Zirrikituetatik begira

Eraikina

Juanjo Olasagarre - Sábado, 18 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 06:00h.

EZKERRARI Zesarren andreari eskatutakoa eskatzen zaio, aratza izateaz gain aratz iruditu behar duela. Argudio hori eskuineko norbaitek erabiltzen duenean, gainera, ziniko bihurtzen da nahiz eta eskuinak trebezia gutxi izan bere buruaren zinismoa ikusteko. Ana Gabrielek Suitzara hanka egin zuenean, Iñaki Anasagasti jaunak Gabrielen antikapitalismoa eta Suitzaren paradisu fiskal izaera alderatu zituen diputatu katalanaren koherentzia gabezia azpimarratzeko.

Eskuineko hainbatek uste izaten du norbait ezkerrekoa izateagatik ezin dela kapitalismoaren onurez, demagun, soldata publiko bat jasotzeaz, esaterako, baliatu.

Hala ere, ezkerrak badu eskuinak ez duen muga bat, aldarrikatzen duena, kapitalismoaren bukaera, aberatasunaren banaketa justuagoa, esaterako, aurrera eramatea eskatzen zaio, edo nahi baduzue, aurrera eramaten ari delako itxurak egitea.

Demagun Evo Morales ezkerrekoa dela eta demagun eraiki duela La Pazen, katedralaren ondoan, La casa grande del pueblo 29 solairuko mutxoasmoko dorre erraldoia, dena kristala eta porlana. Bertan gobernuaren egoitza izateaz gain presidentearendako etxea dago;bi solairu hartzen ditu eta gimnasioa, sauna eta abar ditu. Eskuinekoak berehala hasi dira fifaka argudio anasagastiarrekin baina baita ezkerrekoak. Eraikinari ponperia dario, eta inguruko arkitekturarekin bat ez etortzeak boterearen erakusgarri izateko jaioa dela adierazten du.

Evo Moralesek lehengo aldiz Bolivian aintzat hartu ditu aimarak gobernatzeko orduan, aberastasunaren banaketa egokiagoa egiten ari da, Boliviak hobe kudeatzen ditu baliabide natural izugarriak. Baina gobernuari kosta egiten zaio politika feministak ezartzea, Maria Galindez aktibista feminista lesbiarraren adierazpenak lekuko, edo homosexualitatea onartzea. Alegia, Evo Moralesek ezkerreko guztiek bezala akatsak ditu. Horregatik etxean sauna izateko eskubidea izan baduen arren, horrek ez dio laguntzen iruditzen.

Mugicak ez zuen dorre erraldoirik eraiki Motenvideon, ez zuen sauna beharrik izan eta Anasagasti bera isilduko lukeen koherentziaz jardun zuen presidente izan zenean. Izan eta iruditu, gauza bera egin zituen.