalak antolatutako jardueretan parte hartzen.

Martes, 14 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 13:14h.

Bilboko Udalak aurtengo Aste Nagusiko programazio guztia aurkezteko prentsaurrekoa egin du;Aste Nagusia abuztuaren 18an, zapatuz, arratsaldeko zazpietan hasiko da Arriaga Antzokitik pregoia irakurri eta txupinazoa jaurtitzen denean. 9 egunen eta 8 gauren hasiera izango da, era eta adin guztietako jendearentzako jarduerekin, betiere Bilboko jai-ereduaren hiru ezaugarri hauek beteta: kalitatea, aniztasuna eta doakotasuna. Abuztuaren 18tik 26ra, aisiaren eta kulturaren hiriburu izango da Bilbo .

“Aste Nagusiaren ezaugarriak dira kalitatea eta aniztasuna, eta jarduera herrikoiak eta parte-hartzaileak programatzea;aurten, urrats bat gehiago eman dugu, 40. urteurrena dela eta, jaiok posible egin dituzten bilbotarren belaunaldi guztiak omendu nahi ditugu-eta” azaldu du aurkezpenean Itziar Urtasun Jaietako zinegotziak. Aste Nagusiak berrogei urte beteko ditu eta urteurrena ospatzeko, Udalak hainbat jarduera antolatu ditu bilbotarrak eta bisitariak ospakizunetara batu daitezen:

Aste Nagusiko historiaren erakusketa: abuztuaren 17an (barikua) hasita, erakusketa bat egingo da Euskal Museoan, Aste Nagusiko historia gomutatzeko.

Urtebetetze-tarta

Ekitaldi hori abuztuaren 20an (astelehena), 17:00etatik 19:00etara bitartean izango da, Gaseko plazan;Bilboko Udalak eta Bizkaiko Gozogileen Elkarteak 5000 pasteltxo banatuko dituzte euro bateko prezio sinbolikoan. Bildutako diru guztia CEAR Euskadi elkartearentzat izango da.

Su Dantza, ikuskizun piromusikala

Abuztuaren 25ean (zapatua), 22:30ean hasita, su artifizialen gauei amaiera emateko ikuskizunak ibaia argiz, soinuz eta kolorez betetzeaz gain, musika eta mugimendua ere izango du. Soinu-ekipo berezi bat eta ur gaineko hiru plataforma –jaurtiketarako eta proiekzioa egiteko guneak izango dira- jarriko dira Campo Volantin eta Guggenheim Museoaren parean;horrela, ahal denik eta jende gehiena bilduko da eta ikuskizuna ondo ikusteko aukera egongo da. Ibaiaren alde biak, Pedro Arrupe zubiaren eta Udaletxeko zubiaren artean, egokiak izango dira ikuskizuna ondo ikusteko.

Diskoteka eta txokolatada Txikigunean

Txikigunean, abuztuaren 24an, 18:00etan. Umeek txokolatea jan eta diskofesta baten musikaren erritmoan dantzan egin ahal izango dute.

Aste Nagusiko historiaren erakusketa

abuztuaren 17an (barikua) hasita, erakusketa bat egingo da Euskal Museoan, Aste Nagusiko historia gomutatzeko.

1978ko jaiak bultzatu zituen partaidetzan oinarritutako ekitaldi berezi hauek beste 400 jarduera berrituri gehituko zaizkio. Horien artean, hauek aipatuko ditugu: musikaren arloan, Abandoibarrako, Europa parkeko eta Plaza Barriko kontzertuak;metal eta pop-rockeko erakustaldiak;bilbainadak, bertsolaritza saioak, pilota-partiduak, herri-kiroletako erakustaldiak eta euskal folklorea;kale-antzerkia;su artifizialak eta familia-giroko Txikigune espazioa, Casilda Iturrizar parkean. 2017an, 1.300.000 pertsona baino gehiago izan ziren Aste Nagusiko jarduera horietan.

Urtez urte, eta horrela 40ra iritsi arte, Bilboko Aste Nagusia jai-eredu honen erreferentzia bihurtu da atzerrian, gai delako bederatzi egunetan Europako hegoaldeko aisialdi eta kulturaren arloko doako eskaintzarik handienetako bat antolatzeko. Eskaintza hori Balioen Hiriari –Bilbao Balioen Hiria- lotuta dago, oinarri dituena zenbait balio, besteak beste, dibertsitatea eta inklusioa, partaidetza, nortasuna, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, sormena, ahalegina eta ilusioa.

SU ARTIFIZIALAK

Nazioarteko Su Artifizialen Lehiaketaren XXVIII. edizioa abuztuaren 18tik (zapatua) 24ra (barikua) bitartean egingo da. Guztira, zazpi izango dira lehiatuko diren piroteknia-etxeak eta bi eskainitako sariak: epaimahaiarena eta publikoarena, azken hau herritarren bozketa eginez erabakiko dena.

100 KONTZERTU BAINO GEHIAGO URIKO ZORTZI ESPAZIOTAN

Aurtengo Aste Nagusirako, 100 musika jarduera baino gehiago antolatu dira uriko zortzi espaziotan, gaurkotasun handiko taldeak, estilo askotakoak, musika klasikoa, bilbainadak, dantzaldiak eta goatekeak:

Abandoibarra eta Europa parkea

Gauero, hainbat artistak eta musika-estilok Abandoibarrako eta Europa Parkeko eszenatokiak beteko dituzte. Gatibu, Rozalen, La Pegatina, Santiago Auseron. Sebastian Yatra eta David DeMaría artistak edo bandak daude, besteak beste, Aste Nagusiko kartelean.

