“EZ beti da EZ”

Aburtok eraso sexistarik gabeko hiria eskatu du Aste Nagusi honetarako

Kanpainaren aurkezpena

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak berdintasunezko eta erasorik gabeko Aste Nagusiaren aldeko prebentzio eta sentsibilizazio-kanpaina berri baten aurkezpenean buru aritu da

Bilboko Aste Nagusia hasteko ordu gutxi falta direla, Bilboko Udalak eraso sexistei buruzko prebentzio eta sentsibilizazio-kanpaina berri bat aurkeztu du, Bilbo, jaietan ere, eraso sexistarik gabeko uri gisa sendotzeko.

deia - Jueves, 16 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 12:39h.

Bilbo. Juan Mari Aburto alkatearen hitzetan “Aste Nagusian eraso batek ere ez du lekurik. Urtero abian jartzen ditugun kanpaina hauen bidez jokaera sexistak, errespeturik gabeak, errotik kendu nahi ditugu gure gizartetik. Balioen uri honetan bizikidetza, erantzukizuna eta askatasuna dira garrantzitsuenak, horrela denok ahalik gehien gozatzeko, beldur barik”.

Arriaga Antzokian gaur goizean izandako prentsaurreko batean egin ditu adierazpenak alkateak eta bertan azaldu du udalak eta uriak Aste Nagusiaren edizio berri honi nola ekingo dioten. Berriz ere, generoa eta sexu-orientazioa direla-eta diren eraso-mota guztiekiko erabateko gaitzespena adierazi du. Alkatearekin batera, Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotzia den Itziar Urtasun, Bilboko Konpartsak eta merkatari eta ostalari-elkarteetako ordezkariak egon dira.

MariJaiak irudi berria estreinatuko du. Eskua luzatuta edukitzen jarraituko du horrela NO ES NO / EZ BETI DA EZ mezua adierazteko. Eskuak protagonismo handia du eta esku txiki asko agertzen dira irudiaren hondoan, herritarrek erasoen aurka duten inplikazioa islatzeko eta aniztasunaren eta berdintasunaren alde egiteko. “Aurten ezin izan dugu herritarren inplikazioa ahaztu eta gonbidapena luzatu diegu erabateko eta jendaurreko erreakzioak edukitzen jarraitzeko. Bilbon 10 urte baino aldi luzeagoaz egindako kontzientziazio-lana bere fruituak ematen hasi da”, azaldu du Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotzia den Itziar Urtasunek.

Herritarren inplikazioaz, alkateak hauxe adierazi du: “Neu naiz inplikatzen lehena, egoera arbuiagarri eta mespretxagarri hauen aurrean gaitzespena adierazten duen lehena. Eta zuek guztiok inplikatzea nahi dut. Erasoek erantzun bat eduki behar dute: denok batera emandako erantzun sozial eta kolektibo erabatekoa. Jarrera aktiboa eduki behar dugu, izan ere EZ BETI DA EZ. Horrelakoak gertatzea ekidin behar dugu”.

Bilboko Udalak berriz ere erabiliko du “NO ES NO / EZ BETI DA EZ” lema, mezu sinple eta sendoa da-eta. Herritar gehienek euren egin badute ere, Berdintasun Sailak mezua atxikitzeari garrantzitsu deritzo, eraso sexistez sentsibilizatzeko eta eraso sexistei aurrea hartzeko lana egitea oraindik ere beharrezkoa delako. Era berean, adostasunaren kontzeptua planteatu dute horixe baita erasoa dagoen ala ez zehazten duen muga. “Borondate hori errespetatzen ez duten pertsonak emakumeen askatasunaren eta haien autodeterminazio sexualaren aurka ari dira”. Alkateak esan berri duenez, “BAI ez dena, EZ da, ñabardurarik gabe”.

