Zirrikituetatik begira

Perseidak

Josu Torre - Martes, 14 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

AISIA edota opor garaia denez, egunotako izar euri edo erauntziak dakarten istoriotxo bat kontatzea deliberatu dut. Aspaldikoa bada ere, sarri etortzen zait gogora. Ipuina edo istorioa ez ezik, gertaera borobila zelako garai eta eremu haietan. 1970.eko hamarkadan kokatzen naiz, itxas pilotu praktikak egite bidean Murtziako Cartagena portura abiatu nintzen, handik Persiako Golkora petroiloa bila joateko asmotan. Kosta ikutu gabeko 60 bat eguneko bidaia luzeetan, Afrika Hego Muturretik bueltan, majinabat gau luzez pasiatu nintzen ontziaren zubi eta hegaletatik Ginés izeneko marinel batekin. Nire aldean adinean aurrera eta bere itxas ibilbide dena ofizial euskaldunekin egin izana harro zioan behin eta berriro eta ia denei kontatu omen zien neronek gogora dakartzueten hau. Izar iheslari hauetariko bat ikusten genuen bakoitzeko, “Se ha ido con el novio”, esaten zidan eta halako baten honako istorioa bota zidan.

Murtzia ez ezik Valentzia eta Almeriako lurraldeetan, nerabe, neska gazte eta ez hain gazteak erabat galazorik zeukaten mutilekin ibiltzea familiako karabina bat aldamenean eraman ezik. Zein moduko bizkartzaina halako tolerantzia baina betire muga nabarmenak zirriak edo besterik egiteko orduan. Etzen ez egun edo hilabetetako zaintza, ezkondu artekoa baizik eta arau hori haustuz gero zigorra edota saria ongi definitua zegoen. Hortik zehar ibili ohi den mutilarekin ezkondu behar zuen. Esan gabe doa ihesaldi horiek lehen bait lehen ezkondu nahi zutenak erabiltzen zituztela. Idatzi gabeko legeetako bat gaua etxetik landa pasatzearena zen, noski. Gerora inon irakurri dut ijitoak antzeko arauak dituztela eta hauek, gainera, birjintasunaren froga ere egiten ei diote neskei. Mutilei ez. Ez dakit gizonezkoek karabina eramatera behartzen zintuzten baina berdin dio, neskarena zegoen bertan.

Gehienetan serioegi ote nabilen zalatzen naute irakurle batzuk eta Mediterraneo itsas aldeko ipuin edo istorio xinple hau eskaini dizuet, milioika perseida horiek norekin joan diren jakin dezazuten.

Secciones