Plaza Barria

Kultura askotako erritmoen hitzordua Plaza Barrian izango da gauero, 23:30ean hasita;Euskadiko, Marokoko, Espainiako, Jamaikako, Estatu Batuetako, Ingalaterrako, Bretainiako, Aljeriako eta Frantziako artistek han joko dute-eta.

Gizakunde eliza

Aste Nagusian, musika klasikoaren zaleek hitzordu bat daukate gauero Gizakunde elizan 20:30ean.

Bilborock

Bizkaiko Metal eta Pop-rockeko taldeek lekua izaten jarraituko dute 2018ko Aste Nagusian Bilboko Udalak antolatzen duen Bertako Pop-rockaren Erakustaldiaren 33. edizioari esker. Guztira, Bizkaiko 16 taldek beteko dute Bilborock Aretoa abuztuaren 18tik 25era. Egunean kontzertu bi egingo dira, 20:00etan eta 21:00etan, eta sarrera librea izango da aretoa bete arte.

Casilda Iturrizar parkeko pergola

Aurten ere, Casilda Iturrizar parkeko Pergolara itzuliko dira bilbainadak. Bertoko musika genero honen jatorria On Diego Lopez Harokoak uria fundatu zueneko garaian dago. Bilbainadak abuztuaren 19tik 26ra, domekatik domekara, egingo dira 12:00etan.

Goateketan dantzan egiteko aukera egongo da, zapatuan, abuztuak 18, hasi eta hilaren 25era arte (zapatua), 21:00etan, Luis Carlos del Pozo JDrekin;eta, 23:30ean, talde batzuekin. Taldeen artean hauexek egongo dira: Los Reyes de Guateque, Pan con Chile eta Los Diablos. Areatzan egunero izango dira dantzaldiak, abuztuaren 18tik 25era, saio bikoitzean (23:15ean eta 01:45ean).

Bilboko Udalaren Musika Bandak egunero joko du Areatzako kioskoan, 12:00etan.

TXIKIGUNEA

Aste Nagusiko Txikigunea benetako “Balioen Uri Txiki” bihurtuko da familientzat. Bilboko Udalak etxeko txikienek, 0 eta 12 urte bitartekoek, ikasten eta balioetan hezten diren bitartean jaietan ondo pasatzeko programa bat prestatu du.

ANTZERKIA

Bilbok 18 emanaldi eskainiko ditu 2018ko Aste Nagusiko kaleko antzerki eta arte eszenikoen programazioan. Proposamenen artean bost lan lehenengo aldiz eskainiko dituzten Euskadin eta bat estatu-mailako estreinaldia izango da. Arriaga plazan eta Gaseko plazan izango dira ikuskizunak, abuztuaren 19tik 26ra.

EUSKAL FOLKLOREA ETA HERRI KIROLAK

Goizean, folkloreak esnatuko du hirira, hain zuzen ere, txistulariak eta dultzaineroak 10:00etan hasiko dira Zazpi Kaleetan zehar lehenengo doinuak jotzen.

Erraldoiak eta buruhandiak ere protagonista izango dira Aste Nagusian. Egunero, 11:00etan, Euskal Museotik abiatuko dira euren dantza berezi horiekin.

Horien ostean, 13:00etan, bertsolariek hitza hartuko dute Santiago plazan. Ordu berean, bilbainaden zaleek hitzordua izango dute Zazpi Kaleetan, Bilbotarrak taldearen eskutik. Plaza Barrian, arratsaldeetan, erromeria egongo da eta talde profesionalek euskal dantzen erakustaldiak eskainiko dituzte. Horren ostean dantzaldi herrikoia izango da. Nahitaezko hitzordua izango da abuztuaren 21ean, martitzenez, “larrain-dantza” tradiziozkoa izango da-eta. Herritarrak euskal jantziekin jantzita joango dira.

Astean zehar, Herri kirolen erakustaldiak Areatzan, pilota partiduak Erripa kaleko frontoian eta Bilbo Hiria XLI. Estropada egingo dira. Nobedade moduan, aurten estropaden emakumeen ligako estropada egingo da, Emakumeen Bilboko III. Ikurriña.

AMSTEL ERAKUSKETA

Bilboko Udalak, Amstel markarekin elkarlanean, argazki-erakusketa bat antolatu du. Uribitarte pasealekuan egongo da Aste Nagusian. Aste Nagusiaren aurreko edizioetan egindako argazki 14 paneletan egongo dira ikusgai. Argazkiek jai-giroa ez ezik, “Bilboko Balioen Agirian” jasotako balioak ere islatuko dituzte.

*** Informazio zehatza erantsitako dokumentu batean.

SARE SOZIALAK ETA WEB ORRIA

Aste Nagusiaren web-orri ofizialean egun guztietako programazioa kontsultatzeko ez ezik, jaietako berri, bideo eta irudi guztietara sartzeko aukera ere egongo da. Bilboko Udalaren eta Bilbao Jaien sare sozialetako kontu ofizialetan ere badago informazio hori guztia:

Secciones