Ildo horretatik, Juan Mari Aburtok hauxe azaldu du: “Bilbon urrats bat harago eman nahi dugu”. Gero, hauxe gaineratu du: “EZ BETI DA EZ mezua zabaltzen dugun neurri berean, beharrezko baldintzak sortzea sustatu behar dugu emakumeek, gizartearen iritziaren beldur barik, BAI esan ahal izateko, eta askatasun osoz haien iritzia aldatu ahal izateko. EZ BETI DA EZ, BAI BETI DA BAI bihurtu nahi dugu". Berdintasuneko zinegotziak hauxe gaineratu du: “Aste Nagusi jakin bat sustatu nahi dugu. Horretan andrazkook eta gizonezkook gozatu behar dugu, ez bakarrik eraso sexistarik gabeko jaiez, baita errespetuzko harremanetan, harreman libre eta berdintasunezkoetan oinarritutako jaiez ere”.

Zapatuan, abuztuak 18, jaiak hastearekin batera, Bilboko Udalak estrategia hau jarriko du abian. Horretan Udaltzaingoaren, Larrialdietako Gizarte Zerbitzuen, herritarren eta eragile sozialen esku-hartze koordinatua planteatzen da. Bilboko Udalaren ustez, herritarren rola garrantzitsua da eta alkatearen hitzetan, “Bilbo eraso sexistarik gabeko uria izatea gura badugu, behar-beharrezkoa eta nahitaezkoa da eraso sexistekiko herritarren ekintza koordinatua. Eraso sexista guztiekiko gizarte-eragileen inplikazioa, erakundeena, sistema judizialarena eta komunikabideena ere funtsezkoa da, baita erantzun sozial eta kolektiboa ere. Jarrera aktibora pasatuko gara, denon aldetik erantzuna eta konpromisoa egonik”.

IRUDI BERRIA

Abuztuaren hasieratik udala hedabideetan eta udal publizitate-euskarrietan, Aste Nagusirako eraso sexisten aurkako kanpaina berria zabaltzen hasi da. Horretan MariJaiak irudi berria estreinatuko du. Jaietako erreginak eskua luzatuta edukiko du, “NO ES NO / EZ BETI DA EZ” mezua zabaltzeko. Oraingo honetan protagonismo handia izango du eta esku txiki asko agertzen dira irudiaren hondoan, herritarrek erasoen aurka duten inplikazioa islatzeko eta aniztasunaren eta berdintasunaren alde egiteko.

BILBO ERASO SEXISTARIK GABE

Irudi berriaren osagarri, aurkezpenean kanpainarako prestatutako bideo bat eman dute ezagutzera. Horretan Juan Mari Aburto alkatea buru dela uriko pertsonaia ezagun batzuk agertzen dira, pertsona ezezagunekin batera - Itziar Urtasun, Joseba Solozabal, Teresa Abajo, Sandra Atutxa, Esmeralda Herlo, Oihane Bartra, Lander Otaola, Jone Oliban, Iñaki Williams, Ainhoa Tirapu, Javi Salgado, Aitor Elizegi, Amaia Olabarria, Saioa Dominguez eta Zorion Egileor-, erasoak gaitzesten dituztela eta aurka egiteko prest daudela azaltzeko. Aldi berean errespetuzko eta berdintasunezko harremanen aldeko mezua botatzen dute eta Bilbo eraso sexista guztiak gaitzesten dituen uria dela deklaratzen dute.

Bideo hori euskarri publikoetan proiektatutako dute;hala nola, kontzertuetako agertokietako pantailetan eta, kanpainaren gainerakoarekin batera, sare sozialetan eta udalaren web-orrian egongo da.

Nobedade modura, jai-guneko leku desberdinetan, BILBO ERASO SEXISTARIK GABEKO URIA dela iragarriko da. Gaurtik, eguenez, abuztuak 16, jaietako azken egunera arte, mezu horiek totemetan irakurri ahal izango dira. Horrela, Udalak Bilbo eraso sexistarik gabeko uria dela deklaratu du.

