zinemaldia

Garrel, Liu Jie, Novotny, Strickland eta Van Groeningen gehitu dira Urrezko Maskorra lortzeko lehian

L’homme fidèle / A Faithful Man (Louis Garrel), Baby (Liu Jie), Alpha, the Right to Kill (Brillante Mendoza), In Fabric (Peter Strickland), Beautiful Boy (Felix Van Groeningen) eta Blind Spot (Tuva Novotny) opera prima ere sartu dira 66. Donostia Zinemaldian Urrezko Maskorra lortzeko hautagaien zerrendan.

deia.eus - Domingo, 19 de Agosto de 2018 - Actualizado a las 18:49h.

DONOSTIA. Hala, Zinemaldiko sari ofizialak lortzeko lehian, Icíar Bollaín, Claire Denis, Simon Jaquemet, Kim Jee-woon, Naomi Kawase, Isaki Lacuesta, Benjamín Naishtat, Valeria Sarmiento, Rodrigo Sorogoyen, Markus Schleinzer, Juan Vera eta Carlo Vermuten lanei gehitu zaizkie sei ekoizpen horiek.

Louis Garrel (Paris, 1983) frantses aktore eta errealizadoreak zuzendu duen bigarren film luzea aurkeztuko du, Les deux amis / Two friends (2015) opera primarekin Canneseko Kritikaren Asteko aukeran sartu eta gero. Garrel, zeina Bertolucci, Bonello, Hazanavicius eta Honorérekin aritu baita lanean, L’homme fidèle filmeko protagonistetako bat izango da, Laetitia Castarekin eta Lily-Rose Deppekin batera.

Liu Jiek (Tianjin, Txina, 1968) Veneziako Orizzonti saria irabazi zuen bere lehen lanarekin (Mabei shang de fating / Courthouse on Horseback), eta 19 urteko gazte baten istorioari heldu dio Bao bei er / Baby filmean. Gaixo dagoen haur bat salbatzen saiatuko da.

Cannesen, Berlinen eta Venezian lehiatu eta gero, Brillante Mendozak (San Fernando, Filipinak, 1960) lehenengo aldiz parte hartuko du Donostiako lehian, Alpha: The Right to Kill filmarekin. Filipinetako gobernuaren drogen aurkako borroka da filmaren testuingurua. Iaz Zuzendari Berriak sailean ekoizle gisa lehiatu zen Mendoza, Daniel Palacioren lehen lanarekin (Pailalim / Underground).

Tuva Novotny (Stockholm, 1979) suediar aktorea, Annihilation eta Borg / McEnroe (Perlak, 2017) filmen protagonista duela gutxi, zuzendaritza zinematografikoan estreinatu da Blind Spot filmarekin. Lan horretan puntu itsu psikologikoei buruzko istorio bat jorratu du, ama baten eta alaba baten arteko harremanaren bitartez.

Peter Strickland (Reading, Erresuma Batua, 1973) kultu-egile bihurtu da hiru film soilik egin arren: Katalin Varga (2009), Berlinen lehiatutako filma, Europako Zinemaren Sarietan aurkikuntzatzat jotakoa;Berberian Sound Studio (2012), Locarnon lehiatutakoa;eta The Duke of Burgundy (2014). Haren laugarren fikzio-filmean, In Fabric-en, soineko madarikatu baten ibilbideari jarraituko dio.

Beautiful Boy Felix Van Groeningenek (Gante, Belgika, 1977)ingelesez filmatutako lehenengo lana da. Aurrez, De helaasheid der dingen / The Misfortunates (2009)aurkeztu zuen Errealizadoreen Hamabostaldian, eta Alabama Monroe (2013) Berlinaleko Panorama sailean, non Publikoaren Saria irabazi baitzuen. Gainera, atzerriko film onenaren Oscar sarirako izendatu zuten. Beautiful Boy filmaren oinarria benetako istorio bat da: aita batek semea drogetatik ateratzeko aurrera eraman zuen borroka. Steve Carellek eta Timothée Chamaletek antzeztu dute, eta Moonlight eta 12 Years a Slave filmengatik Oscar saria irabazi zuten produktoreek ekoitzi (Brad Pitt, Dede Gardner eta Jeremy Kleiner).

Zinemaldirako hilabete falta denean, jadanik ezagutzen ditugu lehiatuko diren hemezortzi filmak, lehiaketaz kanpo parte hartuko dutenak (Gigantes) eta proiekzio bereziak (Tiempo después eta Dantza). Amaierako filma hurrengo asteetan jakinaraziko da.