Portugaleten

Bikote bat inputatu dute, piperbeltz-espraia erabiliz lapurreta egitea leporatuta

Ertzaintzako agenteek 25 urteko emakume bat eta 32 urteko gizonezko bat inputatu zituzten iragan igande eguerdian (hilak 12) Portugaleten, indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta.

EUROPA PRESS - Martes, 14 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 09:58h.

BILBo. Herrizaingo Sailaren arabera, susmagarriek piperbeltz-espraiarekin busti zizkioten begiak gizonezko bati, Portugaleteko Pando Etorbidean zegoela eta, jantzita zeraman urrezko katea bortxaz kendu ondoren, alde egin zuten.

Gertakaria joan den larunbatean (hilak 11) eguerdiko hamabiak aldera gertatu zen. Ertzaintzak dioenez, gizonezko bat Portugaleteko Pando Etorbideko eskailera batzuetan eserita zegoen;une horretan, neska gazte bat hurbildu zitzaion, eta berarekin hizketan hasi ondoren poltsikotik piperbeltz-espraia atera eta begiak busti zizkion, une batez biktima itsututa utzita. Jarraian, jantzita zeraman urrezko katea kendu zion bortxaz, eta telefono mugikorra kentzen ere ahalegindu zen, baina gizonezkoak aurre egin zion eta ez zuen lortu. Berehala korrika irten ziren neska eta berarekin zegoen gizonezkoa Carlos VII.a kalerantz.

Behin Ertzaintzak gertatutakoaren berri izan zuenean, patruilei eta Portugaleteko eta inguruko herrietako udaltzaingoei jakinarazi zien. Horrela, handik laster jakinarazi zuen Portugaleteko Udaltzaingoaren dotazio batek lapurreta gertatu baino minutu batzuk lehenago identifikatu zuela bikotea Ballonti merkataritza gunean, haien jarrera susmagarria iruditu zitzaiela-eta.

Behin ustezko lapurrak identifikatu ondoren, Ertzaintza eta udaltzainak haien bila hasi ziren epailearen aurrera eraman ahal izateko, eta igande goizean aurkitu eta atzeman zituen Santurtziko Udaltzaingoak Portugaleteko San Pedro kalean, eta Ertzaintzari jakinarazi zion.

Horrela, Ertzaintzaren patruila bat hurbildu eta, 25 urteko emakumezkoa eta 32 urteko gizonezkoa identifikatu eta beharrezko frogaketak egin ondoren, indarkeria erabiliz egindako delitu batengatik ikertu gisa dagozkien eskubideak jakinarazi zizkien.

Susmagarriei gero egindako prebentziozko miaketan hainbat objektu aurkitu zizkieten, besteak beste, linterna bat, bihurkin burulau bat, labana bat, kristala apurtzeko mailu bat, pintura-esprai bat eta puntarik gabeko birabarki bat.