AREATZAKO INFORMAZIO PUNTUA

Non eta jaigunearen erdigunean, Areatzan, Arriaga Antzokiaren aurrean, txurro-dendatik hurbil, berriz ere egongo da karpa bat eta horretan informazio-puntua herritarrek kanpainaren eta, eraso sexista baten biktima edo lekukoa izanez gero, eskura dituzten baliabideen berri eduki dezaten. Informazio-puntua domekatik, abuztuak 19, zapatura, abuztuak 25, egongo da zabalik, 18:00etatik 20:30era.

Informazio-puntu horretan txapak (15000) eskatu ahalko dituzte herritarrek. Txapetan MariJaia haserre ikus daiteke. Gainera, euskaraz eta gaztelaniaz dauden 3000 informazio-gida banatuko dituzte. Gidan eraso sexistak identifikatzeko eta horiei aurrea hartzeko baliabideak zeintzuk diren jakiteko edukiak daude. Horiez gain, eraso sexistak egonez gero, jokatzeko aholkuak ematen ditu neskentzat eta mutilentzat. Gidak bertsio digitaletan ere egongo dira eta dispositibo mugikorretara deskargatu ahalko dira. Frantsesez eta ingelesez ere egongo dira web-orrian.

Era berean, egun horietan, 18:30etik 21:00etara, Bilboko Udalak profesional bi jarriko ditu informazio-puntuko taldean eta jaiguneko leku askotara joango dira erasoen aurkako mezua kuadrillei, gazteei, helduei eta familiei helarazteko;baita sentsibilizatzeko eta gomendioak eta telefono interesgarriak zabaltzeko ere.

NOLA JOKATU ERASO BAT EGONEZ GERO

Ekimen berriak aurreko urteetatik datozen akordioei gehitu behar zaizkie. Lehendik dator Aste Nagusian eraso sexualak egonez gero aholkuak emateko eta jokatzeko protokoloa, jaietan parte hartzen duten gizarte-eragile guztien artean zabalduko dena;hau da, Bilboko Konpartsak eta dendari eta ostalari-elkarteen artean zabalduko da protokoloa.

Gainera, Bilboko Udalak, Zazpi Kaleetako, San Frantziskoko, Bilbo Zaharreko, Zabalako, Santutxuko, Txurdinagako, Otxarkoagako eta Bilboren erdialdeko merkatari eta ostalarien elkarteekin elkarlanean, “EZ beti da EZ. NO es NO” lema duten 400.0000 ezpain-paper banatuko ditu.

Horrez gain, denda eta tabernetan 15.000 txartel banatuko dituzte. Horietan erasoak egonez gero, erabil daitezkeen telefono-zenbaki hauek agertzen dira:

Udaltzaingoa eta Larrialdiak: 092 eta 112Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzua: 94 470 14 60Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Saila: 94 420 48 38

ARRETA EGUNEKO 24 ORDUETAN, URTEKO 365 EGUNETAN

Berdintasun, Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako Sailetik gogorarazi dute indarkeria matxisten edozein agerpen ekiditeko prebentzio eta sentsibilizazio-programak garatzen urte guztian lan egiten dutela. Gazteei begira hainbat ekintza burutzen dira;hala nola, ikastetxeetan egiten diren tailerren bidez eta uriko gizarte-eragileekin sarean lan eginez, Andre Ta Jabe programaz, auzoetako jaietan prebentzioa eta sentsibilizazioa lantzeko Tonbola 0.0 estrategiaz eta Bilbao BBK Live jaialdian abian jarritako kanpainaz.

Eraso bat izanez gero, udalak behar duten emakumeei arreta eskaintzen die eguneko 24 orduetan, urteko 365 egunetan, Gizarte Larrialdietako Udal Zerbitzuen (GLUZ) eta Udaltzaingoaren bidez. Era berean, Berdintasun Zerbitzuak badu arlo psikologikoan eta juridikoan lagun egiteko zerbitzu bat erasoa jasan duen emakumearentzat eta haren senideentzat.

Secciones